Elkarrizketa
Josu Salegi:
Nerea Aranburu
Aspalditik zebilkien buruan bidaia luze bat egiteko asmoa Josu Sa-legik. Uztailaren 12an atera zen bere bizikleta hartuta Pirineo aldera. Hiru hilabete igaro ondoren, urriaren 26an itzuli zen etxera.
Nondik sortu zitzaizun bidaia luze bat bizikletaz egitearen ideia?
Buruan bueltaka nuen bidaia bat egitearen kontua, baina zalantzak nituen nola egin. Niri bizikleta pixkanaka gustatu zaidan zerbait izan da. Lehenik, lanera bizikletaz joaten nintzen. Gero, Santiagoko bidea ere bizikletaz egin nuen lagun batekin. Eta azkenean, bidaia bizikletaz egitea pentsatu nuen.
Haseratik garbi al zenuen nora joan nahi zenuen?
Nire lehen asmoa Pirineotara joatea zen, Pirineoak zeharkatzea bizikletaz. Gero beste asmo batzuek ere banituen. Mapa hartu eta beti begiratzen nuen Ekialderuntz, Grezia aldera batez ere.
Nola antolatzen zenuen eguna?
Gauza askoren arabera izaten zen antolaketa. Eguraldi ona bazegoen eta toki ederra bazen, orduan egun batzuk gehiago gelditzen nintzen bertan. Aurretik, jakineko leku batzuk ikusteko asmoa banuen; adibidez, Italian sartzean Pisako dorrea, Florentzia, Venezia. Leku horiek politak dira, eta egun batzu gehiago gelditzen nintzen, gauzak ikusteko eta abar.
Zein lekutan egon zara?
Lehenik Pirineotan, eta gero Frantziako kostara igaro nintzen. Handik Italiara, Florentzia eta Venezia alde horretara. Ondoren, Kroazian, Jugoslavian, Grezian eta Bulgarian egon naiz.
Zein herri gustatu zaizu gehien?
Kroazia asko gustatu zait, aspalditik nuen lurralde hori ikusteko gogoa. Hala ere, lurralde bakoitzak du bere xarma eta edertasuna. Bulgaria aldea ere oso ederra da. Italian berriz, gauza eder asko dago ikusteko eta dastatzeko.
Herrialderen batean izan al duzu arazorik?
Ez. Arazo bakarra Bulgariatik ateratzean izan nuen, Bulgariatik Errumaniarako mugan. Han ferry-a hartu beharra nuen, eta bertan hamar orduz eduki ninduten. Hasiera batean, untzia apurtuta zegoela, gero kamioi gutxi zeudela. Ondoren, pasaportean zerbait gaizki zegoela esaten zidaten. Azkenean utzi zidaten pasatzen.
Bidaia guztian zerk harritu zaitu gehien?
Asko dira. Orain burura datorkidan bat: Bulgaria aldean jendeak erakutsi zidan adeitasuna.
Bidaia egin ondoren, zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Ona, pertsonalki balorazio oso ona egiten dut. Bidaia honekin gauza asko ikasi ditut, neure kabuz moldatzen, trebetasunak hartzen. Orokorki esanda, bizitzarekin konfiatzen ikasi dut.
|