|
|
|
'Imanol Elias' liburua
Antzerki-egilea, historialaria, alkatea, idazlea,
irakaslea... gauza asko izan da Imanol Elias, beti herriaren alde. Hona Uztarriak Mailo Oiarzabalen eskutik egindako biografiaren bi zati eta argazkiak
|
Mailo Oiarzabalek egin du Imanol Eliasi buruzko liburuxka biografikoa. Urrestildarra da Mailo (1971), kazetaria. 2000an Azpeitiko Jaiak liburua egin zuen beste batzuekin batera.
"Imanol Eliasek
ezagutza egarri
ikaragarria du, eta ni horrekin geratuko
nintzateke”
|
|
|
- Liburua: Imanol Elias
- Izenburua: Herria maitatzeko era asko daudelako
- Egilea: Mailo Oiarzabal
- Argitalpena: Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora
- Aurkezpena: Irailaren 28an izan zen
- Generoa: Biografia
- Orrialdeak: 163
- Salneurria: 7 euro
- Saltokiak: Lagun Onak Mendi Bazkuna, Zuhatz, Pastorkua, Eklipse, Belaetxe, Uztarria, Etxe-Aitz (Azkoitia)
|
|
‘Inoxente’, Manuel Eliasena
Antzerkian aktore eta zuzendari gisa parte hartzeaz gain, 1960ko hamarkadak aparteko garrantzia izan zuen Imanol Eliasen idazle ibilbidean. Are gehiago, esan daiteke hamarkada horren aurreneko urteetan jaio zela Imanol Elias idazlea. Lehendabiziko idazlanak Loiola Herri Irratirako egin zituen. “Loiolak eman zituen lehenengo euskarazko lanak nik idatzitakoak izan ziren”, dio Imanolek 1962an aireratu ziren Andre-gizonak irratsaioei buruz. Irratirako idazteaz gain, Loiola Herri Irratiko lehen urte haietan esatari lanetan ere aritu zen; “baina laster jabetu nintzen hura ez zela niretzako egiten”, dio.
Oargik bultzatuta Azpeitian euskarazko an-tzerkiak urte haietan ezagutu zuen berpizkundearen hariari eutsi zion, era berean, Imanol Eliasek. Juanito Bikendi eta beste zenbait bidelagun hartuta, han eta hemen antzezlanak egin zituen 1960ko hamarkada osoan zehar. Antzer-kiarekiko zaletasuna idaztearekin bat eginez, Imanol Eliasek 1964an sortu zuen bere aurreneko antzezlana: Inoxente. Gaztelerazko beste baten moldaketa izan zen hura, euskaratua. Eta baita taularatua izan zen egile azpeitiar honen lehendabiziko lana ere. Komedia erako lan ho-rren estreinaldia 1966ko Santo Tomas egunean egin zen, Azpeitian, Soreasu antzokian, eta 1967ko urtarrilean, berriz, Azkoitian Olimpia zine aretoan eman zuten berriro. “Txokolo-tar txistularietako bat hil egin zen, eta haren alargunarentzat dirua biltzeko antolatu genuen Inoxente-ren emanaldia —gogoratzen du Imanolek—. Hemen zortzi mila pezeta baino gehiago bildu ziren. Garai hartan sarrerak igual hogei duro edo gutxiago balio zuela kontuan hartuta, jendeak oso ondo erantzun zuela ikusten da”.
Imanol Eliasek idatzita taularatu zen lehendabiziko lan hori, Grupo Artístico Azpeitiano izeneko taldeak eman zuen. Berez ez zegoen izen hori zeraman antzerki talderik, baina antzeko izenen bat jarri behar, dirudienez, diktadura garai hartako agintariek baimena luzatzeko. Espainiako Informazio eta Turismo Ministerioko Gipuzkoako delegaziora eskaera luzatzea ezinbestekoa zen, beste hainbat konturako bezala, herri mailan antzerki lan bat aurkezteko. Hortik Madrilera zuzentzen ziren eskaerak, antzezlanaren libretoarekin batera, hango Dirección General de Cinematografía y Teatroko Censura Teatral sailetik igarotzeko. Hangoen oniritzia adierazten zuen zigilua gainean zutela itzultzen ziren azkenean eskaera orrialdeak. Grupo Artístico Azpeitiano izen serioarekin batera, Imanol izen susmagarria baino askoz fidagarriagoa zen Manuelekin ordezkatzea ere ezin ahaztu, noski. Horrela, Manuel Elias agertzen zen Inoxente-ren egile gisa, eta ez Imanol Elias. “Eskaera ofizial ugari egitea beste erremediorik ez zen egoten antzerkia emateko arazorik ez izateko. Eta eskaeratan Imanol Eliasik ez jarri, Manuel ipini badaezpada ere, hainbeste lan hartu eta gero antzerkia eman gabe gelditzeko arriskua egoten zen eta. Gero, askotan, emanaldia egiteko bi egun falta ziren arte ez zitzaigun baietza iristen, eta iristen zenean agian ‘halako bi orrialde kendu’ agintzen zizuten. Baina ordurako aurrera segitu eta guztia ematen zen, eta kito. Aurrera eramateko gai zaila zen, baina ez genuen aparteko arazorik izaten”, azaltzen du Imanol Eliasek. Hori bai, Inoxente-k ‘únicamente para mayores de 18 años’ baimena eskuratu zuen, nahiz eta, Imanolen esanetan, “ezer ez eduki”. Garaiko zentsura famatuaren komeriak.
Azpeitiko katuak eta arkakusoak
Azpeitiko udaletxeko artxibategian ere garai hartan egin zituen lehendabiziko sartu-irtenak, baita bertako egoera kaskarraren ondorioak jasan ere. Izan ere, gaur egun informatizatuta eta askoz egokiago antolatuta dagoen artxibategiarekin zerikusi txikia zeukan toki umela, zikina eta utzitakoa zen Azpeitiko Udal Artxiba-tegia urte haietan. Baita geroxeago ere, 1997an argitaratu zen Azpeitia Historian zehar-erako lanean aritu zenean ere hala-moduzko baldintzatan aritzea tokatu baitzitzaion Imanoli. 1960ko hamarkada bukaerara itzulita, ordea, artxibategiaren egoera benetan beldurgarria zen, Imanolek kontatzen duenaren arabera. “Askotan leihoak irekita egoten ziren. Sareak zituzten haiek bere garaian, baina ordurako sare zuloak ziren. Katuak ibiltzen ziren eta ba-tzutan atzera botatzeko moduko usaina egoten zen”. Katuak sartu-irtenean zirela, xaguekin eta arratoiekin topo egiteko aukerak murriztu egiten ziren behintzat...
Baina, hain justu, katuekin zuzeneko harremana zeukaten beste maizter batzuekin oso bestelako kontuak ezagutu zituen Imanolek. Hala, artxibategira eginiko bisitaldietako batean, bere garaian iragarki taula gisa erabilitako bat aurkitu zuen, oihal berde batekin tapizatua. Tresna egokia iruditu zitzaion, liburuak taularen gainean jarri eta bere lana modu erosoagoan egin ahal izateko. Baina taulak ezusteko oparia zeukan. “Neuk sentitzen nuen, ttak, ttak, ttak, besoetan zerbait. Zer izango eta arkakusoak! Neuk ikusten nituen besoetan saltoka. Oihal berdea josita zegoen”, dio, une hartako “azkura eta nazka ikara” gogoratzean.
Aurrezki kutxaren deialdiei erantzunez egindako hiru liburuxka haiekin sartu zen Imanol Elias historiagintzaren barrenetan. Hasierako haietan bezala ondoren argitaratzen joan den lanetan ere, azpeitiarraren ikerketa eremua beti Azpeitian eta berau kokatzen den ingurune geografikoan egon da, bere herriarekin duen haustezinezko loturaren eta erakarpenaren adierazle.
1981ean ezagutarazi zuen bere laugarren
historia lana. Juan Antxieta. Apuntes históri-
cos izenburua zeraman, eta argitaratzaile la-
nak bete zituen Kutxaren aginduz idatzi
zuen.
|