|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: amuko zubitik
Zer ikusi, edo...nola ikusi
Ainhoa Odriozola
Azkenaldian gure lagunarteko kafetxo, afaloste eta tertulietan oro har, telebistako programek tarte handia hartu dute. Ez dakit irakurleoi berdin gertatuko zaizuen, baina koadrilan, zenbait programei buruz luze hitz egiten da; sarritan eztabaidatu ere bai. Anai handia, arrakasta operazioa, pop izarrak... eta hauen satelite diren kotilleo saioak ahaztu gabe; telebistan oraintxe ez baitago besterik. Beti, asteko nobedadeak komentatzen hasten gara, “ondo abesten du baina badaki”... Gero, orokortuz saioen atzean dagoenaz hipotesiak eginez: “Famaren bila doaz”, “morboaren bila doaz”... Ondorioak: “Lotsagarria da”, “telebista publiko batek horrelakorik”, “gaizki zagon, baina astelehen gauerako zer nahi dun ba!”.
Elkarrizketa hauek errepikatzearen poderioz bi gauza ditut argi. Bat, aurtengo edizioak ez ikusteko promesa tinkoa mantenduko dudala, denbora era probetxugarriagoan erabiltzeko bada ere. Ez ikustearen aldeko kanpainarik ez dut egin nahi ordea, bakoitzak ikus dezala nahi duena, libre da eta. Bi, aurreko edizioak engantxatuta jarraitu ditut eta esateak ez nau gorritzen. Gauzak ezagutu egin behar direlako haiez hitz egiteko, eta (hor dago gakoa) ikusteko moduak edo perspektibak gauza asko aldatzen duelako. Garbi eduki behar da, saio hauen helburua ez dela entsegu soziologiko bat, edo artisten promozioa... helburua audientzia da, eta telebistan hori diruaren sinonimoa da. Gainera, errealitate itxura badu ere, bertako protagonistak eta istorioak ez dira benetakoak (nahiz eta benetako diskoak atera) telebistaren iragazkiak birtual, fikziozkoak bihurtzen baititu. Guztia joko erraldoia da, partehartzaileak, kazetaria eta ikuslegoa zaku berean sartzen dituena. Honekin ados bazaude irakurle, ados egongo zara norberaren aukera dela saio hauek ikustea ala ez diodanean ere, baina ikuspuntua aukeratuz, zakuaren barrutik ala kanpotik alegia.
|