Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Azaroa »  Aita santuaren bisitak hautsa harrotu zuen »  Aita santuaren bisita

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita : Liburuko pasartea

Aita santuaren bisita

Carlos Garaikoetxea

Carlos Garaikoetxeak, 1982an EAEko lehendakari zenak, ‘Memoria politikoak. Euskadi: bukatu gabeko trantsizioa’ liburua argitaratu du aurten (Planeta), eta bertan pasarte bat dakar aita santuak Loiolara egin zuen bisitaz. Honatx ia osoa:

Egitarauan [1982ko] azaroaren 6a ezarri zen bere [aita santuaren] bisita ospatzeko Loiolan. Prestaketa lanak kontu handiz egin ziren, eta segurtasun taldeko bi mila bat polizi —haien artean Ertzaintza estreinatu berriko laurehun— arduratu ziren hain bisita arranditsua ongi atera zedin.

Bisitaren egunean aurreikus zitezkeen auto ilarak- eta zirela medio, eta baita prestaketa lanak bertatik jarraitzeko ere, emaztearekin batera bezperan joan nintzen Loiolara, baita Eusko Jaurlaritzako kideak ere, eta santutegian bertan hartu nuen ostatu; han zeuden euskal apaizak, eta afari alai bat eduki genuen haiekin.

Baina gau aldera hasi ziren gauzak konplikatzen, Espainiako Gobernuko behin-behineko presidente Calvo Sotelok deitu ninduenean, balizko atentatu batez informazioa zutela azalduz eta aita santuaren iritsiera eta harrerari buruzko dena aldatzea aztertzera behartuta zeudela. Hain justu, presidentearen kezka egitarauaren zati hori izateak harritzen ninduen ni pixka bat, baina nire harridura susmoan bilakatzen joan zen Calvo Sotelo, disimulatu gabeko kezkaz, prestatua genuen harrerako detaileez galdezka hasi zitzaidanean, eta, gainera, aita santua iristean Agur Jauna euskal agur tradizionala joko zela aipatu nionean, kuriositate handia sentitu zuen jakiteko ea geldirik edo mugituz joko zen. Nabarmena zen telebista kamerek mundu osorako Eusko Gobernua bere eserkiarekin aita santua hartzen emateak kezkatzen zuela.

Susmoak areagotuz joan ziren Calvo Sotelo bera eta Estatuko Segurtasun arduradun nagusiak —hauek Loiolara etorriak— aita santuari egin beharreko harrerako lekua eta detaileak azkeneko orduan aldatzeko posibilitateez iradokiz hasi zirenean. Ustezko alarma horien sinesgarritasuna txikitzeko, zulamakina bateko pala handi bat lurra batere kuidadorik gabe harrotzen hasi zela ikusi genuen, eta hori ez da oso ohikoa lehergailu baten bila ari denarengan. Are gehiago, hurrengo egunean Mayor Orejari —orduan Gobernuko ordezkaria— aipatu nionean zeintzuk ziren nire susmoak alegiazko atentatu bati buruz, berak nire usteari sinesgarritasuna eman zion, badaezpada Loiolan ez zuela lo egin esatea otu zitzaionean. Beraz, erantzun nion, besteoi han lo egiten utzi diguzue!

Egiazki, helikopteroaren iritsieran atzerapena probokatzeaz gain, azkeneko unean, eta susmatu bezala, bisitari entzutetsuari harrera santutegiaren ondoko beste leku baten egitea eskatu ziguten, segurtasun arrazoi serioak zirela medio. Aita santuaren etorrera baliatuz ez genuenez baieztapen nazionalerako inolako zeremoniarik antolatu, ez genuen arazorik izan gure planak aldatzeko, nahiz eta antolaketa aldetik saihestezineko arazoak izan. Hala, aita santuaren taldeko helikopteroak, bere ekitaldi erlijiosora joana zen jendetza hartzeko prestatu berria zegoen lur eremu zabalean pausatu ziren, eta hura kaos txiki bat izan zen. Musikariak alde batetik bestera ibili ziren instrumentuekin; alfonbra gorri handia lur hartze tokirako zabaltzen ari zirenek beren eginbeharra norabide desberdinetan berriro egin behar zuten, lur hartze inprobisatuaren puntua zein zen asmatu arte; eta komikoena izan zena: helikopteroek lur hartzean harrotu zuten hautsa, gure traje ilunak eta buruak lurrez estali zituena.

Helikopterotik jaitsi zenean, aita santuak ez zuen euskal lurra musukatu askok espero bezala, baina egoera komiko hura umore bikainez aipatu zuen, nire eskuetatik makila jaso eta gero.

Aita santua agurtu zenean, gutako asko pixka bat dezepzionatuta geratu ginen, ez zuelako gure herriaren errealitate politiko eta sozialaren errekonozimendurik egin, eta haren papera oso garrantzitsua zatekeen eremu politiko jakin batzuetan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak