Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Bertsotan parranda

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

bertsolaritza

Bertsotan parranda

Nerea Aranburu

Erniarraitz bertso-eskolak antolatuta, kuadrilen arteko bertso txapelketa egingo da

Fede Aranbarri, Erniarraitz elkartean, prestaketa lanak egiten. Berak, hala ere, ez du "Bertso parrandan" irteteko asmorik. 

Azpeitiko Erniarraitz Bertsozale Elkarteak ekimen berri bat prestatu du: Bertso Parranda 2002. Antolatzaileen esanetan, ekintza honen helburuetako bat “bertso eskola kalera ateratzearena da”. Bestetik, “asteburuetan eta, jendea juergan dabilenean, asko eta asko bertsolari bihurtzen dira. Txapelketa baten kutsua izango du bertso parrandak, baina ez da hain serioa izango”.

Azaroaren 8an hasiko dira kanporaketak, eta zortzi taldek hartuko dute parte: Mak, Goxube, Puf, Erreka, Bota, Urrustil, Beti-Gazte eta Behetarrak. Talde bakoitza hiru bertsolariz osatuta egongo da. Txapelketaren antolatzaileek garbi dute jendeak baduela bertsotarako intentzioa eta afizioa. “Lagunei eta inguruko jendeari komentatu zitzaion nola txapelketa hau antolatzeko asmoa zegoen. Batzuek izena eman zuten, eta gero bakoitzak bere lagunak ere ekarri zituen. Taldeak egiteko orduan, ahal den berdinen egiten saiatu gara”. Azkenik, guztira 24 bertsolari bilduko dira txapelketarako.

Lau kanporaketa saio egingo dira eta puntu gehien lortzen dituztenak bi final aurrekoetara sailkatuko dira. Bertso saioak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako zenbait tabernetan izango dira, eta final nagusia Inuxente Egunaren bezperan jokatuko da, abenduaren 27an, 00:00-etan Lagun Onak Mendi Bazkunan.

TALDEEN LANAK. Talde bakoitzak egin beharreko lanak, zortziko handian ofiziotan, zortziko txikian ofiziotan eta koplatan ofiziotan aritzea izango dira. Gero, talde bakoitzak bakarrik jardun beharko du, bukaera emanda, oinak jarrita eta hitza gai bezala hartuta. Eta bukatzeko taldeko hiru bertsolariren artean puntutan. Jada bertso parranda txapelketarako hasi dira prestatzen. “Astero biltzen gara, asteartetan eta ostegunetan; ofizioka, oina emanda eta antzekoak lantzen ditugu. Oro har, bertso parrandako saioan egin beharreko lan berak egiten saiatzen ari gara”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak