Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 16,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Iritziak »  Alaitz Olaizola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai Librien

Bizikleta falta!

Alaitz Olaizola

Aurtengoan, gurean izan ez dugun udaren bila joan nintzen irailean penintsulako hegoaldera eta hemen garesti izan ditugun eguzki izpi beroak topatu nituen, merke asko topatu ere.

Ez naiz ni, kanpoan dagoenean, herri-mina izaten duten horietakoa. Urte osoa herrian pasatu eta gero, kanpora joateko irrikitan egoten naizela aitortu beharra daukat. Jende berria ezagutu, bazter berriak ikusi, usain ezberdinak usaindu...

Aurtengoan, ordea, Euskal Herritik iristen ziren berriak ez ziren batere lasaigarriak. Garzonen aginduz, bazterrak nahasten hasiak zeudela jakin nuenean, erabat urrun nengoen sentsazioa ezin izan nuen gainetik kendu. Hemen bazterrak nahasten hasi bezain pronto, telefonoa astintzen hasi nintzen, norbaitek hemen gertatzen ari zenaren berri emateko itxaropenarekin. “Tentsioa da nagusi”, esaten zidaten behin eta berriz, eta horrela, ezin lasai egon eguzki epeletan etzanda. Ezin egin itsuarena, itsua ez denak!

Telebistaren mandoarekin zapping egiteko dudan trebezi bera izatera iritsi nintzen irratiaren gurpilarekin. Albistegiei erabateko arreta ipini nien hasiera batean, baina, gero, esaten zutena entzutea baino, ezer ez entzutea nahiago nuela erabaki nuen. Haserre, haserre amaitzen bainuen eguna.

Horrela, hondartzaz eta giro ederraz gozatzeko parada izan nuen. Bazirudien, azkenean, egun haiez gozatzeko gai izango nintzela. Eta horrela izan zen. Urteroko moduan, han ondo hartu gintuzten eta guk ere hoberena eskaini genien. Jende jatorra topatu izan dugu beti Murtzia aldean.

Penaz itzuli nintzen. Itzultzeak, egunerokora bueltatzea esan nahi zuen, egia gordinera. Trenez bi-daia luzea egin eta gero, Euskal Herriratzean, sekulako euri-jasak harrapatu gintuen. Ez nintzen batere harritu, oso nirea egiten zitzaidan euri hura, gogotik ari zuen euri zaparrada galant hura.

Bitartean, behin eta berriz galdera bera egiten nion neure buruari, ea zer gertatuko zen aurrerantzean gure herriarekin, Euskal Herriarekin. Orain, badakit.

Azkenean, bidaia hasitako lekuan amaitzeko asmoz, Azpeitira iritsi nitzen. Bizi naizen etxe atariko teilatupera begiratu nuen. Begia luzatu nuen egunero egin ohi nuen moduan, aspaldian asko erabili gabea zegoen bizikleta bertan ikusteko asmoz. Morez margotua, hautsez betea, jarleku aldrebesekoa... baina nirea ordu arte eta beste norbaitena batek daki noiztik! Eta ez nintzen harritu, baina bai haserretu. Lapurtzen hasi eta baita bizikleta aldrebesa lapurtu ere! Kanpora joaterako etxera jaso izan banu...

Geroztik hona, besterik ere lapurtu nahi diguten sentsazioa areagotuz doa eta nahita ere, dena ezin etxera jaso!

Agian, datorren urtean, oporretatik itzultzean, gauza bakoitza bere tokian egongo da, baita nire bizikleta ere. Orain daukanak itzultzeko asmorik badu, mesede bat eskatu nahi nioke: margotu dezala berriro, premia bazeukan eta. Batek daki, agian datorren irailean, teilatupean aurkituko dut. Eta, ez naiz harrituko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak