Zenbat buru, hainbat aburu
: akullue
‘azpeitia.net’, udalaren webgunea
Leire Ostolaza
Hilean behingo nire lantxoa zeri buruz egin asmatu ezinik nebilela, Azpeitiko Udaleko webgunean (www.azpeitia.net-en) sartu naiz kuriositatez eta nire lehenengo ustekabe desatsegina hasierako orrian *“Azpeitia en pocas palabras”* irakurtzea izan da.
Behin webgunearen sarrerako orrian euskarazko bertsioa aukeratu ondoren, kulturako sailean sartu naiz. Eta jakin dut Azpeitiko kulturaren osagaiak maiatzean musika, uztailean folklorea, udazkenean abesbatzak eta udazkenean antzerkia direla. Informazio honek ez dakit mesede handirik egiten dion herriaren irudiari.
Azpeitian musika, literatura, bertsolaritza, argazkigintza, pintura, zinema, dantza eta abar luze bat urteko hilabete guztietan izaten ditugu, zorionez. Eta herri bat kultura aldetik bizia izango bada ezin ditu udalak kulturaren mapatik desagertarazi berak antolatzen ez dituen kultur ekitaldi guztiak. Hala ere, udalaren beraren webgunea izanik, berea izango da erabakiaren ardura.
Kontuak kontu, Azpeitiko Udalaren webgune horretan sartzen den kanpotarrak Azpeitian gehiengoak gazteleraz hitz egiten duela pentsatuko du, eta hori ez da egia.
|