Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abendua »  Iritziak »  Kultura »  hau kritika bat da

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen

hau kritika bat da

Aitzol Iparragirre (Orkatz Kultur Elkartekoa)

Kritika bat, bai. Azpeitian kultur azpiegitura eta baliabideen egoera ikusita (kultur azaleraren %30ak soilik du erabilpen egokia, gainontzekoak ez ditu gutxieneko baldintzak edo itxita daude; kultur taldeen parte hartzea ez da onartzen udaleko kultur plangintza egiterakoan; dirulaguntzak banatzeko ez dago aurre irizpiderik, uneko inpresio subjektiboen baitan ematen dira,...) ezinbestean egin beharreko ariketa bat da. Kritika bat, egoerak hobera egiteko, akatsak identifikatu eta zuzentzeko ezinbestekoa baita. Eta kritika bat, PNV-k eta EA-k bultzatutako kultur politikak, bizi dugun testuinguruan (gaizki ulertutako globalizazioaren bidez lantzen ari den homogeneizazio kulturala; Estatu Espainiarrak eta frantsesak Euskal Herriarekiko duten anikilazio politika euskara, hezkuntza, Orkatz eta Euskal Herriko hainbat kultur elkarteen aurkako Garzonada, eta hainbat alorretan emandako erasoez,...) herri eta pertsona bezala garatzeko tresnarik gabe uzten baikaitu. Ziur egoera honetara iristeko taldeek eta herritarrok ardura zatia izango dugula, baina, udal gobernukoen ardura ezkutatzeko argudio ezin du izan.

Azken finean, gaur egun Azpeitian dugun egoera udaletik (PNV eta EA-k) bultzatu duten kultur politikak herritarren beharrei ezin erantzunean oinarritzen da. “EAJ-PNV-k ez du maite rock and rollik” abesten zuen Hertzainak taldeak. Ez zuen arrazoi faltarik. Ez zaie inoiz gustatu herritik eta herritarren ekimenez sortu, bultzatu eta landutako espresiorik, ez rock and rollik, ez aldizkaririk, ez euskaltegirik,... Nahiago dute kultura produktu salgarri bezala lantzen duten enpresei erraztasunak eman edo kontrolpean dituzten instituzioetatik bultzatutako egunkari, euskaltegi, museo eta abar indartu. Eta onartu behar zaie sinesten dutena bultzatzeko zilegitasuna, nahiz eta ez gustatu. Onartezina dena, eredu hori indartzeko talde eta ekimenak dirurik, azpiegiturarik gabe eta ahal bada hitzik gabe uztea da.

Gaur egungo egoera. Kultur taldeei beharren inguruan galdetu zaie. Erantzun ere egin zaio Aitor Gorrotxategi kultur batzorde buruak egindako galdeketari. Eta emaitzak? Zer kasu egin zaio ia denek Basazabalen kultur etxea egin behar zela zioten erantzunari? Urteetan landu den politika honen beste ondorio bat mehatxu eta beldurra zabaltzea da. Dirulaguntzak ukatu edo murriztera jo da udalarekiko kritiko agertu den ororekiko. Larriena, gazte gunea aldarrikatzeagatik hainbat gazteri muntai mediatiko bidez egindako kartzela eskaria da. Noiz arte herritarren hitza eta dirua bahiturik? Zein da zuen eredua inposatzeko nahiagatik herritarrok ordaindu beharreko prezioa?

Hitz politekin aspertuta gaude eta gehiago hauek alderantzizko praktika ezkutatzeko funtzioa duten unetik. *McDonald´s, Chenoa, kalitatearen legea, Gernikako arbolaren bertsio berria, Garzonen erokeria eta cara al sol*-en erasoari erantzun eta gure ereduak garatu eta sortzeko tresnak beharrezkoak ditugu. Tresnak (gaztegunea, kultur etxea, musika eskola, herri antzokia,...) ordea, ezin dira udaleko alderdien jabetza moduan sortu, etorkizunik bada, herriari eta herritarrei euren bizitza libreki aukeratu eta garatzeko eskubidea onartu eta praktikan jartzeko aukerak eskaintzetik etorriko da. “Eman ber baizu emaizu/bestela ezetz ezaizu/ate ondoko hotzak hartzera/amak ez gaitu bialdu”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak