|
|
|
Aurrera ekarrita
: iritzia: Uztarria Kultur Koordinadora
Komunikabideen arloa, estrategikoa
Asko luzatu da Uztarriaren udal diru laguntzen kontua, udalak berak urrian eman zuelako erantzuna, baina azkeneko asteetan bi parteok hitz egiten aritu gara eta akordioa lortu dugu. Berri ona da hori, beraz, herriarentzat, Uztarria Kultur Koordinadoraren komunikazio proiektua (herri aldizkaria, uztarria.com eta biografiak) azpeitiarrentzako tresna informatiboak direlako azken batean. Dena den, Uztarriak, udal diru laguntzen zenbatekoari baino gehiago, oinarrizko irizpideei begiratzen die, eta gure ustez, udalak ez du behar bezala jokatu aurten, horrelako proiektu bat ezin delako zalantzan jarri hasieran eta gero kolokan.
Izan ere, oso kontuan hartu behar da herriko euskara eta kultur taldeek sortutako proiektua dela Uztarria Kultur Koordinadora (1998an sortu zen), hiru ardatzetan finkatua: euskara, kultura eta informazioa-komunikazioa. Betiere lehen zegoen egoera hobetzeko sortu zen, ez inoren kontra. Eta hobetu da Azpeitiko egoera azkeneko lau urte hauetan; ez, jakina, Uztarriaren lanagatik bakarrik. Uztarriari dagokionez, informazioaren alorrean, esaterako, herri aldizkaria sortu dugu, uztarria.com, liburu biografikoak... Beraz, uste dugu udalak errekonozitu eta baloratu egin behar duela hori. Baina, azken batean, ez Uztarriaren lana bakarrik, baizik eta herrigintzan diharduten herriko taldeek egiten duten lana ere bai, eta babestu. Zoritxarrez, ez dira guztiak behar bezala errekonozitzen, eta horren adibide da hainbat talderen egoera larria.
INFORMAZIOAREN GIZARTEAN. Euskara eta kultura herri honen zutabe nagusi badira, euskarazko komunikabideen arloa estrategikoa da. Estrategikoa, batetik, euskararen hedapena eta normalizazioa laguntzen duelako; eta, bestetik, herriko informazioan herritarren erreferentzia informatiboak euskarazko hedabideak izateak esan nahi duen guztiagatik, noiz eta gaur egun, informazioaren gizartean komunikabideek duten garrantziarekin eta eraginarekin.
Uztarria euskarazko komunikabideak eta tresna informatiboak sortzen ari da Azpeitian: lehen esan bezala, Uztarria herri aldizkaria, uztarria.com eta herritarrei buruzko liburuxka biografikoak. Herriak onartu eta babestu egin ditu tresna informatibo horiek (Uztarriak, esaterako, oraintxe bertan 608 bazkide ditu). Euskarari egindako ekarpenaz gain eta herritarren erreferentzi informatibo garrantzitsua euskarazko hedabideak izateaz gain, herritarrei zerbitzua ematen zaie komunikabide horien bidez. Eta zerbitzu hori ere errekonozitu egin behar da. Hiru errekonozimendu mota, beraz: euskararen normalizazioaren aldeko lana, erreferentzia euskarazko hedabideak izatea, eta herritarrei egindako zerbitzu lana.
Herriak komunikazio proiektu bat eduki behar du, euskarazkoa eta herritarra, eta Uztarria ari da lantzen eta garatzen proiektu hori, oinarri sendo batekin. Eta oraingo tresnez gain, beste proiektu batzuk ere baditugu biharko egunerako. Hala, kontuan hartzen ari gara herriko informazioa euskaraz ez dela egunero jorratzen (uztarria.com-en, salbu), eta hor pauso handiak emateko borondatea eta asmoa du Uztarriak. Horretaz gain, literatura arloa ere landuko dugu datorren urtetik aurrera, eta beste asmo batzuk ere baditugu.
HITZARMENA. Oso garbi baitugu: arlo hau, euskarazko komunikabideena, estrategikoa da Azpeitian eta, oro har, Euskal Herrian. Horregatik, berak izaera herritarra izateaz gain, proiektu honek erakunde publikoekin hitzarmen sendoa eta iraunkorra izatea eskatzen du. Ezin dugu urtero aurten bezala ibili, euroak gora behera. Kontua ez da ekonomikoa (soilik), irizpide eta jokabide garbi batzuk daude honen oinarrian. Eta apustua estrategikoa da, azken batean. Uztarria Kultur Koordinadora-ren komunikazio proiektuak azpeitiarren babesa eta konfiantza baduela uste dugu, eta orain, lasai hitz egin eta hitzarmen iraunkorra eta sendoa nahi dugu Azpeitiko Udalarekin.
|