|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Nolako kultur etxea nahi dugu?
Jose Luis Aizpuru
GAIA: ‘Kultura’. Nolakoa da herriko kultur dinamika? Kultur etxea beharrezkoa al da? Beharrezkoa bada, nolakoa? Zeinentzat? Zer da kultura?...
Orain dela 50 urte pasatxo, Azpeitiko Oargi dantza taldeko kideek nolako zailtasunak zituzten euren entseguak egin ahal izateko irakurtzeak irria sorrarazi dit. Sindikatu Zaharra zuten, nonbait, aurkitu zuten egoitzarik egokiena euren lanetarako, baina bazuten arazo bat: Sindikatu Zaharreko giltzaz arduratzen zena, frankista samarra izan nonbait, eta giltzik eman nahi ez. Izan ere, garai hartan, Oargikoek azaldu moduan, euskal dantzek bazuten aldarrikapen kutsua, eta garaiko erregimeneko zenbait ipurgarbitzailek ezin jasan horrelakorik.
.50 urte geroago, orain gutxi, beraz, lagun batek antzeko pasarte bat kontatu zidan: hitzaldi edo bilera bat antolatu nahi Sindikatu Zaharrean, eta giltzaren bila jo eta ke aritu beharra izan zutela Azpeitia osoan, erreguka; udalean baimena eskatu idatziz; bilerako partaideen izen guztiak eman; mintzatu beharra zuten gaiari buruzko xehetasunak adierazi eta abar.
Ez ditut bi egoerak aldarte berean ipini nahi, bistan dena, baina nire adiskideak azaldu zizkidan arrengurak zer pentsatua eman zidaten. Izan ere instituzioetatik, zenbaitetan, jartzen diren traba burokratikoak eta bestelakoak, jasanezinak dira. Badakit, bai, denenak diren egoitzak eta bulegoak errespetuz eta tentuz zaindu behar ditugula, baina horrek ez du izan behar aitzaki, jendearen aktibitate kultural-sozial-politiko-edo kirol arlokoak mugatzeko.
Gogoeta hori gure herrian egitekoa den ditxosozko kultur etxearekin lotu nahiko nuke. Izan ere, badira eredu ezberdinak kultur etxeetan. Batzuk hitzaldi leku huts dira; beste zenbait, ikastaro leku; badira ere liburutegia baino ez direnak… Eta guk, nolako kultur etxea nahi-behar dugu?
Nik argi dut espazio ireki bat behar duela izan. Jende ezberdina bilduko den tokia; bakoitzak bere espresabidea adierazteko tresna lagungarria. Hori da garrantzitzuena: kultur etxeak tresna behar du izan. Kultur dinamizazioan tresna baliagarria izan daiteke, baina horretarako ezaugarri zenbait bete behar ditu:
- Kultur etxearen egitaraua (kanpoko kultur eskaintzak eta herrikoak uztartuko dituen programazioa) talde ezberdinen artean adostu behar da. Kontsentsua ezinbestekoa da aniztasuna bermatzeko.
- Herriko kultur taldeek partaidetza sendoa behar dute kultur etxeko erabaki guneetan. Ezin dira kultur dinamizatzailearen esku utzi erabaki guztiak.
- Kultur etxeak espazio irekia izan nahi badu, eta kultur arloan aritu nahi duen orori irekia egon nahi badu, malgua izan behar du. Ordutegietan malgu; espazioaren banaketan malgu; tresnerietan malgu, eta erabakietan ere malgu. Jende aniztasuna bermatu nahi bada, malgutasuna beharrezkoa da.
- Malgutasunak ez du esan nahi antolakuntzarik eza. Antolaketa beharrezkoa da, baina xede argia izan behar du: kultur etxera hurbiltzen diren guztiek euren tokia izan behar dute.
- Adina ez da muga kultur etxean. Soinua eta arrabotsa maite dutenek, gela bereziak (insonorizatuak) behar dituzte. Antzerkia jorratzeko toki egokiak behar dira. Lasaitze ikastaroak egin nahi dituztenek isiltasuna behar dute. Beraz, antolaketa ezinbestekoa da, baina antolaketa adostua eta malgua, kultura ez baita diziplina zurrun eta hertsia, kontrakoa baizik.
- Kultur etxeko kudeatzaileak, kultur sorkuntza egiten dutenekin aritu behar dute lanean, eta ez izan oztopo edo traba. Kultura ihardokipen dinamikoa nahi badugu, sorkuntzak bultzatu eta lagundu behar dira, baina ez diruz soilik.
- Kultura mota askotarikoa izan daiteke. Espresabide bat denez, ezin zaizkio mugak ipini kulturari.
|