Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Non erosi, herria bizi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Merkataritza : Mila merkatal gunetik gora dago Azpeitian; horrek merkataritza eremua zabaltzea eragin du

Non erosi, herria bizi

Nerea Uranga

 
 
 
 
 
 

Azpeitian merkataritza, batez ere azken urteotan, indar handia hartzen ari da. Gero eta denda gehiago irekitzen ari dira, eta herriko merkatal gunea alde zaharretik beste auzoetara zabaltzen ari da, merkatal gune zabala eratuz. Jakina, tartean lan handia dago, herritarrak erosketak egiteko herrian geldiaraztera bultzatuz, aukera eskainiz, dendak berrituz... Nola ez, horrek komertzio eta salerosketa guneei ahalegin bat eskatu die.

Azpeitian salerosketako mila gunetik gora dago; Urola Kostaldean, Zarautzen atzetik dago salgune kopuruari dagokionez. Kopuru horrek aukera zabalagoa izatea eskaintzen dio erosleari eta, era berean, herritarrari inguruko herrietara edo hiriburura mugitu beharrean herrian bertan aukeratzeko modua.

Azkeneko hilabeteotan, gainera, denda berriak ireki dira, edota urteak dituztenak berritu egin dira. Horrek denak, herrian merkataritza bizirik dagoela adierazten du, eta, batik bat, Azpeitiak ematen duela horrenbeste denda irekita mantentzeko aukera. Hain zuzen, azkeneko urteetan itxi diren dendak bakar batzuk dira.

Herrian denda berria edota enpresa txikiren bat abian jarri nahi duten askok Iraurgi Lantzeneko merkataritza eta enpresaren sailera jotzen dute. “Normalean, denda bat irekitzeko asmotan gugana datozenak garbi izaten dute nolako denda nahi duten”, dio bertako teknikari Alazne Larrańaga dak. “Dena den, denda bat irekitzeko interesa azaltzen dutenen kopurua eta aurrera ateratzen diren proiektuen artean tarte handia dago. Iaz esaterako, Azkoitian eta Azpeitian negozio bat abian jartzeko interesarekin 80 lagun inguru hurbildu ziren, baina Azpeitian proiektua gauzatu zutenak zortzi izan ziren. Aurten, berriz, gora egin du martxan jarri diren proiektuen kopuruak, azarorako bederatzi proiektu bideratu direlako Azpeitian”. Iraurgi Lantzenen bidez aurten bideratu diren egitasmoen artean autoentzako karrozeria bat, arkitektu eta nekazal injineruen bulego bat, etxeko tresnen denda eta ileapaindegia daude, besteak beste.

Komertzio berria irekitzera animatzen direnak orokorrean gazteak izaten dira. “Gazteak dira gehien, baina unibertsitate tituludunak gutxi dira”, azaltzen du Alaznek. Eta Iraurgi Lantzenek proiektua gauzatzen lagundu, bertara gerturatzen den horren asmoaren bideragarritasuna aztertu eta kreditua lortzeko erraztasunak eskaintzen ditu. “Gazteek normalean kreditu bat ateratzeko nahiko zailtasun izan ohi dituzte. Guk Kutxarekin akordio bat dugu; horrenbestez, betiere errazagoa suertatzen da”. Bestetik, negozio berri bat irekitzeko orduan dauden diru laguntzei buruz ere informatzen ditu Alazne Larrańaga teknikariak dendari berriak. “Dena den, nik beti esan ohi diet denda baten bideragarritasuna ez dagoela diru laguntzen baitan, eta behin proiektua bideragarria dela ikusi ondoren direla diru laguntzak kontuan hartu beharrekoak”.

Alazneren iritziz, Azpeitian merkataritzak “indar handia” du, eta arlo horretan udala eta merkatarien elkarteak ahalegin “handia” egiten ari dira. “Orain dela gutxi izan naizen ikastaro batean zera azpimarratu zen: herri bat bizirik mantentzeko oso garrantzitsua dela komertzioa, turismoa eta aisialdiaren arteko oreka lortzea”.

UDALAREN HELBURUA. Azpeitiko Udalean 1999an sortu zen Merkataritza eta Turismo Saila. Orduan hiru helburu jarri zi-tuen sailak merkataritza alorrean: lehenik, herriko merkatariekin hartu-emanak izaten hastea hauen arazoak ezagutzeko; bigarrenik, betiko merkataritza antolatzeko eta garatzeko ekimenak bideratzea; eta hirugarrenik, merkatariekin batera etorkizuneko plangintza egitea. Javier Iraeta batzordeburuak (EAJ) Uztarriari esan dionez, Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin eta UEMErekin hartu-emanetan daude.

Bestetik, udalak herritarrak herrian erostera animatuz kanpaina abian jarri ohi du urtero Gabonetan. “Kanpaina horren helburua, jendeak Gabonetako erosketak herrian bertan egin ditzan kontzientziatzea da. Jendea askotan, produktu hobeak aurkituko dituelakoan, hiriburura joan ohi da, eta jendeak diru hori herrian bertan gastatzea da kanpaina horrekin lortu nahi duguna”.

Javier Iraetaren ustez, “herrian merkataritza indartsua” izatea garrantzitsua da. Eta udala pausoz pauso merkataritza laguntzen ari dela uste du. Udalaren ahaleginaz gainera, merkatariek ere ahalegina egin beharko luketela dio Iraetak. “Merkataritza indartzeko, nire ustez, dendak berak aktualizatu egin behar du; berritu eta prestatu egin behar du, jendea erakarrarazi behar du. Udalarentzat ere zoragarria izango litzateke, Loiolak jendea erakartzen duen bezalaxe Azpeitiko merkataritzak jendea erakarriko balu. Badakit horrek beste zenbait kontu eskatzen dituela, aparkalekuak gertu izatea, ibiltzeko erraztasunak eskaintzea, alde zaharra apainduta egotea... Baina pixkanaka-pixkanaka egiten ari gara. Agian dendarientzat makal goaz, baina ari dira gauzak egiten; niri iruditzen zait saltokiak orokorrean gustura daudela”.

Herria handitzen eta etxebizitza berriak eraikitzen ari diren heinean, merkatal gune berriak sortzen ari dira. Hala nola, Olazko Amaren Plaza eta Hartzubia ingurua dira indartzen ari diren guneak. Horren harira, “jende asko gune horietara joan da bizitzera eta lokal berriak sortu dira”, dio Iraeta zinegotziak. “Autobusen geltokiak, anbulategia eta abar hor daude. Jendea asko mugitzen da inguru horretan; beraz, logikoa da dendak inguru horretara joatea”.

Kontuak kontu, salerosketa gune berri horiek, eta betikoek, herria biziagoa izaten laguntzen jarraitzen dute.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak