Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  Iritziak »  Fernando Morillo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai Librien

Galtzen dugunaz

Fernando Morillo

Gizakiok xelebreak gara. Nork uka dezake? Zenbaitetan urteak eta urteak egon gaitezke besterik gabe irauten —horrela esatea zilegi bada— eta, halako batean, gure bizitza osoa une bakar batean pilatzen da, bortitz eta nahasi.

Diotenez, hiltzera zigortuak daudenek askoz biziagoak ikusten omen dituzte koloreak, soinuak, begiradak. Bizitza ihesi doan horietan ohartzen omen dira zerua zein urdina den; zein ederra txorien kanta entzutea. Besteok… Besteok itsu antzean gabiltzala ematen du ez gutxitan.

Adibideak ez dira urri. Aurreko batean, esaterako, New Age tipoko aldizkari horietako bat ikusten ari nintzen, denbora pasa. Badakizue: elikagai naturalak, osasuna, erlaxatzeko moduak, bidaiak…

Horrelakoak. Ez naiz gogoratzen zein aldizkari zen zehazki. Auskalo, horrelako piloa dago-eta. Kontua da erreportajeetako batean argazki mordoska zetorrela, hango eta hemengo paraje ederrekin. Postaletan baizik existitzen ez diren ia ezinezko lekuak ziren. Haietako bat gustatu zitzaidan bereziki. Zuhaitz hostotsuez inguraturiko ibaiertz bat ikusten zen, gardena eta lasaigarria. Zuhaitzen adarrak, makurtuta, ura ukitzen zuten, eta pare bat hegazti exotiko —hori iruditu zitzaidan— ikusten ziren albo batean. Hauxe lekua, pentsatu nuen. Gustura joango nintzen hara. Argazki-oinean lekuaren izena azaltzen zen. Irakurri nuenean zur eta lur gelditu nintzen.

Koadrilako bat neukan alboan. Argazkia erakutsi nion, zer iruditzen zitzaion galdetzeko, baina ez nion argazki-oina erakutsi.

Koadrilakoa, ni bezala, miretsita gelditu zen. Zein leku ederra! Hara joaterik bagenu! Argazki-oina erakutsi nion orduan. Aho zabalik geratu zen. Argazkia, azken batean, Lasaokoa baitzen; ibaia, Urola! Eutsi horri. Zenbat aldiz ez ote ginen pasatuko paraje haren albotik? Baina ez ginen jabetu, itxura zenez. Edo ez genuen, okerragoa zena, jabetu nahi izan.

Eskarmentu ederra izan genuen egun hartan. Zerbait egitea erabaki genuen. Gertuko lekuak berriro ikustea pentsatu genuen. Edo, behintzat, beste era batera egitea. Bizikleta hartu eta pixka bat ibili ginen, inguru hurbileko toki ederren bila. Hara eta hona, Nuarbeko urtegira iritsi ginen. Berpiztuak izan nahi zuten begiekin begiratzen ari ginela, bi auto etorri ziren. Zazpi-zortzi kanpotar jaitsi ziren, irribarretsu, gustura. Haietako batek gida ematen zuen. Liburu bat atera eta aztertu egin zuen. Bai, aurrean zutena Nuarbeko urtegia zen.

Lagunak eta biok suposatu genuen gure antzera zetozela: lekuaz gozatzera, bizitza mirestera. Ia, ia. Argazki-kamerak atera zituzten eta bizpahiru argazki aterako zuen bakoitzak. Lekua ederra zela esan zioten elkarri, eta gida ematen zuenak marka bat egin zuen liburuan, agian lekua ikusia zutela gogoratzeko. Irribarre gehiago egin, autoetan sartu, eta beste lekuren baten bila joan ziren. Bost minutu egingo zituzten han. Asko jota.

Horrela ikusita, kanpotik eta hotzean, nahiko tristea zela erabaki genuen. Baina era berean gogoratzen ginen gu geu ere antzera ibiltzen ginela batzuetan. Zenbait lagun Italiara joan ginenean, adibidez, hango katedral, eliza eta monumentu guztiak ikusi ondoren konturatu ginen gutako gehienok ez genuela Loiolako Santutegia barrutik ezagutzen. Ńo.

Bagenuen zer pentsatua. Eta zer ikusia.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak