Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urtarrila »  Iritziak »  Maiatzeko udal hauteskueez hausnartzen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen

Maiatzeko udal hauteskueez hausnartzen

GAIA: ‘Maiatzeko udal hauteskundeak’. Zein da azken urteetako balorazioa? Nolakoak izango dira hauteskundeak? Zilegitasunik ba al dute Batasunak ezin badu aurkeztu?...

Orain arte bezala, azpeitiarrek EAJ-PNV gogoan izango dute

Azpeitiko udaletxean, EAJ-PNV alderdiak 24 urte damaramazki gobernatzen, eta azkenengo 18 urtetan alderdikide den Jose Mari Bastida izan da alkatea.

Urte hauek guztietako balorazioa, esaldi batean laburtuz, zera izango litzateke: Azpeitian aspaldian lan asko egin dela. Begiratu bestela, Azpeitia nola ari garen jartzen, etxebizitza piloa egin da... Gaur egun badago hutsune bat: Babes Ofizialeko Etxebizitzarik ez dela egin aspaldian Azpeitian, azkenak Damaso Azkueko etxebizitzak egin baitziren. Baina gai honetan ere lanean ari gara; ahalegina egiten ari gara, eta ea laster hasten diren babes ofizialeko etxebizitzak egiten. Dagoeneko udala lur-jabeekin-eta hizketan hasia da. Udalean une hauetan aurtengo udal aurrekontuak lantzen lanean ari dira, eta laster onartua izango da.

Orain berriz, hauteskunde berriak datozela-eta hauteskundeei begira ere lanean ari gara. Oraindik ez daukagu maiatzeko udal hauteskundeetako zerrendarik, Azpeitiko EAJko batzarrean gaia landu eta onartu gabe baitago. Gu, egunotan, EAJko Azpeitiko mahaian lanean ari gara zerrendarekin. Gero, alderdikideen batzarrera eramango dugu, eta batzarraren onespena jaso beharko du zerrendak. Iruditzen zait hil honetan (urtarrilean) dena onartuta egongo dela, eta ezagutzera emango dela, gainean baititugu hauteskundeak.

KOALIZIOA. Maiatzeko udal hauteskundeei begira Azpeitiko Eusko Alkartasunarekin hizketan aritu gara, guk ahalegina egin dugu zerbait bateratua egiteko; eta hala nahi genuen. Baina, gaur egun, badirudi ezinezkoa dela. Nahiz eta gu Azpeitian EArekin hizketan aritu, goi mailan ez dira konpondu, eta ez du ematen konpontzeko esperantza handirik dagoenik. Gu geu gustora joango ginateke batera. Azpeitiko Eusko Alkartasunarekin udaletxean akordio bat eginda gobernatu dugu azken lau urteotan, eta gerora ere akordio bat egiteko aukera izango dela uste dugu, baina ikusiko dugu... Guk elkarrekin joan nahi genuen, eta ez Azpeitian bakarrik, leku guztietan baizik.

Azkenengo hauteskundeak izan zirenean, Azpeitian botuen %67a lortu genuen —EAJ eta EA-k elkarrekin— eta hori horrela ikusita… Baina dirudienez, ezin da beste ezer egin.

Esan bezala, hegemonia EAJ-PNV alderdiak izan du Azpeitiko Udalean hogeitaka urtean. Lehenik hegemonia osoarekin, eta ge-rora —ez ginen heltzen gehiengo absolutura— Azpeitiko Eusko Alkartasuna alderdiarekin lortutako akordioen bidez, boterean izan gara.

Gu hasi ginenean, 1979an, Azpeitian 11 zinegotzi atera genituen, eta bigarrengo hauteskundeetan 12 atera zituen EAJ-PNV-k. Gero, zatiketa gertatu zen alderdi barruan, eta bi zatitan banatu ginen. Azkenengo udal hauteskundeetan, EAJren eta EAren artean 11 zinegotzi lortzen jarraitu dugu. Lehen ere, bat ginela, 11 atera genituen. Alderdia zatitu zenetik gaur egunera arte, zaila izan da bederatzi zinegotzi lortzea. Orain arte, akordioak eginez aurrera egin dugu. Ez dakit posible izango den akordio batera heltzea, baina guk behintzat ahalegina egingo dugu. Baina, aurretik, bederatzi zinegotzi ateratzeko ahalegina egingo dugu, gure helburua hori baita, bederatzi zinegotzi lortzea Azpeitiko Udalean; bederatzi zinegotzirekin gehiengo absolutua lortuko genuke. Azpeitiko herriak orain arte EAJ-PNV alderdia gogoan izan du, eta espero dugu datozen maiatzeko udal hauteskundeetan ere hala izango dela; gu ahaleginduko gara gauzak ondo egiten.

PROGRAMAREN ARDATZAK. Gaur egun Azpeitian egin nahi diren proiektu edo egitasmo handiak aurrera doaz Azpeitiko Udalean; hau da, udalak lehen pausoak emanak ditu proiektu hauek bideratzeko asmoz. Loiola-Biden, Azpeititik Loiolara artean egin nahi den zaharrentzako-eta zentru handia; Babes Ofizialeko Etxebizitzen egitasmoa ere lantzen ari gara; eta Azpeitiko saihesbidea. Hiru ardatz nagusi daude, beraz: saihesbidea, Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta Loiolarako bidean egin asmo den zaharrentzako etxea. Gaur egun aurreneko urratsak emanda daude hiru egitasmoetan. Beraz, lanean hasiak gara.

HAUTESKUNDEAK. Hauteskunde hauek garrantzi handia dute EAJ-PNV-rentzat. Eta, bakarrik joaten baldin bagara, garrantzia handiagoa izango dute. Hauek izango baitira datozen hauteskundeetarako erreferentzia, hau da, maiatzeko hauteskunde hauetan ikusiko da kontuak nola dauden. Hemen gorabehera handia dago, Batasuna nola gelditzen den, ilegalizatu ez ilegalizatu, nola datorren, zer egingo duen... Kontu horiek guztiak aztertzeko daude. Oraindik ez dut uste inork dakienik maiatzeko hauteskundeak nola joango diren, gauzak dauden bezala egonda, gauza asko pasatu daitezke. Eta dagoeneko urte berria hasi dugunez, urte berri on bat opa dizuet guztioi.

Ramon Etxeberria (Azpeitiko EAJko mahaiburua)

Hauteskundeak gainean, azpeitiko udalera begira

Esaten da, euskaldunok politikoki anitzak garela, eta pentsatzen dut alderdi politiko bakoitzak bere mezu eta egitasmo edo proiektu propioak aurkeztu beharko lituzketela hautesleriari, batez ere indar “constitucional” deritzanak abertzaleen gehiengoa arriskuan ez dauden herrietan, kasu Azpeitia eta inguruan. Ondoren paktuen bidez lortuko litzateke elkartzea, orain gertatzen den moduan. Hau da nire iritzi pertsonala, baina aitortu behar dut hau ez dela nire inguruan somatzen dudan giroa. Alderdietatik at dagoen jende arruntari, elkarrekin batera joateko gogoa nabari diot, bestela botoa emateko ilusioa galdu eta zenbaitzuk abstenitu ere egingo lirateke, eta irizpide hau beste lekuetan ere orokorra balitz, bi alderdiak kontutan hartu beharko lukete, eta orain etena dagoen elkarrizketa berriro ere abian jarri. Hori bai, paktuak akordioa esan nahi du, adostasuna, bakoitzaren neurri eta proportzioen arabera, eta ez prepotentzi edo inposaketa.

UDALAREN LANA. Azpeitiko Udaletxean egin beharreko lanaren inguruan bi puntu azpimarratuko nituzke. Lehendabizi, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzea lehen bait lehen. Urte askotxo baitira jada horrelako etxebizitza berririk egin gabe, eta zenbait sektoreen eskaerak gero eta ozenagoak dira. Etxebizitza asko eraiki dira baina beren prezioak gaur egun ezinezkoak gertatzen dira gazteentzat, langile sektore handi batentzat eta abar, euren irabaziek ez dietelako horretarako ematen. Badakit, aspalditik udalak badaukala San Migel aldean eta alde zaharrean babes sozialeko etxeak egiteko egitasmoa, eta honek lehentasuna eduki behar luke beste ekintza guztien gainetik. Bigarrenik, Basozabal eraikina herriko talde guzientzako prestatu eta zabaldu beharko litzateke; ekintza sozialetako, talde politiko, kultural, kirol, aisialdi eta abarretarako irekia. Badakit, baita ere, hau horrela paperean ipintzea oso erraza dela, eta gai konfliktiboa dela hainbat eta hainbat herritan. Baina pentsatzen dut nonbaiten ondo funtzionatuko duela eta hango barne arautegi berdintsu bat ezarri beharko litzatekeela hemen ere. Gazteek ere onartu beharko dute barne arautze bat, eta Udalaren ardura zaintze edo behategi bat erregelak betetzen diren edo ez jakiteko. Uste dut alde denak beren jarrerak malgutu eta bigundu ezkero akordiotara iritsi litekeela.

AZKEN URTEOTAKO LANA. Zaila da kanpotik udalak azken urtetotan egindako lanaren balorazio zehatza egitea, eta gauzak behar diren moduan ez ezagutzeak zaildu eta iritzi okerrak emateko arriskua du. Hala ere, ez dut galdera hau saihestu nahi, eta esango nuke denetarik dagoela, ekintza positibo eta onak eta baita ere bestelakoak. Onen artean: espaloiak ezinduei egokitzea. Uste dut Azpeitia izan zela ekintza honetan aurrena, eta beste herrietako udalentzat eredugarri gainera. Bestalde, herria oso txukun eta garbi mantentzen da, lorategiak, urbanizazioak, eta abar nabarmentzen direnak dira. Haur, gaztetxo eta nerabeek ere ondo hornituak daude, eta uste dut baserritarrak ere hala daudela. Hutsuneen artean, aldiz: aurrez aipaturiko etxebizitza sozialak eraikitzea eta Basozabal eraikinen erabilera irekia, zabala eta anitza elkarte eta talde guztientzat. Udalaren eta gazte talde baten artean dagon gatazka ere konpontzekoa litzateke, eta horretarako Basozabal abian jartzeak lagundu lezake, eta lehen esan dudan eran elkarren arteko jarrerak malgutuaz egoera hori gainditu beharko litzatekeela uste dut.

EZKER ABERTZALEA. Espero eta nahiko nuke, orain Sozia-lista Abertzaleak deritzan alderdia hauteskundetara aurkeztu ahal izatea. Gogoan dudanez, hasiera batetan herri bakoitzean koalizio moduko formazio bat aurkezteko asmoa zegoen, herri bakoitzean izen desberdinarekin, eta horretarako izenpe edo sinadura pilo bat jaso behar izaten zuten. Horrek, noski, ahalegin handi bat eskatzen du herriz herri sinadura pilo bat eskuratzea. Baina lehen egin bazen gaur egun baino antolakuntza gutxiagorekin, orain zergatik ez?. Uste dut, SAk jakingo duela irtenbideren bat aurkitzen. Ez baluke aurkezterik izango, gure herri honetan dagoen katramila areagotuko litzateke, eta batzuk hainbat aldiz ahotan erabiltzen duten “demokrazia” lehenaz gain hankaz gora jarriko dute. Horretara, hauteskunde horiek behar den zilegitasunik ez lukete izango, baina abertzaleak ezin diegu etsaiei kanpo-librea utzi, ez eta gutxiago ere, beraiek horixe nahi izango lukete eta. Bai, aurkeztu behar da, ezin gintezke horien amarru eta sareetan erori.

Higinio Oiartzabal

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak