Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Eraikin historikoa salgai

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Politika

Eraikin historikoa salgai

Enekoitz Esnaola

Azaroaren 18tik hutsik geratuko da eta Telefonicak saltzeko asmoa du; udalak erosteko interesa dauka

Telefonica-ko etxea, Perez Arregi Plazan. Azaroaren 18an hutsik geratuko da. 
Erdian, Bikuña etxea. 1925ean bota zuten, goiko etxea eraikiz. 

Eraikin historiko bat salgai jarriko dute laster: Telefonicak Perez Arregi Plazan erdian daukan eraikina. Izan ere, Telefonicak behin betiko utziko du eraikin hori, langileak aldameneko etxera, Eliz kale aldean dagoenera pasatuko direlako azaroaren 18an. Iazko Santiyo bezperan sute bat izan zen Eliz kale aldeko Telefonicako etxean, eta harrezkero beste eraikinean egon dira Telefonicako langileak. Gutxi falta da eraikin historiko hori hutsik geratzeko.

.1965etik du zentrala Telefonicak Azpeitian. Eta, hain zuzen, hasieran etxe horretantxe hasi ziren lanean. Imanol Eliasen Azpeitia historian zehar liburuan jartzen duenez, herrian telefono zentral bat jartzeko lehen pausoak 1908ko martxoaren 30ean eman ziren, Azpeitiko Udalak bultzatuta, eta 1909an zentrala jartzeko lokal bat eskaini zion Diputazioari. 1955ean aldaketa handia izan zen, ekainaren 28an Joaquin Irizar arkitektoak Perez Arregi Plazan zentral berria egiteko proiektua aurkeztu zuelako udalean eta honek 1963ko urriaren 17an etxea altxatzeko baimena eman zuen. 1965eko uztailaren 19an zabaldu zen zentrala, eta, besteak beste, orduan bederatzi azpeitiar sartu ziren lanera. Pixka batera eraikin handira pasatu zen Telefonica, baina Perez Arregi Plaza erdiko etxe horretan lokutorioa izan zen, telefono aparagailurik ez zutenek handik egin zitzaten deiak.

Urteetan Gipuzkoako zentralik garrantzitsuenetakoa izan zen Azpeitiko Telefonica, ehun langiletik gora edukitzera iritsi zelako. Gaur egun hamalau langile baino ez daude, eta horietatik hamahiru azpeitiarrak dira.

**BIKUÑA ETXEA**. Salgai jarriko den etxe horrek edota toki horrek badu beste historiarik. Izan ere, eraikin horren aurretik beste etxe bat zegoen, Azpeitiaren herri-egiturarentzat oso garrantzitsua. Hain zuzen, Azpeitia egin zenean, ohiko moduaz egin zuten: hiru kalek —alde zaharrekoek— bukaeratan bat egiten zutela eta bukaeratan plazak eraikiz. Enparanek ez zuen irteerarik eta Erdi kalera joateko kantoi bate-tik pasatu beharra zegoen, eta kantoia Bikuñaneko etxe azpitik igarotzen zen. Ignacio Artetxeren Azpeitiko istorioak liburuan ageri denez, etxea garai batean Nicolas Saenz de Elolaren familiarena izan zen. Nicolas Saenz de Elola, Perun koskitatzaile lanetan ibilitakoa zen. 1955ean hil zen, eta Azpeitiko alkate izan zen tarte batez. Etxe hori 1925ean bota egin zuten, Urolako Trenaren lanak zirela arrazoi, eta bere ordez eraikin polit bat egin zen —gaur egungoa—. Hasiera batean, karlisten biltoki izan zen, eta 1965etik Telefonicaren esku dago. Orain salgai jarriko du. Azpeitiko Udalak erosteko asmoa azaldu du.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak