|
|
|
Kultura
‘Kontxu Odriozola’ liburua
Nerea Uranga
Aktorea, antzerkilaria, antzerkiegilea, irakaslea, bidaiari amorratua... zer ez da (izan) Kontxu Odriozola? Hona Azpeitiko Udalak Pako Aristiren eskutik egindako biografiaren bi zati eta argazkia
|
Pako Aristik egin du Kontxu Odriozolari buruzko li-buruxka biografikoa. Urrestildarra da Pako (1963), idazlea, kazetaria eta gidoilaria. Liburu honekin 28. liburua idatzi du Pakok.
"Kontxu Odriozolak jenio bizia du, baina samurtasun
handia dauka; benetako pertsona bat da, benetako aktorea”
|
|
|
-Liburua: Kontxu Odriozola
-Izenburua: Antzerkia bizitzaren edergarri.
- Egilea: Pako Aristi
- Argitalpena: Azpeitiko Udala Antzerki Topaketak
- Aurkezpena: Azaroaren 9an aurkeztuko da, Aktorearen egunean. Soreasun. 19:00etan
- Generoa: Biografia
- Orrialdeak: 63
- Salneurria: 6 euro
- Saltokiak: Azpeitiko liburudendak
|
|
Txoko batetan eserita
Kontxuren aita Felix Odriozola Agirre deitzen zen. Jose Antonio Agirre Lehendakariaren senitartekoa zen. Margolaria zen, marrazkigilea, eta tailagilea ere bai. Kontxuk asko maite zuen. Aita Azpeitiko antzerki talde amateurrei laguntzen ibiltzen zen beti, muralak egiten, dekoratuak, saltsa horiek. Eta laguntzaile nor izango zuen bada? Kontxu. “Ni Luisetako lokal hartara joaten nintzen aitarekin, eta hantxe egoten nintzen, eserita, isil-isilik, txoko batean, eta nik han gazteak ikusten nituen antzerkia egiten, eta ikusten nuen baita nola haserretzen ziren, eta batzuk negarrez ere bai, eskandalo batean ibiltzen ziren, oraindik ikusi egiten dut neska bat bere pertsonajea defenditzen, mutilei kontra egiten. Aitak esaten zidan isil-isilik egoteko, eta ni obserbatzen egoten nintzen”.
Horra aktorearen bigarren oinarria: isilik egon eta begiratzea, bizitzaren taupada daramaten gauza horiek jasotzea, bereganatzea, gero bere erara eman eta agertuko dituenak.
Azpeitian garai hartan kultur ekimen ugari egiten ziren, eta Kontxuk, gaztea artean, zain jarraitzen zuen, “zeren haiek hots egin arte zain egon behar zenuen, Peñaflorida abesbatzan kantatutakoa naiz, Gipuzkoa mailan asko ibili ginen”.
Baina zain egoten zen ume hura hazten zihoan, eta gero eta maiteago zituen antzerkiaren trikimailu guztiak. Kontua zerbait egitea zen, entretenitzea, bizitzari pizgarria aurkitzea. Eta publikoaren aurreko aktuazioen zain geratu gabe, antzerkia lagunarteko jolas algaragile bilakatu zen. “Eszenarioak ez dit beldurrik eman inoiz.
Ateratzerakoan izan ohi den tentsio hori txikitatik bizi izan dut nik, niretzat ez da gauza arraroa eszenariora irtetzea. Neguan, etxean, eskaileretan egiten genuen antzerkia, kantatu egiten genuen, dantza, disfrazatu egiten ginen. Koadrilan ere beti esaten zidaten, hi haizan, imitatu zan Don Lorentzo, edo Nartxixa katekistie, bale, egingoiñat ba, eta denak barrez edukitzen nituen”. Gero zezen korrida antolatzen zuten, neskak manola bezala joaten ziren, mutilak torero moduan, eta beste batzuk zezenarena eginez.
Hala ere, bada Kontxuren pasadizo bat elkarrizketa batean irakurri diodana. Kaleko espaloietan aurkitzen zituen paper guztiak jaso eta irakurtzeko ohitura zeukan. Han aritzen zen marca registrada, ingredientes eta horrelakoak letzen. Igande goiz batean amak ogi bila bidali du. Kalean zihoala hor aurkitzen du karamelo paper bat lurrean. Hasi da hura irakurtzen, eta, bukatu duenean, despistatuta, karamelo papera bota beharrean dirua bota lurrera. Hor itzuli da etxera, ez ogi eta ez diru, karamelo paper zimurra besterik ez duela eskuetan. Etxekoek ez zioten ezer sinesten, nola bada? Ez dakit antzerkiaz baliatu zen une hartan bere ama lasaitzeko, baina zerbait beharko zuen.
Horra aktorearen hirugarren oinarria: bere begien aurrean daukan munduarekin ez konformatzea, eguneroko bizitzak agertzen dion egoera nolabait edertu eta aberastu nahi izana, aurkitzen dituen edota eskura uzten dizkioten tresnak erabiliz. Kontxuren kasuan, irakurtzea izan zen tresna bat. Eta beste bat: zinea. Nola ez.
Langabeziaren bentajak
Kontxu Odriozola eta Elena Irureta langabezian zeuden. 1986 inguru zen. Antzertin elkar ezagututa, lagunak ziren. Antzerkian geldialdi luzeak izan ohi dira lanik gabe. (...)
Behin elkarri esan zioten: “Hemen zeozer asmatu behar diñagu geuk, parre egitekoa, formato txikikoa, herriz herri ibiltzeko modukoa”. Euskeraz izango zen, baina erderaz hitz batzuk sartu behar baziren sartuko zituzten prolemarik gabe. Euskal Herrian gisa honetako obra batentzat lekua bazegoela uste zuten, aurrez inork ahaleginik egin ez bazuen ere. Beti kanpoko autoreen obrekin ibiltzen ziren. Eta hala ere, jendeak barre egiten zuen. Beraz, euskal umorea landuz, eta euskal gizonak eta andreak nolakoak diren jakinda, funtziona zezakeela uste zuten. (...)
Arratsaldetan biltzen ziren Kontxu eta Elena, egunean pare bat orduz edo.(...) Azkenean 22 pertsonaia sortu zituzten, eta horiei gorputza emateko lau aktore: Kontxu Odriozola, Elena Irureta, Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroiz. Zuzendaria Eneko Olasagasti izan zen. Produktorea Kontxuren senarra izan zen, Imanol Zinkunegi. (...)
Obraren historia ezaguna da. Errezilen egin zuten aurrena, Loidi Azpi baserrian. Han baserritarrak ‘ku-ku-ku’ barrezka ikusi zituzten. Gero Zestoan eman zuten, eta jendeak berdin egiten zuen barre. Euskal Herri osoa pasa zuten. 200 emanaldi urtebetean. “Herri txiki askotara iritsi ginen, behin ere antzerkirik ikusi ez zuten lekuetara, egiteko lokalik ere ez zeukaten lekuetara. Baliarrainen, adibidez, arkupe batzuetan egin genuen. Gazteak kotxeak hartu eta baserritarrak ekartzera joaten ziren, eta antzerkia amaitu ondoren berriro baserrietara eramaten zituzten”.
Pertsonaia sinpleak, zuzenak, euskal izaerarekin oso lotuak, euskaldun jendea euskaldun jendeari barre egiten, kanpoko interferentziarik gabe... hona Ama Begira Zazu-ren arrakasta esplikatzeko klabe batzuk. Dena den, geroztik egin diren saioek ez dute funtzionatu. Hona berriro arrakastaren misterioa.
Eta horra aktorearen zortzigarren oinarria: kanpotik lanik ez badator, nork bere barruan gaia aurkitu eta kanporatu.
|