Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abendua »  Uztarriak eta udalak akordioa lortu dute

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita

Uztarriak eta udalak akordioa lortu dute

Uztarria

Berandu bada ere, Uztarriak azkenerako 2002rako eskatutako udal diru laguntzak jasoko ditu, bi parteek akordioa lortu berri dutelako

KOMUNIKAZIOA. Aldizkarien azalak. 

Ezin zitekeen bestela: Uztarriak eta Azpeitiko Udalak akordioa lortu dute 2002. urteko diru laguntzetarako, eta akordioaren arabera, Uztarriak bere komunikazio proiekturako aurtengorako udalari eskatuak zizkion 26.444 euroetatik (4.400.000 pezeta) orain 24.040 euro (4.000.000) jasoko ditu; beste 2.404 euroez (400.000 pezeta) urtearen bukaeran hitz egingo dute bi parteek eta aukera egongo da diru kopuru hori hurrengo urteko aurrekontuetatik bideratzeko. Era berean, hurrengo urteetako hitzarmenaz “azkar” hitz egiten hasteko geratu dira Uztarria eta udala.

Akordioa lortu bada ere, Uztarria Kultur Koordinadorak beste jarrera bat hartu eta gaia pixka bat kalera atera behar izan du 2002. urterako bere komunikazio proiekturako eskatutako udal diru laguntzak jaso ahal izateko. Izan ere, nahiz eta Uztarriak aurtengo urtarrilean bertan publiko egin komunikazio proiektua (herri aldizkari berritua eta mardulagoa, www.uztarria.com berria eta beste bi liburu biografiko) eta proiektuon berri udalak berak iazko urtearen bukaeran izan, udalak urrian eman zuen diru laguntzen erantzuna, eta hauxe izan zen: Uztarriak eskatutakoa baino hamabi mila euro gutxiago (bi milioi pezeta gutxiago). Iaz baino gutxiago... Horren aurrean, Uztarria harrituta geratu zen, otsail aldera Kultura Batzordearekin egindako bileraren eta gero egindako beste bileren ondoren ez zuelako horrelako erantzunik espero. Uztarriak, urrian Kultura Batzordearekin izandako bileran, bere balorazioa eman zion udalari eta, era berean, erabakiaren arrazoien berri idatziz emateko eskatu zion, baina ez zuen erantzunik jaso.

BATZARRA. Horrek Uztarria egoera ekonomiko larrian jarri zuen, normala zen bezala urrirako 2002ko gastuak eta inbertsioak eginak zituelako, eta egoerari konponbidea ematearren, bazkideen urteko batzar premiazkoa deitu zuen azaroaren 7rako. Bertan egin zuen udalarekin izandako hartu-emanen azalpena eta jasotako erantzunaren balorazioa: nahiz eta Uztarriaren komunikazio proiektua aurrera doan, udalaren erantzuna “atzera” egitea zela; udalak “forma eskasak” erabili zituela erantzuna urrian emateagatik; udalak ez zituela kontuan hartu Uztarriak hitzarmenerako proposaturiko beste puntuak: beste lokal bat, udal iragarkiak, udaleko komunikazio arduraduna…; udalak Uztarria behar bezala ez lagunduz ez zuela betetzen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak zioena: “Azpeitian euskararen zabalkundea arlo guztietan erabatekoa izan dadin behar adina baliabide eta tresna sortu eta garatu”… Ordu arte Uztarriak, herri aldizkariaren bitartez, gai hau puntu batzuen bidez baino ez zuen kaleratu, eta bazkideei ere berripaper bat bidali zien. Batzarrean hori guztia eta Uztarriaren komunikazio proiektuaren lorpenak azaldu ondoren, bazkideek harridura agertu zuten eta udalaren erabakia “ulertezina” zela zioten.

Nahiz eta unea zaila zen, Uztarriako Talde Eragileak bazkideei esan zien ez zegoela komunikazio proiektua aldatu beharrik, “herriak erabat babesten duelako”, bazkideak jada 600 pasatxo direlako, publizitatea goraka doalako..., “eta udalak errealitate berrira egokitu beharko du”.

Konponbidearen bidean, azken aukera gisa udaletxean, Uztarria Kultur Koordinadorako talde guztien izenean ez ezik, herriko euskara, kultura, informazio eta hezkuntza arloetako taldeen eta norbanakoen sinadurekin mozio bat sartzea erabaki zen, udalari Uztarriak 2002rako komunikazio proiekturako eskatutakoa emateko esanez. Hala ere, berriro udaleko ordezkari politikoengana jotzea erabaki zen.

AKORDIOA. Uztarriako Talde Eragileko ordezkariek azaroaren 7az geroztik hartu-emanak izan dituzte EAJrekin, Sozialista Abertzaleekin eta EArekin. Sozialista Abertzaleak taldea ados zegoen Uztarriaren planteamenduekin, hasieratik bezala. EAJk eta EAk —beraiek osatzen dute udal gobernua— iritzia aldatu dute eta azkenean lortu da Uztarriaren eta Azpeitiko Udalaren akordioa. Orain hurrengo urteetako hitzarmenaz hitz egiteko garaia heldu da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak