Atletismoa
New York hankapean
Enekoitz Esnaola
Joxe Agustin Lizarraldek munduko maratoirik ospetsuenean hartu zuen parte azaroaren 3an, eta “ametsa beteta” eta liluratuta itzuli da hango giroa ikusita.
Azaroak 3. New York. Goizeko zazpirak. Lau gradu. 32.000 lasterkalari maratoiko irteera puntuan. Haien artean, azpeitiar bat: Joxe Agustin Lizarralde. “Bai, han ginen proba hasi baino lau ordu lehenago irteera puntuan, antolatzaileek behartu egiten zaituztelako”. Kafea, pastak… zituzten irteera puntuan, “baina egundoko ilarak zeuden eta ez genuen ezer hartu”, dio Lizarraldek. Azkoitiar lagun batekin batera irten zuen New Yorken —Alberto Zufiriarekin— eta beste dozena bat euskaldunekin ere bildu zen. Guztiek entzun behar izan zuten proba hasiera baino lehenago Ameriketako Estatu Batuetako ereserkia. “Jarri zuten Frank Sinatra altu-altu eta han egon ginen noiz bukatuko”. Ereserkia amaitu, kainoiak jo eta 11:15ean hasiera. “Ametsa egia bihurtzen hasi nintzen”. Eta ondo bukatu zuen: 3.15.06ko denbora eta 1.456. postua (%95ek bukatu zuen).
Ondo prestatu baitzuen maratoia. “Baneramatzan urte batzuk karrera horrekin pentsatzen. Orain dela urtebete berotu ginen eta halaxe eman genuen izena”. Maratoi horrek muga bat izaten du partehartzaile kopuru aldetik, eta 30.000 inguruan jartzen dute muga hori. Joxe Agustinek, ordea, ez zuen arazorik izan dortsala lortzeko; nahiz eta aurretik inoiz maratoirik korritu gabea zen, Behobia-Donostian iaz egindako 1.18.22ko denbora nahikoa izan zuen.
Azkeneko hiru hilabeteak bereziki prestatu zituen, prestatzaile fisiko baten aginduetara. “Oso beharrezkoa da hori, maratoia ez delako edozer gauza”. Hogeita hamargarren kilometroari zion beldurra Joxe Agustinek, “hortik aurrera zer ote dago?” galdetzen delako eta ez zekielako aguantatuko al zuen. “Baina primeran aguantatu nuen, nik uste baino errazago”.
Brooklyn auzoa. Txundituta itzuli da New Yorketik. “Sinestezina da hura. Izugarria! Ez zait inoiz ahaztuko bigarren milian Brooklynen sartu ginen unea —han miliaka kontatzen da; 26,2 ditu maratoiak—; beltzak nagusi diren auzoa da, dena bete-betea zegoen, eta nola animatzen zuten!: abesten, musika joz, bakoitza bere antzezpena eginez… Harrigarria! Gero judutarren auzoan sartu ginen, eta hauek ezta animatu ere, eta, gainera, gutxi zeuden ikusten; eskerrak milia bateko auzoa zen…”.
“Film” bat balitz bezala definitzen du Joxe Agustin Lizarraldek New Yorkeko maratoia. “Pelikula batean banengo bezala sentitu nintzen, pelikulatako gauzak, tokiak ikusten nituelako lasterka ari nintzen bitartean. Eta dena da hain handia! Akordatzen naiz nola esan nion azkoitiarrari zubi batetik jaitsi eta Queenboro etorbidean sartu ginenean: ‘Ikusten al duk hau, Alberto? Hau ez duk bukatzen! Hau ez duk Loiolako avenidie!’. Egun handia da han, baina bertako gutxik irteten du”.
Beretzat ere “egun handia” izan zen, eta atzera joateko tentatuta dago. Hasi da prestatzen, azaroaren 24an ere Donostiako maratoia korritu (3.18.00) baitzuen!
|