Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abendua »  Iritziak »  Fernando Morillo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai Librien

Adituak

Fernando Morillo

Beldur diet. Konturatu naiz beldur diedala. Adituei. Beti egoten da dena oso garbi duen adituren bat, ikasia dena, argia eta —ustean— trebatua. Harrigarriak dira. Adituak izan ditugu, adibidez, errotondekin bueltaka. Duela zenbait urte, Loiolabidean zerbait egiten hasi ziren. Errotonda itxia eta borobila jarri beharrean —errotonda normala, alegia—, forma eta funtzionalitate bitxiak zituen hura aurkitu genuen. Adituren baten hausnarketa sakonaren ondoren erabakiko zen horrela egitea. Seguru. Beti egoten da. Beti dago adituren bat edozeren inguruan hausnartu eta erabakitzen duena, zalantzarik gabe, irtenbiderik egokiena. Besteok inondik inora ulertu ez arren.

Errotonda antzeko hura, azkenean, eta sortutako nahasteen ondoren, normaldu egin behar izan zuten. Errotonda borobila eta arrunta egin behar izan zen.

Aurreko batean, leku beretik pasatzean, errotonda berriro aldatzen ari zirela ikusi nuen. Zer pentsatu ez nekiela geratu nintzen. Zer egingo ote zuten orain? Zer erabaki ote zuen adituren batek? Beste konponbide magikoren bat? Seguru nago izango dela arrazoi sakonik eta hobe beharrez ari direla. Benetan diot. Nik ez ditut, gainera, trafikoaren sotiltasunak ezagutzen. Eta adituek bai. Baina ikusitakoak ikusita...

Sarritan sinestezina da. Ikusi ezean ezingo nituzke zenbait gauza sinetsi, Santo Tomas famatu hura bezala. Baina ikusi ditut. Horregatik naiz beldur. Igogailu baten kontua datorkit burura, Paulo VI-n bertan gertatua. Bost pisuko eraikin batean igogailua jartzea erabaki zuten, ez baitzeukaten. Proiek-tua egin eta istorioarekin hasi ziren. Bertako familiek denboraldi bat egin beharko zuten etxetik kanpo, eskailerak eta guzti berritu behar zituztelako. Langileek proiektua ikusi eta berehala konturatu omen ziren planoak ez zirela guztiz egokiak, eta hala adierazi omen zuten. Baina adituren batenak zirenez, aurrera egin zuten azkenean. Igogailurako zuloa egin zuten, eskailerak berriro eraiki… Halako batean, igogailua iristean, ez zela kabitzen ohartu ziren. Ez zela kabitzen! Neurriak gaizki hartuta omen zeuden hasiera-hasieratik. Azkenean uste baino askoz denbora luzeagoa egin behar izan zu-ten familiek etxetik kanpo. Broma ederra.

Eta Paulo VI-tik atera gabe, uste dut esan daitekeela Azpeitiko auto-irtenbiderik kaskarrenetakoa Juantxo Txiki taberna aurrekoa dela. Sarritan ez da ezer ikusten eta ez dago batere ispilurik laguntzeko. Denda ugari dago hor inguruan, eta askotan egoten dira autoak bigarren ilaran. Hatzak gurutzatu eta iritzira irten behar izaten da orduan. Auzoko eraikin berriak egitean, Harzubia aldera bide bat ireki zen. Primeran. Irteera hura askoz hobea zen! Baina ez: Harzubirako noranzkoa, nahiko zabala zen arren, debekatu egin zuten. Eta berdinetan gaude. Edo okerrago, orain handik sartzen direnak ere betiko irteera zoragarritik atera beharko direlako. Hor ere, zalantzarik ez, izango da arrazoirik: agian Landetatik datorren zirkulazioa arintzeko egingo zuten. Edo auskalo. Baina ez da erraza ulertzen.

Amaigabeko istorio sorta egin daiteke honelako hari batetik tira eginez gero. Baina ni txikia naiz, ez dut zer eginik adituen aurrean: ezin ditut ulertu. Baina bai jasan.

Zer egin nezake? Errezatzen ikasi beharko nuke. Agian.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak