Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Iritziak »  Lau akazien patioa 1975 - 2002

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : hemerotekie

Lau akazien patioa 1975 - 2002

Joseba Sarrionandia

Fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen, tribunalak kondena hori ezarri zion, eta Francisco Francoren baimena baizik ez zen behar fusilamentua konplitzeko. Ministroen kontseilua ostiraletan izaten zen eta abuztuaren 28tik aurrera Anjel Otaegi, Burgosko espetxean eta presoek Submarinoa deitzen zen eraikuntzako ziegetan isolaturik, agindua noiz emango ote zen zain zegoen. Ostiralen batetan hartu beharko zuten Anjel eta beste kartzelatan kondenatuta zeuden beste lagun batzuk hiltzeko erabakia, baina hainbat ostiral pasatu ziren erabakirik gabe.

Patio de las Cuatro Acacias deitzen zen presondegiko patioa, eta esaten zen gerra zibilean jende asko fusilatu zutela bertan; milaka zulo zituen hormak bihotzaren alturan.

Patio hartan lagun euskaldun batzuekin ibili zen alde batetik besterako paseo motzetan oraindik. Hiltzen banaute, zer jarrera hartu behar diat azken unean? galdetu omen zuen egun batean. Eta lagunaren alboan ibiliaz, eta pausu arinez zebiltzan, inora heldu nahi balute bezala, batbatean negarrez ere hasi omen zen.

Baziren mobilizazioak Euskal Herrian, eta Europan zehar, baina ez ziren nahikoa izango. 1975eko irailaren 26an bere ziegatik atera zuten eta, bost funtzionarioek, kapilla izeneko zelda aparte batera eraman zuten. Han bakar bakarrik geratu zen eta orduan jakin zuen azken gaua izango zela eta hurrengo goizalban hilko zutela.

Funtzionarioek galdetu zioten ea apezaren bedeinkazioa nahi zuen. Anjelek ezetz esan zuen, eta han agertu zen apeza, sotana beltzean goitik behera botoi ilara bertikala, peregrinazio modukoa. Ez dut bedeinkaziorik nahi, esan zuen Anjelek, apeza frankista delako eta konfesatzeko ezer ez dudalako.

Gau hartan ama ere ikusi zuen. Ama Maria utzi zuten sartzen bakarrik, Euskal Herritik etorritako beste ahaide eta lagunik ez. Zazpi militarren artean hitz egin zuten apur bat Anjelek eta amak. Ama ez zen ia hitz egiteko gauza, ume handitu hura azkenekoz ikusten zuela jakinda une hartan. Ama negarrez eta ahituta zegoen, Ama, zu lasai ibili, eta ez etxean geratu, lotsatzeko arrazoirik ez duzulako, esan zion semeak, Euskal Herriaren alde ibili naizelako hilko naute eta. Berehala amaitu zen bisita, une bat izan zen.

Ea nahiren bat zuen galdetu zioten orduan militarrek. Pattar apur bat eta zigarroa, esan zuen Anjelek. Gero zigarroa ezpainetan eta pattarra edanez esan zuen, Eska dezaket besterik? Militar batek erantzun zion: Eskatu. Anjelek jolasean bota zuen: Ez hiltzea gaur. Noiz nahi duzu ba hil? Hogeita zazpi urte barru.

Militarrak, nahi hori konplitzeko, kontsultak egin behar zituela esan zuen, baina baiezkoarekin itzuli ziren handik laster. Exekuzioa normalki konplitu zela esango zen, ofizialki, esamesak ere zabalduko zituzten zelan gertatu zen, espetxeko hormara ailegatu orduko oihu egin ziotela: Otaegi! Eta Anjelek buelta eman zuenerako tiro egin ziotela.

Ez zen gertatu zenaren lekukorik izan. Ahaide batzuk gorpuaren zain geratu ziren Burgosen. Ez zieten espetxe inguruan egoten utzi, baina goizeko zortzietan espetxearen atera itzuli ziren. Anjel hilda zegoela esaten zieten, baina ez zieten gorpua ikusten utzi. Arratsaldeko lau eta erdietan abiatu zen hilkutxa Burgosetik Euskal Herrira, denak ilaran joan ziren, guardia zibilak aurretik, ehorztetxeko autoa, gero guardia zibilak, eta gero ahaideak eta lagun azpeitiarrak. Gaueko hamarrak aldera ailegatu ziren Nuarbera. Eta Nuarbe ere guardia zibilez beterik zegoen, eta ez zioten inori hilkutxa irekitzen utzi. Baten batek esan zuen odola zeriola kaxari. Halakoak imajinatzekoa zen giroa. Baina ezin izan zuen inork Anjelen gorpua ikusi.

Anjel kristalezko edalontzi hura pattarra eta zigarro hura hatzen artean egongo zen kapillan zain. Heriotzara kondenatuaren nahiak konplitu behar direla eta, ez zuten fusilatuko egun hartan. Hogeita zazpi urteko atzerapena eskatu duzu, esango zion militarrak, ba hogeita zazpi urtekoa emango dizu Espainiak, Espainia txarra dela pentsa ez dezazun.

Eta ziegan inkomunikatuko zuten, Patio de las Cuatro Acacias hartan, Submarinoan. Munduko lekurik tristeena izango zen hura, baina irratia entzungo zuen batzuetan, kazeta zaharren bat lortuko zuen besteetan, eta ilusioarekin biziko zituen albisteak. Francisco Franco hilda, harrezkero monarkia parlamentarioarekin Espainia aldatzen ari zela enteratuko zen. Amnistia eman zutenean, presoen oihuak eta gorak entzun zituen beste galerietan. Anjelek funtzionarioari galdetuko zion: Amnistia eman dute?

Baina zuretzat ez, erantzungo zioten. Gero Konstituzioa proklamatuko zen eta, Konstituzioaren arabera, heriotza zigorra abolituko zen. Hala ere jendea hiltzen jarraituko zuten, era batean eta bestean, Intxaurrondoko kuartelean edo Bidasoa ibaian, torturatuta edo itota.

Estatutuak ere kontzeditu ziren eta, Anjelek ilusioa izan nahi zuen eta, ea demokrazia hark denei askatasuna emango zien galdetzen zuen batzuetan.
Zer, noiz utziko nauzue libre?
Agindutako egunean.
Ama hil zela jakin zuen egun batean.

Eta Patio de las Cuatro Acacias hartan egongo zen, munduko lekurik tristeenean, kuartel, eta komentu, eta kartzela, eta adreilu zahar eta lixiba usain harekin, harik eta gaur arte, hogeita zazpi urte geroago, agindutako eguna heldu eta sententzia beteko den arte.

Gaur bete da, goizeko lehen argiarekin eraman dutenean hormara. Pattarrik gabe, zigarrorik gabe eta beste, ezelako nahirik konplitu gabe. Eskerrak eman Espainiari, azkeneko hogeita zazpi urteotan bizitza barkatzeagatik.

2002ko irailaren 27an, ostirala. Lekukorik gabe hil dute. Gerra zibileko fusilamentuen markak ikusteko astia izan du apur batean, hormara ailegatu orduko egin diote deiadar:
Otaegi!
Eta tiroak jaso ditu Anjelek buelta eman duenerako, bihotzaren alturan denak. Eta azken unean ezelako jarrerarik hartzeko astirik gabe hil da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak