|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Kultur menu standarra
Aitor Bereziartua (Urrestillako Musika Taldeak)
Kultura, jende talde baten ohiturak (edo jokamoldeak) dira: jateko, edateko, bakoitzaren barruko demonioak domatzeko, denbora-pasarako, pertsonen elkar trukerako... Azken finean, elkar bizitza arautzen (eta askotan mugatzen) duten ohitura edo jokamolde mordo baten multzoa da.
Orokorrean azpeitiarrok nahiko itxiak eta elkarren arteko traturako aldrebes samarrak gara, menu batean eskainitako kulturaz konformatzen gara (gauza berriei beldurra diogula dirudi). Hala ere, badaude zenbait talde herrian, normalean espontaneoki sortuak, menu horretatik kanpo zerbait eskaintzen ahalegintzen direnak. Herrian, kultur talde asko dago, baina nahiko egoera pattalean daude (salbuespen batzuk izan ezik). Pattal, zergatik?:
- Taldeak antolatu eta ekintzak garatzeko azpiegituren beharrean daude.
- Herritarren inplikazioa txikia da (batez ere, partehartzea).
- Ondorioz, taldeetan gauza berrietarako ilusioa murrizten doa.
Kultur azpiegituretan, batez ere, bi hutsune handi nabari dira:
- Kultur etxea: taldeen lana garatzen laguntzeko lokalekin.
- Ikuskizun aretoa: 300 bat pertsonentzako areto bat (antzerki, musika, dantza eta abar egiteko egokitutako aretoa). Honela, herriko eta kanpoko jendearen lanak aurkezteko aukera izango litzateke bertan (... menutik kanpoko lanak, hain zuzen ere).
Herrian dagoen kultur eskaintzan hobetzeko asko dago. Hiru atal garrantzitsu, batez ere (bata bestearekin lotuta daudenak):
- Udalak, taldeak herria aberastu dezaketen kultur talde bezala hartzea (ez dirua irabaztera doazen talde gisa) eta beren lanean jarrai dezaten laguntzea. Honekin, herriko kultur plangintza egiteko orduan taldeek parte hartuko lukete.
- Taldeok elkarlanerako ireki beharra dugula eta egiteko lan asko dagoela ohartzea (kasu askotan, udala eta herriko jendearen inplikazioa eta partehartzea lortuz). Autokritika moduan, berriz, arazo guztien errua besteei botatzeko ohitura izaten dugu (eta askotan gure errua izan ohi da).
- Jendearen harrera. Ez udalak eta ez taldeok ez dugu lortu herriko jendea taldeokin identifikatzea (salbuespenak salbu). Jendeak ez du interes handirik, ez udaleko ekintza askorekin ez eta herriko taldeen ekitaldiekin ere. Gero eta errazagoa egiten zaigu aurrez prestatutako menu kulturala irenstea (telebista, zine komertziala, partehartzea bultzatzen ez duten ekintzak...), honek epe luzera herri mailako talde edo ekintzetan interes txikiagoa izatea dakar. Bai udal eta kultur taldeen lehenengo lanetako bat jendeak taldeetan parte hartzeko bideak erraztea da, bestela ez dugu inoiz jendearen benetako inplikazioa lortuko. Betiko aurrez prestatutako menu kultural estandarra kontsumitzen jarraituko dugu (ondorioz, gure ohiturak ez dira gureak izango, baten batek diseinatutakoak baizik).
|