Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urtarrila »  Danborrada arautua, handitua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita

Danborrada arautua, handitua

Nerea Uranga

San Sebastian bezperako helduen danborradak araudi berria izango du, eta talde berriek parte hartzeko aukera bermatu da

Helduen danborradak talde bat gehiago izango du aurten, Julian Barrenetxea Abesbatza. Denera, 18 talde. Araudi bat ere izango du, orain arte ez bezala, Udalak eta helduen danborradako batzordeak erabakita.

Javier Beobide (Udaleko Festa batzordeburua)

“Araudiaren helburua liskarrik ez sortzea da”

Jabier Beobidek, Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak, bi konpromiso hartu zituen iaz talde berriarekin eta helduen danborradako batzordearekin, San Sebastian bezperako danborradan talde berri batek, Julian Barrenetxea Abesbatzak, parte hartu nahi zuela-eta sortutako liskarraren ondorioz. Aurten, San Sebastian bezperako helduen danborradan parte hartu nahi zuten talde berrientzat deialdi ireki bat egingo zela eta araudi bat osatu eta onartuko zela hitz eman zuen. Araudia eginda dago, udaleko Festa Batzordearen onespena du, baita helduen danborradako batzordearena ere, eta Gabonen aurretik udalbatzan onartzekoa zen. “Helduen danborradako araudi bat egitearen helburua da iaz sortu zen bezalako liskarrik ez sortzea”, dio Beobidek. Halaxe, bada, Jabier Beobidek araudiaren zirriborro bat egin zuen, eta danborradako batzordean eztabaidatu zen. “Danborradako 10-11 elkartetako ordezkariekin lau batzar egin ditut, hauen proposamenak jaso ditut eta araudi berriak gehiengoaren onespena jaso du. Araudiaren arabera, udala da danborradaren arduradun nagusia, baina udalak erabakiak hartu behar baditu ere, danborradako elkarteen batzordearekin adostasun batera heldu beharko luke”, dio araudiaren baitan. “Pozik” dago Jabier Beobide, aurten helduen danborradaren inguruan eman diren pausoekin, eta umeen danborradarako ere araudi bat egiteko pausoak ematen hasi nahi du orain, umeek ere ez baitute araudirik.

Manuel Garcia ‘Mane’ (Sanjuandegi taldeko zuzendaria)

“Arautegiak ez ditut gustuko, baina onerako bada ondo”

.1992an atera zen, aurrenekoz, Sanjuandegi taldea San Sebastian bezperako danborradan. Aurten 11 urte beteko ditu, beraz. Manuel Garcia Mane-k ere 11 urte beteko ditu taldea zuzentzen. Manek gustuko ditu benetan Sansebastianak: “Jai politenak dira. Txiki-txikitatik, danborrada entzutearekin batera, emozionatu egiten naiz. Benetan serio hartzen dut danborrada”. Danborradako batzordeko azken bileran ez zela izan dio Manek, eta arautegiaren berri egunkarian irakurri eta gero izan zuela. Baina arautegiak ez ditu gustuko: “Niri arautegiak ez zaizkit gustatzen, baina, denen onerako baldin bada, ondo dago. Dena ondo irtetea da politena”.

Jose Ignacio Agirre (Lagun Onak M.B. taldearen danborradako zuzendaria)

“Araudiarekin denek parte hartzeko aukera izango dute”

Jose Ignacio Arregik 28 urte beteko ditu aurten Lagun Onak Mendi Bazkunako danborrada taldean zuzendari; mendizaleen taldeak danborradako helduen taldea bera sortu zuenetik da zuzendari. Danborradako elkarteen batzordean ez du zuzenean parte hartzen, mendizaleen elkartekoak baitute ordezkaritza batzordean. Baina Jose Ignacioren ustez, onartu berri den danborradako araudi berriak “denek parte hartzeko aukera” emango du. “Guk gure garaian danborradan parte hartzeko aukera izan genuen bezalaxe, orain talde berriek ere parte hartzeko aukera izango dute. Dena dela, parte-hartzea zabaltzeak, aurrera begira, danborradaren aldaketa ekarriko du, leku arazoa baitago”. Juan Ignaciorentzat, Sansebastianak jai “onenak” dira, jaietan zuzenean parte hartzen duelako.

Joxe Carapeto (Irrintzi Elkarteko zuzendaria)

“Jendeari irteteko aukera ematea ondo iruditzen zait”

.1975etik ateratzen da Joxe Carapeto Irrintzi Elkartearen danborradako taldean, zuzendari. Araudi berriaren berri egunkarian irakurrita izan du, ez baita izan danborradako batzordearen azken batzarretan. Helduen danborradan araudi bat jartzea “ondo” ikusten du. “Jendeari irteteko aukera emateko araudi bat jartzea egokia dela iruditzen zait. Gero, aurrera begira, beste kontu batzuei irtenbidea emateko balioko badu, ondo dago. Jendeari danborradan irteteko aukera eman behar zaio”. San Sebasti-an jaiak gogoko ditu Joxek, batez ere bezpera. “Bezpera egun ederra da. Niri, gehien gustatzen zaidan jaia da: danborradagatik, lagun giroagatik, gero emaztearekin danborrada ondoren pare bat trago...; festa ederra da”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak