Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abendua »  Gazteak kartzela arriskuan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Epaiketak

Gazteak kartzela arriskuan

Nerea Aranburu

Zazpi herritarrek hamazazpi urteko presondegi eskaera daukate; gehienek euskal presoen alde agertzeagatik jaso dute

EKAIN URRESTILLA. Bost urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak beretzat, orain lau urte PPk Enparanen antolatutako hitzaldia zela-eta sortu ziren liskarrengatik. JULEN ARRIETA. Bi espetxe zigor eskatzen dizkiote. Bederatzi hilabete Andoaingo festetako gertakariengatik. 18 hilabete presoen aldeko ekintzagatik. IŃAKI AZKUE. Fiskalak 18 hilabeteko kartzela zigorre eskatzen du beretzat, presoekiko elkartasuna adierazteko egindako ekintzagatik. ASIER ARANBARRI. Orain urtebete, presoekiko elkartasuna adierazteko egin zen ekintzarengatik, 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak. JOSU URBIETA. Fiskalak bi urteko kartzela zigorra eskatzen du, 1998an Enparan Dorretxean euskal presoen aldeko ekintzan parte hartzeagatik. HARITZ ARZALLUS. 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, orain urtebete Azpeitiko saihesbidean euskal presoen aldeko ekintzan parte hartzeagatik.  

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei eta zazpi. Zazpi laguni hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Zazpiak dira gazteak. Zaz-piak azpeitiarrak. Eta zazpiak kartzelara joateko arriskuan aurkitzen dira. Bakoitzak du bere istorioa kontatzeko, eta bakoitzak espetxe zigorraren eskaera jaso du. Hiru epaiketa, eta zazpiak epaiaren zain. Bata, orain lau urte, 1998ko udazkenean gertatua. Udal hauteskundeak gainean zirela, PPk hitzaldi bat antolatu zuen Enparan Dorretxean. Egun horretarako, Amnistiaren Aldeko Batzordeek kontzentrazioa deitu zuen, leku berean, PPren espetxe politika salatzeko. Bertan sortu ziren liskarren ondorioz, aurtengo azaroaren 14an Donostiako Lurralde Auzitegian egindako epaiketan Ekain Urrestillarentzat bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak. Beste bi lagunentzat —Josu Urbietarentzat eta Xabier Etxeberria iheslariarentzat— bi urteko espetxe zigorra.

Bigarren epaiketak, orain urte batzuk Andoaingo festetan gertatutakoarekin du lotura. Han Ertzaintzarekin izandako gertakari bat tarteko, Julen Arrieta azpeitiarra epaitu zuten urriaren 24an Donostiako Lurralde Auzitegian. Fiskalak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du Julenentzat.

Beste epaiketa bat ere egingo da, eta honetan ere fiskalak kartzela zigorra eskatzen die bost laguni. Gertaera 2001eko otsailaren 22an izan zen. Euskal presoekiko elkartasuna adierazteko, Azpeitiko saihesbidean ekintza bat egiten ari ziren. Ondoan beste lagun batzuk, kontzentrazioan. Ertzaintzak kontzentrazioan omen ziren bost lagun identifikatu zituen. Lagun hauek abenduaren 11n izango dute epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian. Fiskalak bakoitzarentzako 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du.

Egoera hori salatzeko, azaroaren 23an Utzi bakean Azpeitia. Muntai polizial juridikorik ez lemapean manifestazio isila antolatu zen. Manifestazioak herriko hainbat talderen eta plataformen atxikimendua jaso zuen. Guztiak, “azken boladan Azpeitiko herriak jasaten duen errepresioa” salatu asmoz manifestatu ziren. Aldi berean, “manifestazio eta adierazpen eskubideak urratuta” izateaz gainera, azkenaldian “herrian somatzen den polizia ezberdinen presentzia” ere salatu zuten. Askatasuna taldearen hitzetan, “bizi dugun gatazka gainditu eta euskaldunon eskubide demokratikoa errespetatuko lukeen eskenatokiaren aldeko urratsak emango ditugu”. Bestetik, “demokrazia formal batean, herritar orok izan behar lituzkeen eskubideak ukatzen zaizkigunez, ezin dugu begira egon”, dio elkarte horrek, eta “eskubide demokratikoen defentsan antolatu beharra” ikusten du.

ESKUBIDEAK. Askatasunaren aburuz, Euskal Herrian eta Azpeitian “euskaldunei eta azpeitiarrei eskubide zibilak eta politikoak ukatzen” zaizkie. Horren adibide gisa ondorengo egoerak azaldu ditu Askatasunak: “Atxiloketak, inkomunikazio egoerak, miaketak, isunak, polizia mota desberdinen eskutik eginiko jarraipenak, identifikazioak, Ertzaintzaren eskutik ematen den manifestazio eskubidearen ukapena eta abar Azpeitiko errealitate bihurtu dituzte”. Askatasunak, “errepresio egoera” honen erakusle, herriko zazpi gazte hauentzako fiskalak eskatzen duen kartzela zigorra jarri ditu.

Zazpi gazteei, Juleni, Ekaini, Xabierri, Haritzi, Ińakiri, Asierri eta Josuri fiskalak eskatzen dien zigorra ezaguna da. Epailearen erabakia, aldiz, jakiteko dago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak