|
|
|
Aurrera ekarrita
: 1982ko azaroaren 6a egun historikoa izan zen: aita santuak Loiola bisitatu zuen. Hogei urte
Aita santuaren bisitak hautsa harrotu zuen
Nerea Uranga
Hiru ordu egin zituen Juan Paulo II.a aita santuak Loiolan 1982ko azaroaren 6an — 09:35ean heldu eta 12:30ean abiatu zen helikopteroz Xabierrera—. 150.000 pertsona inguru hurbildu ziren Loiolara.
|
|
JENDETZA. 1982ko azaroaren 6an 150.000 lagun bildu ziren aita santuak Loiola bisitatu zuenean.
|
|
|
|
HELIKOPTEROZ. Aita santua helikopteroz etorri zen Gasteiztik Loiolara. Azkoitira bidean dagoen auto eskolako lur eremuan lur hartu zuen, hauts ugari harrotuz.
|
|
|
|
HARRERA. Aita santuari harrera egiten Carlos Garaikoetxea eta Jose Maria Setien gotzaina.
|
|
|
|
AZPEITIARRAK. Azpeitiar ugari bertatik bertara izan zen aita santuaren bisitan.
|
|
|
|
MEZA GUNEA. Aita santuaren autoak basilika atzean bildu zen jendetzaren artean buelta bat eman zuen meza hasi aurretik. 150.000 lagun bildu zirela esaten da; hala ere, gehiago biltzea espero zen.
|
|
_Joan Amenabar (orduan irakaslea)_
"Hainbat oilasko, salda eta kafe alferrikaldu zen"
1982an Karmelo Etxegarai Ikastolako irakaslea zen, gaur egun Urola Ikastolako zuzendaria da. 1979an Kilometroen antolaketan arituak ziren eta eskarmentua bazeukaten jendetza hartzen. Horregatik, aita santuaren bisitan postuak jartzeko proposamena jaso zuten eta ikastolarentzako diru iturria izan zitekeela eta animatu egin ziren. “Antolaketa egin zen eta gero hainbat kontakizun, gertakizun, adar-jotze eta barre egite izan ziren. Aurreikuspen batzuk egin ziren, ez dakit zenbat mila pertsona etorriko zirela eta pertsona horiek etorri ziren, baina oso jende berezia etorri zen. Autobusetan etorri zen jendea, presaka eta ilaran, Loiola atzeko belardira joan zen, tokia hartzera bakoitza bere aulkitxoarekin, fianbrera, termo eta janari-edariekin. Gero kontatzen ibili ginen ez dakit zenbat oilasko alferrikaldu zirela, zenbat litro salda eta kafe, erreka bota zirenak...”.
_Miguel Etxeberria (jesuita)_
"Aita santua heltzeko orduan gotzaiak hemen ibili ziren batera eta bestera"
Juan Paulo II.a aita santuaren bisita garaian Loiolan zegoen Miguel Etxeberria jesuita, eta oraindik ere bertan bizi da. Etxe Santura bisitan agertzen direnei ongi etorria eman eta gidari lanetan aritzen da. Hark ere, jakina, gogoan dauka orain dela hogei urteko egun hura. Loiolan aita santuaren bisita zela-eta prestaketa handiak egin ziren, batez ere basilikaren atzealdean. “Guk basilikaren atzealdean sagasti bat genuen sagarrondoz betea; sagorrondo asko genituen. Baina, zelai handi bat behar zela eta, zelaia behar bezala antolatzeko sagarrondo guztiak atera genituen, zelaia zuhaitzik gabe eta dena berde utziz. Hor lan handia egin zuena Foru Aldundia izan zen, eta ziur ez dakit baina Eusko Jaurlaritzak ere egingo zuen lanik. Hortik aurrera, gauza asko prestatu behar izan zen; adibidez, abesbatzak kantatzeko, baratza ondoan geneukan baserriko ganbaran abesteko lekua jarri zuten”. Etxeberriak Loiolako Basilikatik eta jesuiten etxetik kanpo denbora gutxi egin izan zuen aita santuaren bisitak iraun zuen orduetan, sartu-irtenean-eta txartel batekin ibili behar izan baitzuten, segurtasun neurri zorrotzak zirelako egun haietan. Aita santuaren bisita egunean Etxeberriaren egitekoa meza ospakizunean intsentsuaz arduratzea izan zen. Meza antolatu bezalaxe egin bazen ere, beranduago hasi zen, Paulo II.a hiru ordu laurden beranduago iritsi baitzen. “Berandu etorri zen. Zergatik? Harekin Erromatik etorritako batek hala esan zidan: ‘Nik esan ahal baneza! Diotenez, segurtasunagatik atera da berandu Gasteiztik’. Aita santua heltzeko orduan gotzain jaunak hemen ibili ziren batera eta bestera. Ez zekiten ziur non jaitsiko zen Paulo II.a zetorren helikopteroa. Esklaba inguruan zegoen lur hartzeko lekua prestatuta. Azkenean txofer ikasteko lekua dagoen horretan lur hartu zuen. Une hartan basilika barruan nengoen, ate parean, basilikako atea zabaldu eta organo martxa eder bat jotzeko esateko, baina denbora faltagatik ez zen sartu aita santua. Basilikako eskailerak igo eta Etxe Santura joan zen otoitz egitera. Gero papamovilean buelta bat eman jendartean eta meza eman zuen. Mezan esan zituenak egokiak izan zirela uste dut, gauza ederrak eta egokiak esan zituelako”.
_Luciano Lazkano (alkatea orduan)_
"Herriarentzako probetxua ateratzen saiatu ginen"
1982an Azpeitiko alkatea zen. Aita santuaren bisita aurretik izan zen lan gehien udaletxean. “Jakin genuenean aita santua Loiolara etortzekoa zela, herriarentzako ahal zen probetxu gehien ateratzen saiatu ginen. Bagenekien horrek herriari publizitate handia egingo ziola. Gainera, hemen kontu asko Foru Aldundiaren eta herriaren dirutzarekin egiten dira, baina beste gauza asko Madrilen menpe zeuden. Orduan, Loiola txukuntzeko ahal zen diru gehien lortzen saiatu ginen. Obra handienak Loiolan egin ziren, ibaia bideratu, ibaiaren hormak harrizkoak egin ziren, Amenabarreko zubia berria egin zen, baina gainontzean ez zen apartekorik egin”. Baina, ez zen esperotako jenderik etorri Loiolara. “Izugarrizko jendetza espero zen, baina ez zen hainbeste etorri. Beharbada, telebistan eta prentsan agertu zen, eta hor izan zuen bisitak nolabaiteko oihartzuna”. Bisitaren unean izandako istiluak ere gogoan ditu. “Madrilgo Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean istilu izugarriak izan genituen. Izarra aldean ongi etorria egitekoak ginen, musika banda prestatuta zegoen Agur jaunak jotzeko, eta gero lehergailu baten aitzakia zela eta ez zela, presaka, auto eskola pistara joan behar izan genuen, helikopteroak han lur hartu behar zuela eta. Bezperan ere kezka pixka bat bazen. Jose Antonio Ardanza bezperan etorri zen, lagun bezala gure etxean egon zen, gero Imanol Murua ere bai, elkarrekin ibili ginen goizaldea arte Loiolara joan eta nobedaderik ba ote zen ikusten; ez zen aparteko ezer izan. 1981eko otsailean Espainiako erregea Loiolara etorri zenean is-tiluak handiagoak izan ziren. Araua betez, aita santuaren bisita aurretik Espainiako erregearen bisita izan baigenuen”.
|