Elkarrizketa
Pako bera Pakok berak esandakoari begira
Pako Aristik asko idatzi izan du, eta gauza asko esan izan ditu. Berak idatzitako edo esandako batzuk gogorarazi dizkiogu, eta gogoeta egiten jarri dugu.
“E-maila elkarrizketa hiltzen ari da”.
Elkarrizketaren grazia da pertsonari pentsatzeko denbora askorik ez ematea, hori da elkarrizketaren oinarria. Pertsonari pentsatzeko denbora ematen badiozu, e-mailaren bidez erantzuteko aukera ematen badiozu, orduan pertsona horrek bat-batean hitz egiteko, bat-batean pentsatzeko eta bere ideiak espresatzeko daukan ahalmena hiltzen ari zara.
“Autoak histeriko bihurtzen du gizonik patxadatsuena”.
Lagun batzuek komentatutako kontua da. Jende lasaia dena histeriko jartzen da autoan doanean. Objetuak bereganatu egiten du jende horren patxada, eta oso arriskutsua da.
“Diruak jendea aldatzen du”.
Dudarik gabe. Nik ezagutu izan dut jendea gaztetan diru askorik ez zuena, eta gerora dirua irabazi egin duena. Kasu askotan, jendeari halako harrokeria tontoa ematen dio diruak.
“Sakelako telefonoak tontoen belaunaldi bat sortu du”.
Askotan entzun izan ditut sakelako telefono bidez eginiko elkarrizketak, denek oso ozen hitz egiten dute eta. Eta ez dakit elkarrizketa zentzudunik entzun dudan… Ez da entzuten, eta hori ez da nire mania bat, datu enpiriko bat da: ez diot inori entzun ezer zentzudunik esaten sakelako telefonotik. Entzuten dudanean, esango dizut.
“Telebistak aspermenaren aurka borrokan egiteko plazerra kendu digu”.
Lehen, telebista ez zegoenean etxean hainbesteraino sartuta, gauzak sinbolo bihurtzen saiatzen ginen. Egur bati bi gurpil jarri, eta jada gurdi bat genuen. Telebistarekin, dena emanda dago. Lehen, aspermenaren kontrako borroka irudimenarekin egiten zen, eta telebistak hori kendu digu.
|