|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: GAIA: Era honetako Antzerki Topaketen alde edo kontra zaude?
Alde eta Kontra
ALDE
XX. euskal antzerki topaketak soreasun
.2001. urtean Kultura saila hartu nuen eta burubelarri ekin nion lanari. Kultur arloko zenbait ekitaldi aski ezagunak zitzaizkidan, horien artean Antzerki Topaketak. Esan bezala, Antzerki Topaketetako programazioan sartu nintzenean hainbat aldaketarekin aurkitu nintzen: alde batetik, Zelaitxo itxi egin zen, eta, ondorioz, Soreasu zinema aretoa gelditzen zitzaigun. Eta bestetik, lehenengo urtea izaki, ni neu nahiko galdua sentitzen nintzen.
Gaian pixka bat sartzeko, aurreko urteetako programei erreparatzen hasi nintzen; eta, orduan, nolabaiteko laburpen bat egitea otu zitzaigun. Euskal Antzerki Topaketen laburpena erakusketa baten bidez adierazi zen Soreasun.
Programazioari dagokionez, hainbat zalantza izan genituen, baina trantzisio garai batetan murgildurik geundenez, zenbait atal berrirekin probatzea interesgarria izan zitekeela ikusi ge-nuen. Horrela, iaz antzerkia eta antzerkiarekin nolabaiteko lotura duten emanaldiak ikusi ziren. Topaketen amaieran balorazio bat egin eta gar-bi ikusi genuen herritarrak antzerki gosez geratu zirela, eta, gainera, hainbat programek ez zutela hain ondo enkajatu. Ondorioz, urte hasieratik planteamendu berriak egiten hasi ginen, eta iruditzen zait oraindik lan asko dagoela egiteko, nola gauden eta noruntz joan nahi dugun jakiteko.
Bestalde, Soreasu zinema aretoak bere mugak ditu, eta antzezlanak ekartzeko jantzi beharra zegoen; eta pixka bat ildo horretatik jarraituz, inbertsio hau egitea erabaki genuen. Ondoren, antzerki taldeekin elkartu eta ikusi genuen posible zela beraien antzezlanak Soreasun egitea, edo ez, eta honela borobildu dugu aurtengo programazioa.
AKTOREAREN EGUNA. Iaz ekin genion alor berrietako bat Aktorearen Eguna izan zen, eta, egun horri bultzada bat emanez, hobetzea lortu dugula ikusten dugu. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izan da bai herriko antzerki taldearen beharra (eskerrik beroenak eman nahi dizkiet), eta baita beste hainbat herritarren partaidetza ere, hala nola, Musika Eskolako haurren abesbatzarena (hauei ere, nire eskerrrik beroenak). Badirudi egun hau polita izan daitekeel; ondorioz, urte osoko lan batekin polita atera daiteke. Programazioari dagokionez, aukera zabala du-gula iruditzen zaigu. Aurten herritarrak erantzun bikaina eman dutela ikusi da, eta hauenganako nire eskerrak ere azaldu nahi nituzke. Etorkizu-nean ere lan asko egiteko dagoela iruditzen zait eta, ahal bada, beti hobera egin behar dugu.
Aitor Gorrotxategi
(Udaleko Kultura batzordeburua)
KONTRA
Antzokiak bete, Amateurrak bota
Zaila da kultur ekitaldi bat antolatzea. Zailagoa antzerki jailadia bada. Eta oraindik zailagoa euskaraz egin nahi bada. Zai-la da baldin eta ekitaldi horrek eragina izatea nahi badugu. Zaila da, baldin eta kultur eta antzerki irizpide gutxiengo batzuk erabiltzen badira. Baina oso erraza da antzerki talde bat beste baten atzetik egitarau batean jartzea bada asmoa, eta horrekin antzokia betetzea baino beste helbururik ez dagoenean. Erraza da, dirua eskutan hartuta, bati eta besteari deitu eta egun bat hitzartzea. Erraza da antzerkiaz idearik ez denean, are gehiago euskaraz egiten den antzerkiaz ideia santurik ez dagoenean; eta okerrago, izan nahi ez denean.
Gaixotasun honek jota dago Azpeitiko euskal antzerki jaialdia. Diruz ongi hornituta, baina an-tzerki irizpidez batere ez. Eta nik ez dut antzerki irizpide jotzen antzokia derrigorrez bete beharra, antzokiak ez baitira egun batetik bestera betetzen, urtean zehar eta lan txukun baten ondorioz egiten den lanaren poderioz baizik. Joan den urteko isiltasunaren ondoren, aurten antzerkia itzuli da Azpeitiako herrira. Hilabetez behintzat. Hobe ezer ez edukitzea baino. Eta antzokia beteko zen, seguraski. Eta ikuslea pozik irtengo zen programazioarekin, ez baita makala eskaintza. Nahikoa al da hori, ordea? Nahikoa al da urtean zehar antzerki programaziorik ez duen herria honekin asetu nahi izatea? Nahikoa al da Azpeitiko antzerki jaialdia indartzeko aurten osatu den programazioa? Agian bai, atzetik helburu politiko batzuk besterik ez badaude; alegia, kultur politika baten justifikazioa bilatu antzokia betez, geroago prentsau-rreko batean gauzak zeinen ondo egin diren eta dena zer ondo pasa den irribarrez aldarrikatzeko, urte horretako balantzean kultur arduradunek gorantzako gezia jar dezaten, eta goikoen bizkar igurtziak jasotzeko. Agian norbaitek pentsatuko du horrekin euskal antzerkiari mesede egiten diola, eta kexatu baino eskerrak eman beharko genizkiola. Baina hori antzerkiaz ideiarik ez izatea da.
Azpeitiko antzerkiaren jaialdia jarraitu duenak jakingo du jaialdi hau euskaraz aritzen ziren tal-de afizionatuen erakuslehio gisa antolatu zela, antzerki profesionalari bidea itxi gabe, jakina. Euskal kulturgintzaren barruan arlorik umezurtzena antzerkiarena dugu, baztertua eta ahaztua, berezkoak zituen lekuetatik bidalia, Azpei-tian bezala. Kalitate kontuak aipatzen dira, bai-na inork ez du kalitate parametro horiek igo daitezen laguntzarik eskaintzen, eta ez naiz ari diruaz bakarrik. Antzerkiaren harrobia den teatro afizionatua Marierrauskin gaixoaren antzera dabil gure frontoietan. Azpeitiko jaialdia, zor zaion errespetuaren ikurra izateko sortu zen. Gaur egun inkonpetentziaren ikurra da. Gel-ditzen zaigun kontsolamendu bakarra programatutako lanak dira. Ez ditzagun horiek gal.
Joxe Mari Karrere
(Antzerki kritikoa eta ipuin kontalaria)
|