Gai Librien
Uztarria, iritzien gunea
Alaitz Olaizola
Baneukan gogoa urte berrian sartzeko! Ba-nekien egun batetik besterako jauziarekin ez zela ezer berezirik jazoko, baina kitto, zaharra atzean uztearen sentipena izatearekin konformatzen naiz. Geldoa, makal eta aspergarria izan den urte batetik, emozioz betetako batera salto egitea nahiko nuke, esnatze pertsonal eta kolektibo batera.
Hau guztia kontuan izanda, aldizkari honi buruzko iruzkin bat eginez hasi nahiko nuke nire aurtengo lehen idatzia.
Uztarriaren azken aleetan, diru laguntzak direla eta, udalarekin izandako buruhausteen berri izan dugu. Alegia, eskatutako diru laguntzei baiezkoa eman zitzaiela hasieran. Gero, agindutakoa ezetz eta azkenean, baietz. Hau, horrela, oso modu arinean esanda. Gehiago jakin nahi duenak, honi buruzko informazioa topatuko du aurreko aleetan, baita uztarria.com webgunean ere.
Azken honetan, laguntzak direla eta, hainbat pertsonen iritziak irakurri ahal izan ditut eta inoiz neurea ematera tentatua egon banaiz ere, eztabaidetan sartzeko gero eta gogo gutxiago daukadanez, behin eta bakarra emateko aukera izanik, hilero-hilero Uztarria azpeitiarron etxeetara heltzea ahalbidetzen dutenei, nire zorionik beroena eman nahi nieke.
Udalaren portaera, gutako askori ulertezina askotan egiten zaigu, hainbat arlotan noski. Kulturari dagokionez ere, bene-benetan jorratzen hasten direnean, herri mugimenduari jarraikiz, ekintzak bestelakoak izaten hasiko dira, eta ekintzetatik jasoko dira emaitzak.
Uztarria herri aldizkari eta web orriari lau sos emateko, eztabaida handiak sortu behar badira, apaga y vamonos!
Batzuren ahaleginari esker, Azpeitia eta azpeitiarron berri izatea gustuko dugunok, asko garela ja-kinda, ia-ia musutruk eskaintzen digutenari ere oztopoak jarri behar badizkiogu, ez daukagu benetan zertan denbora pasatu!
Asko dira laguntzak jaso beharrean dauden taldeak eta hori ez dugu ahaztu behar baina horrek ez du esan nahi, nire uste apalean behintzat, Uztarriaren kasuan, konparaketetara eraman behar gaituenik, nahi izanez gero, denentzako iritsiko litzatekeelako.
Lanaren emaitza begibistakoa da eta eztabaida alferrek ez gaituzte inora eramango.
Ez naiz kalean inkesta egiten aritu ea Uztarriara zenbat jende hurbiltzen den jakiteko. Aldizkarian jendearen partaidetza nabarmendu egiten da eta webgunean berriz, sartzen naizen bakoitzean —eta hau ia egunero egiten dut— edozein gairen inguruko iritzi desberdinekin topo egiten dut, kaleko jendeak emandako iritziekin. Honek, harritu egiten nau, harridura atsegina sortzen dit. Hor bueltaka batzuren batzuk badabiltzala seinale da, modu ba-tekoak edo bestekoak, gustukoak edo ez, baina hor. Gaur egun, iritziak eman eta besteenak irakurtzeko gune bat izatea ezinbestekoa da Azpeitia bezalako herri batean. Eta orain, aukera eskaintzen zaigunean, bizkarra emateko moduan al gaude? Zertan hobetu badagoenez, helburu horiei heltzea hobe.
Uztarria herri aldizkaria, kolektibo baten esnatzearen emaitza badela dirudi. Nik ez dut dudarik egiten eta gaitasuna badagoela ikusita, ekar ditzala urte berriak esnatze eta jaiotze berri oparoak!
|