Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Iritziak »  Pako Aristi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

biziorik txarrenak

Pako Aristi

Jar zaitez Azpeitian, Erdiko kalearen barrenean, aste egunez, iluntzeko hamarretan: ez duzu animarik ikusiko kalean. Tabernetan ere ez dabil inor. Hori da, niretzat, Azpeitiaren irudirik tristeena. Erretiratu egin gara denok. Etxean geratzen gara telebista ikusten, indarrak gordetzen. Zertarako? Hurrengo egunean lanera joateko. Hau Azpeitian ez ezik Euskal Herri osoan gertatzen den fenomeno bat da. Larunbatetan bakarrik ateratzen gara. Beste sei egunetan, etxeak jan gaitu, telebistak jan gaitu. Batez beste hiru ordu ikusten omen dugu telebista euskaldunok.

Hau gauza berri samarra da gure artean. Iraultza asko egin behar genituen: iraultza soziala, iraultza politikoa, sexuala, erlijiosoa... eta azkenean ez dugu ezer lortu. Geuri sartu dizkigute aldaketa ederrak, nahi ez genituenak.

Munduan diren bi modelo sozialik okerrenen ereduak geureganatu ditugu: batetik, Europako muermoa, eta bestetik, Japoniako lan-gosea. Lehen tabernetan eta elkarteetan gaur baino askoz gehiago ibiltzen zen jendea. Iparraldera joaten zirenak, edo Europako hainbat herritara bidaiatzen zutenak kontatzen zuten hura aspergarria zela, arratsaldeko zortzietarako ez zegoela inor kalean eta jendea ez zela etxetik ateratzen, jendeak etxean antolatzen zituela afariak, etxean mozkortzen zela. “Hori ez da hona iritsiko”, esaten genuen. Ba iritsi da. Aste egunetan tabernetan egon ohi den bakardadea eta tristura ikusi besterik ez dago.

Honekin batera, jendeak gero eta ordu gehiago sartzen ditu lanean, eta sartu nahi ditu gainera, pisua ordaintzeko daukalako, autoa ere bai, Kubara joan nahi lukeelako udan eta eskiatzera neguan. Lehen oporretara gutxi joaten zen jendea; eskiatzera bizpahiru ero besterik ez. Orain hori dena eskura jarri zaigu, baina zer prezio ordaindu dugu? Lan-orduen morroi bihurtu gara. Jendeak zortzi ordu baino 11 sartzea nahiago du, ordu estrak ondo kobratzen direlako. Lekutan dago justizia soziala, ordu estren aurka zegoen hura, lekutan dago astean 35 orduren erreibindikazioa! Lehen soldata batekin gobernatzen zen sendiarte osoa, gaur bi soldata behar omen dira, bakarra daukatenak justu omen dabiltza hilaren bukaerara iristeko. Hau aurrerapena al da?

Europarrak bezain aspergarri bihurtu gara, eta japoniarrak bezain langile sutsu. Ordu estra jaleak, telebista irensleak, eta lagunekin egoteko denborarik ez duten piztiak bihurtu gara.

Kaleko giroa pixka bat aztertu besterik ez dago. Begira tabernetako musikari: denek musika bera, igoal-igoala jartzen dute larunbatero, uda guztia lau kantu entzuten pasatu dut. Berdintasun honek hilko ditu gure ezberdintasunak, pertsona bakoitzaren graziak. Nire lagun batek esaten du lehen Azpeitian denak zirela xelebreak; alegia, pertsona bakoitzak bere xelebrekeriak zituela, bere izaera zehatza, bere maniak, hizketarako bere berezitasunak, eta gaur egun denok igoalak garela, denok gauza beretsuak esaten ditugula, grazia handirik gabe denok ere. Jendearekin hitz egitea gero eta aspergarriagoa da. Ez dizute gehienetan ezer aportatzen. Txinparta galdu dugu, diferenteak izateko ausardia galdu dugu, helburua besteengandik ez nabarmentzea da, denok masa bat bihurtzea, masa kaxkal, mediokre eta protestarik egiten ez duena, zombiak bezala supermerkatu erraldoietan erosketak egiten ibiliko direnak, eta ilunabarrean telebistaren aurrean eseriko direnak. Gure arteko elkarrizketak ere, gero eta gehiago, telebistaren ingurukoak ari dira bilakatzen.

Europatik zerbait hartzen hasi eta okerrena hartu dugu; Japoniatik zerbait ekarri nahi eta okerrena ekarri dugu. Eta oraindik ere euskaldunak garela esaten dugu? Ez daukagu barkamenik.

HILEKO GALDERA.Alkatea bere postua uztera omen doa; nolako balantzea emango ote du haren agintaldiak?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak