Zenbat buru, hainbat aburu
: akullue
Jolaserako astirik gabe
Leire Ostolaza
Ikasturte berria hasi dugun honetan haurrak ikus ditzakegu motxila erraldoiekin ikastolara bidean. Normalean urte zoriontsuak bezala gogoratzen ditugu haurtzarokoak, baina ez pentsa erraza denik gaur egun ume izatea.
Goizeko bederatzietan hasiko dute lehen ikastordua eta laupabost ordu emango dituzte gai ezberdinak jorratuz. Pare bat ordu bazkaltzeko, ez badu tarte hori ingelerako klase partikularren batek mozten, eta berriro ikastolara babak eztarriko zuloan dituztela.
Arratsaldekoa pare bat orduko ekitaldia da, arinagoa gehienetan, eta amaitzean motxila hartu eta ogitartekoa janez eskolaz kanpoko jardueraren batera abiatzen dira presaka. Hori gutxi balitz, kirola egiten dute eta arratsaldeko zazpiak aldera etxera doaz beren motxila eta guzti. Pentsa ume horrek etxeko lanak egin behar dituela eta afaldu, eta konturatu orduko gaueko bederatziak iritsiko zaizkiola.
Azkenaldian asko entzuten da gaurko umeek komunikatzen ez dakitela, hitz egiteko eta harremanetarako lotsatiagoak direla. Nire ustez, harritzekoa ez da; izan ere, jolaserako denborarik ez zaie geratzen ejekutiboen ordutegi horiekin.
|