Pako Aristiren enbidoa
Laburpen bat eginez
Pako Aristi
Kaixo esan nizuen urtarrilean, agur esango dizuet orain, abenduan. Hamabi hilabete joan dira, hamabi artikulu idatzi ditut. Azpeitia abiapuntutzat hartuta, bertako gauzarik aipagarrienak, kritikagarrienak edo amorragarrienak, nere ustez, agertu nahi izan dizkizuet.
Azpeitiak, izan ere, bi ezaugarri nagusi ditu: batetik munduak eta Euskal Herriak daraman martxaren barruan kokaturik dago; bertako bizimodu burgesa eta erosoa, auto ederrekin, oporrekin, supermerkatu handiekin eta abar, ondo bizi den eta lehen mundua deitzen zaion horretako beste herri guztien igoala da. Ondo janda eta ondo jantzita bizi gara, eta txorakeriengatik kexatzen gara, hain aseta gaude denetik. Zerbait falta izatekotan bizi-poza da, alaitasuna, barrua lehertzen duen ilusio hori; barre nekez egiten dugu, telebistan ikusten ditugun pobreek barre erraz egiten duten bitartean.
Baina bestetik, Azpeitiak baditu berezitasunak, bertako jendeak badu izaera bat. Nonbaiten “hori azpeitiarra da” entzuten badugu, ideia multzo bat datorkigu automatikoki burura. Ezaugarri horiek topikoak besterik ez dira askotan, eta topikoak direnez, txorakeria hutsa dira, faltsuak. Pertsona bakoitza ezberdina delako, bere izaera daukana. Edo hala behar luke, behintzat. Hori litzateke aberasgarriena denontzat.
Baina gauza bat gertatzen da: gizarteak, bide askoren bitartez, bata eta bestea sartzen dizkigu buruan, eragina dauka guregan, eta, askotan, geuk benetan egin nahiko genukeena alde batera utzi eta ondo ikusia dagoena baino ez dugu egiten, edo denek egiten dutena, edo modan jarri dena, edo halako gerta ez dakigun komeni dena. Askotan ausardia falta zaigu geure nortasuna agertzeko, geure nortasuna nabarmentzeko, eta beste guztien igoalak izanez babesten dugu geure burua.
Badirudi ezberdina izatea mingarria de-la. Ba ez. Gozagarria da benetan, beste gauza gutxik bezala barrua betetzen dizun zerbait da, indar ikaragarria ematen dizuna. Zoritxarrez, beti ohiturak errepikatzen dituzten izakiak bihurtu gara. Gure egunik gehienak ia jende berdinaz inguratuta pasatzen ditugu, gauza bertsuak egiten beti, ezusteari aukera gutxi emanez; espontaneoak izatea zer den ere gogoratzen al dugu?
Poteak betikoekin hartzen ditugu; kafea ere, hartzen badugu, betikoekin. Etxean betikoa egin, be-rregin eta errepikatzen dugu, asteburuetan ere bai.
Hau leku guztietan gertatzen da. Eta Azpeitian ere bai. Oso herri ohiturazalea dugu Azpeitia. Ohitura batzuk onak dira, eta beste batzuk ez. Ohiturek segurtasuna ematen dute, baina aspermena ere bai horrekin batera. Eta ohiturak, batzuk behintzat, puskatuko bagenitu? Zerbait berria sentituko genuke, emozio handiagoa, gozamen sakonagoa, eta baita inseguritatea ere horrekin batera. Aukera bakoitzaren esku dago.
Baina aukera hori daukagula sentitzea bera ere pauso bat ematea da. Herri bat ez da modernizatzen etxe berriekin, kable digitala sartuta edota errotondak eta aparkalekuak eginda. Munduarekiko daukagun jarrera da modernizatu behar duguna: gure matxismoa eta autoritarismoa baztertu, kanpotik datozenak hobeto tratatu, erlijio kristauarekiko menpekotasuna baztertu, arrazoirik gabe epaiketa krudeletan sartu dituzten herriko gazteak babestu, normaltasunez onartu geure maila soziala, itxurakerien antzerki garestian erori gabe, hitz gozoak esan tarteka, ez beti gure tipikoak omen diren adar-jotze eta ankerkeriak... eta beste gauza asko.
Baina ojo, ez dut Gabonetako sermoi bihotz-onekorik egin nahi. Ez da malaletxerik galdu behar, ez behintzat injustiziaren aurrean, ez tontokerien aurrean, ez marginazio ekonomikoaren aurrean eta beste gauza askoren aurrean.
Urtebetez irakurri nauzuenoi, gero arte.
HILEKO GALDERA. Gabonetan gastatuko dugunarekin, zenbat milaka haurrek salbatuko lukete bizitza munduan zehar?
|