|
|
|
Merkataritza
Mende gozo bat
Nerea Aranburu
Egaña gozotegia ospakizunetan murgildurik dago. Valverdeneko lokalean ireki zituen ateak 1902an; orain dela 30 urte, gaur egun ezagutzen dugun lekura igaro ziren. Ehun urte daramatza, beraz.
Azpeitian historia handia duen gozotegia da Egaña. 1902ko azaroan ireki zituen ateak lehen aldiz, baina ez gozotegi bezala, “horretarako dirurik ez baitzegoen garai hartan”. Lehen dokumentuen arabera, “nire birraitona zen Klemente Egañak lizentzia bat eskatu omen zuen ardoak eta likoreak saltzeko”, gogoratzen du Inazio Egañak. Hala ere, denbora gutxi barru hasi zen gozotegi bezala funtzionatzen, 1930eko argazkietan jada gozotegi izena azaltzen baita. Lehendabizi Valverdeneko lokalean ireki zuten denda. Gero Enparantza Nagusian dagoen etxea erosi eta han ireki zuten. Gaur egun gozotegia aurkitzen den lekura orain 30 urte inguru aldatu ziren. “Lehen urteetan, orduko gozotegietan bezala, argizariarekin kandelak egin eta saltzen ziren, baita menbrilloa, azukrea ere. Hauekin batera, ardoa, pattarra eta likoreak egoten ziren salgai” dio Inazio Egañak. “Gerra garaia izanik, arrautzak eta lortzeko arazo handiak”.
Gozogile ofizioa familiatik datorkie. Birraitona sukaldaria zen, “Loiolako jesuitekin lanean jarduna”. Gero denda jarri zuen, eta pastelak egiten hasi zen. Gozotegitik familiako lau belaunaldi igaro dira: “Birraitonari aitonak jarraitu zion. Gero aitak, eta orain gu ari gara lanean. Gerokoetan, ikusi egin behar zer gertatzen den!”.
URTEETAN ALDAKETA ASKO. Urte hauetan guztietan gauzak asko aldatu dira, teknika berriak sartuz eta eskaintza maila zabalduz joan dira Egañanekoak. Inazio beraren hitzetan, “azken bost urteetan ere aldaketa handiak eman dira, gai honetan gero eta ikerkuntza eta lan gehiago egiten baita”. Pastelak egiteko moduak ere aldaketak izan ditu. “Lehen pastelak egiteko gehienbat merengea erabiltzen zen, arrautzen zuringoa harrotuz. Hau nahiko prozesu sinplea da. Gero, nata eta krema sartzen joan ziren”. Une hauetan, Egaña gozotegia ahal den aukera gehiena eskaintzen saiatzen da bere bezeroei, era guztietako gozoak eginez: tartak, opilak, pastelak eta bonboiak. “Nahiko gozotegi artisaua daukagu, eta, azken finean, artisauen lana hori dela pentsatu izan dut beti. Ahalik eta gauza gehienak etxean egitea, kanpotik materiala ekarri gabe”.
Gozotegiak 100 urte bete berri dituela eta, hori ospatzeko bezeroei oparitxo bat egitea pentsatu dute. “Gure kasuan berriz, langileek eta etxekoek bazkari bat egingo dugu, eguna ospatzeko”.
|