Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  Iritziak »  Pako Aristi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Kaito Telebista

Pako Aristi

Kaito Telebistak jateko gogoa kentzen dit. Badakit hori, denak dieta egiten dabiltzan garai hauetan, ez dela gauza txarra, baina arraroa da, niri telebistak, normalean, tristura ematen baitit. Tristura eta aspermena. Ez zait gustatzen, eta esfortzuak egin behar izaten ditut ikusten ari naizenari grazia aurkitzeko. Baina ez diot aurkitzen, eta tristura ematen dit, milaka pertsonek hain modu naturalean irensten dutena ezin dudalako neureganatu. Zeozer galduko dut horrekin, dudarik gabe.

Baina Kaito Telebistak gosea kentzen dit. Bere irudi eta kolore kaskar horietan, modulaziorik gabeko ahots metaliko batez iragarririk ageri diren jatetxeetara joateko gogo guztiak kentzen ditu. Bokateria askotan ageri diren argazki zurituen antzeko eragina egiten du Kaitoko propagandak. Alabaina, ez dut Kaito Telebista kritikatu nahi, zein bi-txia den agertu baizik.

Aspaldi ezkondu ziren nire lagunak, urtean behin edo gutxiagotan ikusten ditudan horiek, non eta zertan ibiltzen diren deskubritzeko balio izan dit niri Kaito Telebistak. Hor ikusten ditut euren seme-alabekin batera eskolako jaietan, antzerkietan, Izarraitz pilotalekuko jaialdietan, jai ezberdinetan, goizean goiz jaikita, gu lo harrapatzen gaituzten goizeko ekitaldiei begira. Haien eta nire artean dagoeneko inola ere es-taltzerik ez dagoen leize sakon bat dagoela konturatu naiz. Alegia, bizitzan ezin dela atzera egin, ezin hartutako bidetik aldendu.

Kaito ikustea, askotan, argazki zaharrak begiratzea bezala da, duela ez dakit zenbat urteko gauzak botatzen hasten denean. Halako zein gazte dagoen ikusten dugu, baina batez ere han ageri direnetatik zenbat dauden hilda. Puntu nekrologiko bat badauka, baina bestetik lasaigarria da, batez ere zaharrentzat, pantailan ageri den hildako piloa ikusita esaten batute: “Uf, nik orain arte ihes egin diot behintzat heriotzari, bizi nadin, aprobetxa dezadan indar apur hauek ematen didaten aukera”.

Inongo zentzurik eta probetxurik aurkitzen ez diodana zaharren eskurtsioen atzetik burutzen dituen erreportaiak dira; horrek bai kentzen duela bizitzeko gogoa! Zaharrak autobusera igotzen, autobusetik jaisten ez dakit non, gerriak gogor, oinak makal, irribarre gutxi aurpegietan. Eta jasangaitzena da gero, bazkaltzen ari direlarik, banan-banan mahaia pasatuz egiten duen barridoa. Jatea bere intimitatea baduen zeregina da, eta paella tenedore muturrean duela inor grabatzea ez zait oso etikoa iruditzen. Gainera, mahaietan ura ikusten da ugari, edota ardo merkea. Koparik daukanak ezkutatu edo urrundu bezala egin ohi du bere kopa, bekatari gaiztoa halakoa. Urteak pasatu ahala, Kaito Telebista gauza antropologikoa bilakatuko da, baina egunero-egunero ikusteko zer eskaini gutxi dauka, aktualitate gutxi. Hitzaldiak edo kultur ekitaldiak botatzen dituenean ere, oso errealizazio pobrearekin egin ohi du, ka-mera triste batekin, batere mugitu gabe eta hain soinu txarrarekin! Telekomunikabideen aurrerapen guztien ukamena bihurtzen da holakoetan Kaito Telebista.

Hala ere, gurea da, gurea bihurtu da. Gureagoa sentitzen nuen nik pornoak botatzen zituen ostiral haietan, baina tira, hori ere kendu zuten. Libidorik gabeko telebista bat egitea erabaki zuen norbaitek, eta guk zer esango dugu ba!

“Telebistan ikusi haut!”, esaten didanean norbaitek, ni pentsatzen jartzen naiz non atera naizen, Antena Tresen, Tele-cincon. “Ez, Kaiton” esaten didate gero. A, ba, hor edozein ateratzen da, eta gutxiesten dugu. Ba gaizki egina. Kaiton ateratzen ez garenean izango dira kontuak. Hilda gauden seinale!

HILEKO GALDERA. 13 urte daramatza kartzelan Paterra herriko semeak. Horren aurrean, zein da galdera?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak