Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  Saihesbideaz zer?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Errepideak : Udalean, Foru Aldundiak herriko balizko saihesbideaz egindako aukeren inguruan ez da bozkatu. Alderdi bakoitzak bere proposamena egin du udaletxean

Saihesbideaz zer?

Nerea Uranga

 

EAJ: Xoxote azpiko aukera

Azpeitiko Udaleko EAJ-PNVko arduradunek Udaleko Bulego Teknikoak egindako txostenaren alde egin du. Alkateak, Udaleko Bulego Teknikoari Azpeitiko balizko saihesbidearen aukerak eta garraioaren inguruan azterketa bat egiteko eskatu zion. Txostenak dio iparraldeko aukera dela egokiena; hau da, Izarraizpekoa.

  • Aurreko azterketak. Bulego Teknikoak egindako azterketan, aurrez egindako azterketak kontuan hartu dira; hala nola, 1993ko urtarrilean Azpeitiko Udalak GI-631 errepidean saihesbide bat egiteko aukera (A eta B aukerak aztertzen ditu). Eta 1998an udalak Azpeitiko garraioaren inguruan egindakoa. Ondorioz, azken azterketak iparraldekoaren (Izarraizpekoaren) alde egiten du.
  • Garraioa banatu. Iparraldeko aukera, pasoko eta herriko garraioa “banatzen” dituelako da “egokiena”. Eta trafikoaren “mugikortasuna” eragiten duelako.
  • Herriko planeamendua. Txostenaren arabera, herriko planeamendua “gehien” errespetatzen duena iparraldeko aukera da; besteek planeamendua “hausten” dute.
  • Kostu txikiagoa. Ingurumenean eta geologikoki, iparraldekoak eragin txikiagoa duela esaten da; eta ekonomikoki, aztertutako aukeren artean kostu txikiena duela.

EA: Landeta aldeko aukera

Udaleko Eusko Alkartasuneko ordezkariek bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako Azpeitiko balizko saihesbidearen bi azterketekin (iparraldekoa eta hegoaldekoa) eta bi azterketetan agertutako ondorioekin. Alegia, hegoaldeko aukera dela egokiena, Landeta aldekoa.

  • Hegoaldekoa egokiena. Gipuzkoako Foru Aldundiak Izarraizpeko aukera (iparraldekoa) eta Landeta aldekoa (hegoaldekoa) aurkeztu zituen ekainean Azpeitian. Azterketa horien aurkezpenean, hegoaldeko aukera zela egokiena azaldu zuen. Aurrez, udalak hegoaldeko beste aukera baten azterketa ere eginda dauka; Zapatari alderaino (Errezilerako bidegurutzea) heltzen dena da.
  • Herritarren iritzia. Azpeitiarrek Gipuzkoako Foru Aldundiak saihesbiderako aurkeztu dituen bi azterketen inguruan herritarrek iritzia emateko aukera izan dutela azpimarratu dute EAkoek. Eta dagoeneko herritarren iritziak jasota daudela ere adierazi dute.
  • Autoen mugikortasuna. Udaleko Eusko Alkartasuneko zinegotzien iritziz, etorkizunean egin daitekeen saihesbide berriak “herriko eta gaur eguneko saihesbidean gertatzen ari den auto pilaketari erantzuna eman beharko lioke. autoen mugikortasuna ahalbidetuz”.

Sozialista Abertzaleak: garraioaren azterketa osoa

Azpeitiko Sozialista Abertzaleak taldearen ustez, herriko trafiko arazoa “azken hamarkadetan autoaren erabilera soilik” bultzatu izanaren ondorioa da. “Gainontzeko garraio motak baztertuak izan diren bezala, autoaren erabilera ugarituz joan da, egungo errepideak betez”. Bestetik, herrian gertatzen diren auto iladak “modu sinple” batean zuzendu daitezkeela dio. Horrenbestez, garraioa zuzentzeko hainbat proposamen egin ditu.

  • Osotasunean aztertu. Garraioaren arazoak osotasunean aztertzea eta udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian dauden “auto saltzaileen eta errepide eraikitzaileen interesen gainetik, herritarren interesak kontuan hartzea beharrezkoa” dela dio.
  • Garraio publikoa. Garraio publikoa sustatzea lehenetsi du, industrigune eta herriko auzoetara autobusak jarriz. Oinezkoentzako espaloiak eta bidegorriak egitea ere beharrezkoa ikusten dute Sozialista Abertzaleek.
  • Errotondak. Gaur eguneko saihesbidean zenbait aldaketa egitea: behin-behineko errotondak bukatuz —Azauntzakoa, esaterako— eta berriak eraikiz Sanjuan-degin eta Garmendi gainean.
  • Lurren erreserba. Saihesbide berri baterako lurren erreserba egitea proposatu dute eta saihesbiderako proiektu bakar bat zehaztea eskatu dute.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak