Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abendua »  “Oraindik ere idazten dut apurtxo bat”

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Enrike Zurutuza

“Oraindik ere idazten dut apurtxo bat”

Nerea Uranga

Sortzez ataundarra da Enrike Zurutuza, eta sentimenduz azpeitiarra. 50 urtean bizibide albaitaritza izan du. Eta albaitaritzako testu zientifikoak idazten hasi eta literaturan ere mugildu izan da

 
 
 
 
 
 

Udal liburutegian egin genuen topo Enrikerekin. Egunero ez bada ere sarritan joan ohi da bertara, egunkariak irakurtzera edota libururen bat kontsultatzera. Hitzordua jarri eta hurrengoan bere etxean, laneko gelan egon ginen berriketan eta bere argazkiak ikusten. Laneko gela: mahai handia erdian, inguruan bi eserleku, aldamen batean ordenagailua eta aurrean liburutegia. Txoko batean, berriz, Azpeitiko Udalak omenaldia egin zionean eskainitako zurezko eskultura: albaitaria txahal bat auskultatzen. Nola ez ba, bizibide albaitaritza izan baitu ia 50 urtean. Ataundik albaitaritzak ekarri zuen Enrike Azpeitira.

-Baserritik unibertsitatera. Nola eman zenuen pauso hori?

Baserritarra eta maiorazgoa, seme bakarra bainaiz. Hortik atera kontuak. Mutilkozkorra nintzela, maixu erdalduna geneukan, nafarra. Ataungo herriak apropos maixu hori ekarri zuen, guk txikitan gazteleraz ikasteagatik. Harekin gazteleraz derrigor egin behar zen. Lokarri bat ipintzen zigun eskumuturrean eta iluntzean lokarri hura eskumuturrean zuela agertzen zena zigortua izaten zen. Guk lokarri hura euskaraz entzuten genuen ikaskideari jarri behar izaten genion. Elkar zaintzen genuen, beharko. Holaxe ikasi genuen gazteleraz.

Maixua, eskolak bukatutakoan paseo bat egitera joaten zen eta gure aitazana baserrian lanean ari zela, Andres zuen izena aitazanak. Maixuak, galdegin zion, ea nirekin zer egitea pentsatzen zuten. Aitak erantzun, baserrian lanean jarraitu beharko nuela. Baina, maixuak ikasketetan zerbait egiteko baldintzak banituela esan eta halaxe, aitak lagundu nindutela erantzun zion. Gure etxean beti izan dira karreradunak, zerbait eskuartedunak ziren eta. Karreradunak beti izan dira, baina albaitaria ni bakarrik.

-Orduan etxean ere laguntza jaso zenuen ikasketetan aurrera jarraitzeko.

Bai, hala da. Aitazanak batxilerra egitera Beasaingo Hermanos de las Escuelas Cristianas ikastetxera eraman ninduen, gaur egun La Sallekoak deitzen zaie. Han Sukia kardenala izan nuen ikaslaguna, la-gun mina gainera. Handik, akademia partikular batera joan nintzen, Ordiziara. Sei urteko batxilerra bost urtean egin nuen, neure kasa egin bainuen, udak eta ikasten emanaz, gero azterketak egitera Gastei-zera joaten nintzen.

-Batxilerra bukatu ostean Zaragozara, albaitari ikasketak egitera. Pauso gogorra izan al zen?

Baserritik unibertsitatera, hori maila gogorra zen gero, han galduta sentitzen zara. Baina ez nintzen horren gaizki ibili, euskaldun batzuk bazeuden han, eta haiengana hurbiltzen nintzen. Ataungoak ere bazeuden gainera. Ataunek herritar asko ditu tituludunak, herri txiki-txiki bat izanda Azpeitiaren aldean asko ditu tituludunak.

-Eta ikasketak ondo?

Bai, dozena bat matrikula baino gehiago atera nituen.

-Baina unibertsitatean ari zinela Espainiako 1936ko Gerra Zibila hasi zen.

Bai hain zuzen uztailaren 18an sortu zen. Ordurako, ikastaroa bukatu eta etxera etorriak ginen. Une bertatik, unibertsitateak itxi zituzten eta nik oraindik bi urte falta nituen ikasketak bukatzeko, baina udazkenean itzultzerik ez zuen izan. Ataungo herria Nafarroa inguruan dagoenez, berehala sartu ziren erreketeak. Eta kitak soldaduak eramaten hasi ere bai. Lehenengo 36koa eraman zuten, gero 37koa, eta ni 38koa nintzen. Hau ikusita, bolondres aurkeztu nintzen. Bolondres aurkeztean nahi zenduan gorputza aukeratzea baitzegoen, eta nik albaitaritza uakeratu nuen, gerrako frontean tiroka ez ibiltzeagatik.

Hain zuzen, Azpeitian sartu nintzen albaitarien taldean, hemen bertan bait zeuden. Burgosko koartel nagusira bidali ninduten, eta ganadutegi handi batean mando eta zaldiak sndatzen ipini. Makinatxo bat ebakuntza egin genuen, eta aitortu beharra daukat, nere lanbidearren etorkizunari begira oso esperientzia baliagarria izan zela hura.

Iparraldeko frontea bukatu zenean, Piririneo aldera bidali ninduten eta azkenean Madril aldera, baina haruntza iristerako gerra bukatu egin zen. Zorionez.

-Gerra bukatu eta berriro unibertsitatera.

Bai, baina hiru urtean elkar ikusi gabe egon ondoren tristea izan zen bueltko sarrera. Ikusi orduko elkar sutsu besarkatzen genuen. Baina hutsgune nabarmenak ageri ziren. galdezka hasten zinen, halako non da?... Frontean hil zuten... Eta beste halako?... Afusilatu egin zuten... Benetan sarrera gogangarri tristea.

-Unibertsitateko ikasketak bukatu eta Azpeitiko albaitari plaza lortzeko hainbat tirabira izan omen zituzun.

Sortu zitzaidan bai oztopo ugari. Garai hartan, herriko albaitari izendatzea Udalak egiten zuten. Legezko arautegi bat zegoen aukera nola egin erakusten zuena, eta derrigorrez bete beharrekoa. Puntuazio baten bidez hartu behar zen erabakia. Gehien lortzen zuenaren alde. Puntuak lortzeko puntutan hartzen ziren lanean jardundako urteak eta unibertsitateko ikasketetan lortutako notak. Nik, gaztea nintzelarik, laneko puntuaziorik ez neukan, baina ikasketa notekin beste denak gainditzen nituen, beraz edozein herri eskatzeko moduan nengoen. Lau herri aukeratu nituen, Azpeitia, Tolosa, Bergara eta Eibar. Hauen artean, Tolosa eta Bergaran, bertako semeak zeuden albaitari nahi zutenak. Uzteko eskatu zidaten eta ni erretiratu egin nintzen. Gelditzen zitzaizkidan bi aukera artean eta izendatu nituen lehendabiziko bezala Azpeiti eta bigarren Eibar. Aukeratua neukan lehendabiziko herrian, Azpeitian, legea baztertu eta Udalak beste bat izendatu zuen. Aurretik interino bezala zegoen albaitariak azpi lana eginda zeukan eta kazikada egin zidaten. Diktadura garaia zen, eta ikusten zen horrelako ugari. Baina nik errekurtsoa Madrilgo ministeriora. Berehala hasi zitzaidan sekulako borroka, herriko Udala, Gobernadore Zibili eta abar. Denak soka batekoak eta denak batera nere aurka. Ez da errez esaten zenbat gezurrezko salaketa egin zidaten, neri etsiarazteko. Baina nik lege garbia neukan alde eta azkenean Madrilek nere aldeko epaia eman zuen. Bi urte iraun zuen nere borrokaldiak, eta bitartean Eibarren egon nintzen albaitari. Oso leku polit eta atsegina da Eibar, baina nik Azpeitiarako ilusioa neukan eta honuntz etorri nintzen.

-Azpeitian albaitari 50 urte baino gehiago egin dituzu.

1941ean etorri nintzen, 24 urte edukiko nituen garai hartan, 1917an jaioa naiz eta. Ia 1990. urterarte jardun dun bizibide horretan.

-Zu hasi zinen garai haietan, baserria zen bizibide nagusia Azpeitian, albaitaritza lana nekeza al zen?

Ni hasi nintzen garai hartan albaitariaren lana nekosoa zen, oso nekosoa gainera. Dena oinez egin behar izaten zen. Azpeitian bertan herriaren punta batetik bestera baserri asko zegoen. Gero bizikletan ere hasi nintzen baserrietara joaten errepidea zegoen lekuetan behintzat. Moto bat ere lortu nuen. Orduan motorik ez zegoen inguru hauetan. Gerra ostean dena falta zen, ez zen motorik.

Motoa, bizikletari jartzeko motorra kontrabandoan ekarri zidaten, Italiatik. Erromara peregrinazioan joandako monja batek pasatu zidan. Haiek errazago pasatzen baitziren mugan.

-Gaur eguneko komunikazio modurik ere ez zen izango. Nola jakiten zenuen baserriren batean albaitariaren beharrean zirela?

Gehienetan baserritarrak etortzen ziren albaitariaren bila. Baina orduan auzoetan telefonoak baziren, Oñatzen, Nuarben, Matxinbentan, Aratzerrekan... Eta bitartekoak oinez etortzen ziren, oinez edo bizikletaz.

-Eta zuk lantokiren bat ba al zenuen herrian lanerako?

Etxez-etxe joaten nintzen. Animali txikiak, txakurrak eta horrelakoak, berriz, goizetan mataderian hartzen nituen, txertoak eta emateko.

-Azpeitia inguruak, bazterrak, bideak... denak ezagutuko zenituen bada.

Bai, denak ezagutzen ditut. Bideak, bidetxurrak, bidezaharrak, lokatza-arteak. Denetan ibilia naiz. Gau ta egun jai eta aste. Bide kontu horrekin, istilu ederrak sortu ohi ziren. Gurdi-bide zaharretan autobideak egiten hasi zirenean, baserritarrak elkar hartu eta euren kontura egiten zituzten. Baina, beti izaten zen baserritarren bat bidea egiten parte hartu nahi izaten ez zuena. Orduan, hark deitzen zidanean errepidez ezin izaten nuen joan haren baserrira, eta oinez joan behar. Hor istilu txarrak ibiltzen genituen, estuasun bat izanda ere ez zizuten uzten errepidetik joaten. Gerora istilu hoiek bukatu ziren, Foru Aldundia hasi zen bide hoiek egiteko laguntzak ematen-eta. Askatu ziren bideak.

-Zu albaitari ibili zinen garaian gaitz kezkagarririk ba al zen?

Baziren kezka handiak ematen zituzten gaitzak. Animalien gaitzak bi eratakoak izaten dira: batzuek pertsonei itsasten zaizkienak eta beste batzuek animalien artean bakarrik kutsatzen direnak. Garrantziskoenak, guregana itsasten direnak dira, eta asko daude era horretakoak, hoge gaixotasun baino gehiago. Gaixotasun hauek mataderian kontrolatzen ziren. Nik ikusi gabeko okelarik ez zen ateratzen mataderitik. Horrek badauka gauza on bat: ni hainbeste urtean egon eta kutsatutako animalia bakar bat ere ez zen izan.

Azpeitiara lanera etorri nintzenean, bazeuden gibeleko eta buruko kistearen gaitza zutenak. Etorri nintzenean berehala moztu nuen gaitz hori.

Ganaduak euren artean zabaltzen dituzten gaitzak kalte handiak egin dituzte. He-men geneuzkan gaitzen artean bat naparmiñe zen. Oso gaitz itsaskorra, ezagutzen den gaitzik itsaskorrena da. Euli batek ere ekarri dezake gaitz hori. Arroan bi neska-mutil, jai iluntzean elkarrekin ibili eta batak etxean gaitz hori eduki eta besteak eraman zuen etxera. Tartean ere baziren beste zenbait gaitz frantsesmiña, ume-galtzeak eta abar...

-Azpeitiko albaitaria. Baina Azpeititik kanpo inoiz ibili al zinen?

Azpeititik kanpo ere asko deitzen zidaten. Albaitari bezala Gipuzkoa osoan ibilia naiz, gutxi antzena Errenteri-Lezoko buelta horretan ibili nintzen. Bizkaian, berriz, Durango bitarte horretan ibili nintzen eta Nafarroan Sakanan asko ibili nintzen.

-Baserritarren artean ba omen da esamolde bat: badirela hiru gizon etxean ikusi nahi ez direnak...

“Hiru gizon badira etxean ikusi nahi ez direnak: medikua, albaitaria eta apaiza”. Hiruak estuasunetan izaten baitira. Neroni gertatu zait hirurok batera etxe batean izatea, pentsa etxe hartako kontua nola izango zen. Medikua etxean gaizki zegoen gizon zaharrarena joana zen, apaiza, berriz, hari azkenekoak ematera eta ni ikuilura behiak sendatzera.

-Baserriz-baserriko ibilian kontu eta istorio ugariren jabe ere izango zinen.

Bai, asko eta asko. Gainera, ohitura nuen neure lana egin ondoren baserrian bertan egoteko, bertakoen berri jakin, baserrirako aholku onak eman. Pixkat mixiolaritza lana egiten nuen, eta egin beharrekoa da gainera. Kontu asko jakiten nituen, ikusgarriak asko, lehengo bizitza zaharrak eta abar.

Horren jakinaren gainean zegoen lagun jesuita bat, Aita Goikoetxea, euskaltzale handia zen eta euskara ondo lantzeko euskaldun garbiekin hitzegitea nahi zuen. Horretan lagunduko ahal nion eskatu zidan, eskaldun garbiak, gaztelerarik ez zekitenak, baserritarrak baitziren. Horrela bada, nirekin etorri ohi zen. Nik baserritarekin hitz egin eta Goikoetxeak magnetofonoan jasotzen zituen berriketaldiak.

Aita Goikoetxearekin beste lan bat ere egin nuen, baserriko eta herriko gaitzizenak jasotzea. Asko jaso genituen, eta hauen jatorria aztertzen ere saiatu ginen. Badira nonbait jasoak, Aita Goikoetxea hil zen eta nonbait jasota izango dira haiek.

-Albaitaritzari lotutako hainbat testu ere idatzi duzu.

Azpeitian lanean hasi nintzenean gaitz baten susmoa hartu nuen, hemen ezagutzen ez zen gaitz bat, behiak eta ernaltzeko izaten dutena. Eta horretan nebilela bibliografia atzerritik ekartzen nuen, garai haietan muga itxita baitzegoen Frantziara. Paristik pasatzen nituen liburu onenak, balija diplomatikan, diplomatikoen maletetan. Saiatuz gero bideak topatzen baitira. Hemengo baserriko seme bat enbajadorearen txoferra zen Parisen. Zein konbinazio ederra neukan e? Liburu aleman bat ere ekarri nuen. Germena bera demostratu behar nuen. Halako batean liburu aleman horretan bilatu nuen teknika. Gaitz horri buruz lan handi bat egin nuen, Ciencia Veterinaria aldizkarian argitaratu zen 1942an edo.

Gero, ernalkuntza artifizialari buruzko beste lan bat ere egin nuen. Gipuzkoan lehen ernalkuntza artifiziala egiten ni izan nintzen. Aurretik Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen. Nueva Yorketik apunte batzuk eta inseminaziorako hemen ezagutzen ez ziren aparatu batzuk ekarri nituen.

Baina, Ameriketatik bueltan saioak egin behar baina, inork ez zuen ganadurik utzi nahi, ezta pentsatu ere gainera. Halako batean, ganadu zale bati ezer esan gabe, bere behia inseminatu genion. Bi hilabetera joan ginen eta ernai zegoela esan genion. Baserritarrak adarra jotzen ari ginelakoan alde egin zuen. Behi haren txahala izan zen lehenengoa ernalkuntza artifizialez jaio zena.

-Albaitaritzako ikerketa lanak idatzi eta gero egunkari eta aldizkarietan ere idatzi zenuen, ezta hala?

Baserritarren artean hitzaldi batzuk ematen nituen eta Hojas Agricolas-en ere idazten nuen. Beranduago, *La Voz de España* egunkarian kolaboratuko ahal nuen galdetu zidaten eta orri oso bat eman zidaten. Orri oso hori urteetan egin nuen.

Gero, liburutxo bat ere idatzi nuen baserritarren gainean, esne-behien gainean. Aldizkari askotan kolaboratu nuen, herri batzuetako programatan ere bai.

-Idazteaz gainera irratian ere jarduna zara.

Irratirako euskal talde bat osatu nahi zutela eta deitu egin zidaten La Voz de Guipuzcoa irratitik. Garai hartan euskaraz hitz egitea ez zen libre, ezta idaztea ere. Elizak zeuzkan bere aldizkariak, zerbait askatasunean idazten zutenak, Arantzazu, Zeruko Argia... Irratiko programa egiteko taldea Nemesio Etxaniz apaiza eta euskal idazleak, Basarrik, Maria Dolores Agirre, euskal eskolako Donostia-ko euskal eskolako irakasleak, Oñatibiak, Abitañek eta nik osatzen genuen. Jendea erakartzeko berriketa batzuk eta bertso batzuk egiten genituen. Berriketagilea ni izendatu ninduten, bertsoak, berriz, Basarrik egiten zituen. Nik zenbat berriketa egin ote nituen?, baina kontuz ibili beharra zegoen, zentsura handia baitzegoen.

-Antzerkia ere probatu duzu.

Ni behin ere ez nintzen geldirik egoten eta teatroan ere lan ederra egin genuen. Ni beti lan desberdinetan sartzen nintzen, euskarazko lanean. Politika ez dut ikusi ere egin nahi. Euskal Herriari heusteko euskarari heutsi behar zaio eta kitto. Hizkuntzari heutsi behar zaio hura baita herriaren arima, eta orain euskara asko entzuten da, ikastolan eta ikasten da, baina Donostian eta oraindik ere erdaraz jarduten du jendeak. Nik euskaraz badakit eta, baina... *‘prefiero que usted me hable en castellano’*. Euskara oraindik ez da sartu herrian ezta gutxiagorik ere. Eta gurea beti hori izan da, euskara herrian sartzea eta horretarako dena debekatu zuten garaian elizaren babesean Azpeitian antzerkiak egin genituen. Bat dezente handia egin genuen, Pasioa. Zuzendari lanetan ibili nintzen antzezlan hartan. Gogoan gelditu den antzezlana da, Azpeitian hainbeste aldiz egin eta gero Donostira salto egitea pentsatu eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Gero ere saiakerak izan dira, berriro egiteko baina gaur eguneko gizarte honetan ez dago zaletasunik elizarako eta elizgaietarako. Ez litzateke aterako. Lana zen hura, han obra prestatzen ari ginela eta badira kontu politak.

Jaiotza ere egin genuen, arrakasta txikiagoa izan zuen ordea. Hau Gipuzkoako zenbait herritan Tolosan, Seguran… egin genuen. Baina Pasioa ez zegoen hola eta hola edozein lekutara eramaterik antzoki handia eskatzen baitzuen.

-Eta azkena itzuli eta egokitu duzun liburua ‘Etumetako Basajauna’ izan da.

Basojaun de Etumeta eleberri historikoa eta erromantikoa da. Historiako gertakizunetan oinarrituta dago, bertan kontatzen direnak gertatukoak dira. Neuk denak konprobatu ditut. Erromantikoa da, pertsonaien grinak oso gogor azaltzen dituelako. Oso bukaera ona dauka, gainera. Ele-berria gazteleraz idatzi zuen Juan Venancio Arakistainek. Bera historialaria eta kazetaria zen; bizibidez, ordea, erregistradorea zen, eta Azpeitian egon zen erregistradore urte dezentetan. Eta orduan idatzi zuen eleberria. Garai hartan liburua oso ezaguna omen zen, baina gaur egun desagertuta dago, esku batek kontatzeko adina ale daude. Eleberrian aipatzen diren gertakizunak Azpeitian kokatuak daudenez, eta nire iritziz, eleberri eder hori berriro argitaratzekotan euskarara itzulita azaldu behar zen. Asmo horrekin eraso nion lanari eta, egia esan, niretzat lan gogor samarra baina atsegina izan zen. Izan ere, horrelako eginkizun batek, han eta hemen galdeketa eta kontsulta ugari egin beharra sortzen du, eta hori norberarentzat aberatsgarria da. Adibidez: Loiola, Enparan eta Odriako etxearen historiaz gauza asko ikasi ditut. Beotibarko eraso armatuaren berri ere berdin. Liburu honek bukaeran daukan gehigarria nik neuk idatzia da, irakurleak eleberria hobeto uler dezan betiere.

  • Gaur egun jubilatua zaude. Jarraitzen al duzu idazten?

    Garrantzizko lanik ez darabilkit eskuartean, baina apurtxo bat jarraitzen dut, bai. Inoiz aldizkarietan orrialde bat edo beste osatuz.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak