Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abendua »  Iritziak »  Kultura »  Kultura izaera kritiko eta partehartzailea ozen aldarrikatu behar da

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen

Kultura izaera kritiko eta partehartzailea ozen aldarrikatu behar da

Iñaki Errazkin (Zubi Zar-eko Musika Taldeetako kide

Kultura, edozein pertsona edo herriren garapen intelektual edo artistiko bezala azaltzen zaigu, motzean adierazita, edozein hiztegitan. Baina esaldi motz honen azpian eduki pilo bat adierazten dira, eta askotan guztiak ez dira kontutan hartzen. Azpeitian gertatzen dena adibide garbi bat iruditzen zait.

Gure herrian —beste herrietan ere antzera izan daiteke— kultura arte espresio ezberdinekin lotzeko joera dago, are gehiago udalaren aldetik. Eta gainera arte espresio hauek ere konpartimendu estanko moduan antolatuta daude, hau da, praktikan talde eta lokal ezberdinetan (rock taldeak Zubi Zar edo Urrestillan, Musika Banda Aitonenan, Itsasi bere lokalean...). Eta arte espresio hauen barnean, nolabait, udalaren errekonozimendua dutenak eta errekonozimendurik ez dutenak daude. Kasu askotan, udala eta espresio hauek lantzen dituzten taldeen arteko harremana lokal eta diru laguntzen gaia tratatzera mugatzen da.

Guzti honekin lotuta, ezarri nahi diguten kultur uniformetasuna egongo litzateke. Botere gune nagusietatik ezarri nahi diren baloreak transmititzeko erabiltzen dituzten bideak aztertu besterik ez daukagu. Eta baditugu horren adibideak ere gure herrian, eta garbiena: herritarrek kulturaren inguruan omen duten jarrera pasiboa litzateke. Hau da, gure artean aski hedatua dagoen ustea.

Arazo desberdinak. Herriko kultur egoeraren hausnarketa hemendik bideratzeak badu arrazoi argi bat, eta aspaldian honen inguruan herrian ditugun arazo ezberdinen giltzarrietako bat dela iruditzen zait. Ez bakarra, baina bai adierazgarria. Honekin esan nahi da:
- Kultura edozein pertsona edo herriren garapen intelektual eta artistikoa bada (edo izan badaiteke), argi dago Udalak (PNV-EA kasu honetan) kultura=artea bultzatzeak arrazoi garbia duela, kulturaren izaera kritikoa eta parte hartzailea baztertu nahi duela.
- Udalaren eta kultur taldeen harremana lokalaren eta diru laguntzen gaietara mugatzea (gehienetan behintzat) ez da kasualitatea. Udalari taldeok bere lokaletan isolatuta egotea interesatzen zaio, eta Uztarriaren bidez taldeok elkartzeko eta elkar-lanerako eman diren urratsak min handia eragin diete.
- Gazte Lokalaren auzian ematen ari diren arazoak (errepresiboak barne) Udalak gazteen antolatze eta kultur dinamika alternatiboen bideari dion izuan kokatzen dira.
- Kultur etxearen auzian (Basazabalen aukera) udala ematen ari den atzerabidea nabarmena da. Proiektua, aurrera baino gehiago, atzera doa, udalak kontrolatuko ez duen kultur etxerik ez duelako nahi. - Herri pasiboa garen sentsazioa ere bultzatu egiten da. Artetik kanpoko kultur produkzioari ez zaio onarpenik ematen, eta izaera pasiboagoa duten arte dinamikak bultzatzen dira.
- Euskal Herriaren aurkako tresna bezala ere erabiltzen dute kultura herri honen izaera desagertarazi nahi dutenek, eta badirudi horren aurreko neurri bakarra eskuak burura ematea dela hainbat eta hainbaten erabaki bakarra, zer esanik ez Azpeitiko Udalarena.

Hauek eta honelako hainbat adibidek kultur dinamikak nondik nora joango beharko lukeenaren hainbat zertzelada ematen digutela iruditzen zait. Beharrezkoa dugu (kultur taldeotatik hasita) kultura izaera kritiko eta parte hartzaile bezala ozen aldarrikatzea eta praktikan gure lanak hortik bideratzea. Eta noski, Azpeitia Euskal Herriko herri bat dela ahaztu gabe euskal kulturaren defentsa eta garapena ere lantzea. Oraingo bidea herrira begirako lanean datzala iruditzen zait. Taldeok harremanak sendotu eta herrira begirako kultur produkzioak egitea beharrezkoa dugu. Ezin dugu udalak emango, egingo duenaren zain egon. Kultura, edozein pertsona edo herriren garapen intelektual eta artistiko kritiko eta parte hartzaile bezala ulertzen dugunok behintzat.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak