Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Iritziak »  Kultura »  Kultur mailan egiteko asko dago

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen

Kultur mailan egiteko asko dago

Laxaro Azkune (Erniarraitz Bertsozale Elkartea)

Azpeitia eredugarria izango da hainbat alorretan baina ez behintzat kultura mailan duen jarduna edo azpiegitura alorrean dituen erosotasun eta baldintzengatik.

Ez du horrek esan nahi herrian ez dagoenik kultura mailako kezkarik eta lan asko egiten ez denik: dantza, antzerkia, musika, bertsolaritza, literatura, argazkia, zinea... zerrenda luzea da eta urte askotan ari da lanean jendea. Hala ere, zeinen gutxi dakigun elkarren berri. Bakoitza geure zilborrari begira ari gara. Ez dago koordinazio minimorik, ez informaziorik eta tamalez horretan orain arte egon diren udal ordezkariek edo ez dute asmatu edo ez dute gutxienez aurrerapen handirik erakutsi. Arrazoi horrexengatik sortu zen Uztarria Kultur Koordinadora —Erniarraitz Bertsozale Elkartea ere kide da bertan— eta hortik sortutako Uztarria herri aldizkaria eta bere webgunea dira bere emaitzarik nabarmenenak. Azken urtean Aitor Gorrotxategi, kultura zinegotziak erakutsi zizkigun hainbat talderi udalak zituen asmoak eta hogei urte geroago bada ere Basozabal Kultur Etxe gisa ikusteko ametsetan hasiak ginen, proiektuak eskatu zizkigun eta etxea bera ikusten izan ginen bere antolamendurik egokiena zein izan zitekeen erabaki aurretik. Ez dirudi ordea, amets hori oraingoz gauzatuko denik. Ez dago dirurik kulturarentzat. Sarriegi falta izan da, baita orain ere.

KULTUR ETXEA. Zertarako behar dugu kultur etxe bat? Euskal kulturarekin kezkaturik dauden, bakoitza ari den arloa dena dela ere, guztiek espazio baten inguruan ibiliz eta beronen erabilera egoki baten bidez elkar ezagutu eta animatzeko biderik egokiena delako eta elkarrekin proiektuak gauza daitezkeelako. Horretan ziren asmoak, dinamizatzaile bat tarteko, oso ideia onak izan zitezkeen baina ez utopikoek amets egiteko, ez, benetan behar delako baizik. Euskaldunok oro har, eta azpeitiarrok ez gutxiago, oso harro agertzen gara euskaldun izateaz baina, pentsatzen jar gaitezen zein diren euskaldun baten berezitasunak, euskaldun egiten gaituzten eta gure aurrekoek gureganaino ekarri dizkiguten altxorrak. Gureganaino ekarri dizkigutenei zor diegu baina gehiago gure ondorengo belaunaldiei, ondasun horiek guztiek hobetuta, egokituta, gaurkotuta eskaintzea. Berez ez da ezer etortzen. Globalizazio oker ulertu baten izenean, espainiar edo amerikar kantarien kantuak, espainiar telebistetako saioak, atzerriko ohiturak, izango dira gure gazteen artean nagusi dabiltzanak. Gero damutuko gara behar bada baina ez dadila beranduegi izan. Kulturan inbertitzea diru galtzea dela usteko du batek baino gehiagok. Noski epe laburreko etekinari begiratuz ari denak, baina ez inteligentzia pixka bat erabiliz luzera begiratzen duenak.

Azpeitian ez dugu kultur etxerik, aspalditik hasitako bidea den arren Imanol Elias liburuan bertan irakur dezake nahi duenak, noiztik diren asmo horiek abiatuak. Kulturarako espazio barreiatu batzuk baino ez ditugu eta baldintza nahiko eskasetan asko. Merezi du kulturan inbertitzea, gure herriaren nortasunean inbertitzen delako, etorkizunerako inbertsioa delako.

Kultura mailan asko aurrera dezakegu, elkarren berri izanez, elkarrekin gauzak antolatuz. Udalak suspertzaile eta koordinatzaile zeregina bete behar luke eta ez limosna banatzailearena. Hau ez dezala inork kritikatzat hartu, ez doa inoren aurka, neure uste bat azaleratu baino ez dut egin.

Elkarren konfiantza indartu eta denok lanera, izango litzateke nire eskaria oraingoz eta gure diruek aurki dezatela noizbait kulturan gastatuak izateko zoria eta ez beti, lurrean, asfaltoan eta bestelako azpiegituretan bakarrik. Euskal kulturak oraindik hotz handi xamarrak pasatzen ditu eta badu garaia beherapenetan bada ere jantzi bila hasteko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak