Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  Iritziak »  Ama/aita! jolastu nahi dut!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : hausnartzen

Ama/aita! jolastu nahi dut!

Iņaki Sanchez

Hasi da ikasturte berria gaztetxoentzat, eta bere neurrian aurre egin behar diete ardurei. Hiru hilabete eta gero, bat-batean egoera berri bati aurre egin behar diote (irakasle berria, maila bat gehiago, etxeko lanak...), eta hori guztia antsietatez bizi ez dezaten, helduok umeengandik gertu egon behar dugu, eta beraien jarrera zein den ikusi, egoera berriari ongi egokitu daitezen.

Hemendik aurrera, eguna antolatzen diegu eta, ahal den neurrian, nahi izango dugu hauek denbora alferrik ez galtzea. Goizean eskolara bidali eta ia sei ordu (jangelako orduak kenduta) igaroko dituzte, dagozkion betebeharrak bete, eta kalera, hau poza ume askorentzat. Hainbat umerentzat ordu horiek nahikoa eta gehiegi izaten dira; txirrina entzun bezain laster mahaitik jaikitzen dira jolastera joateko. Umeek, berez, jolastea nahi izaten dute, elkarrekin jolastu, eta eskola orduekin ahaztu, baina (intentzio onarekin bada ere) denbora murriztu egiten zaie eta kurtsoan zehar hainbatek ezingo dute nahi duten eta behar adina jolastu.

Guraso asko, intentzio onenarekin, saiatzen dira denbora libre hori ere beste eginkizun batzuekin betetzen, haurraren ezagupideak handiago izan daitezen. Horregatik hainbat ume, eskolatik irten eta musikako klasetara, entrenamendura, ingelesera, katekesira, informatikara... doaz. Berez eginkizun horiek ez diote kalterik egiten umeari, ona izan daiteke baina bere neurrian. Askotan ahaztu egiten zaigu zein den istorio hauetako protagonista, eta ez gara jartzen bere tokian. Gaurko ume asko eginkizun gehiegitan murgilduta dago, eta gezurra badirudi ere horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake. Umeak eman dezakeena baino gehiago eskatzen badiogu eta beti kontrolpean badago, argi!: antsietatea, fustrazioa, inseguritatea garatu daiteke, autoestimu faltaren iturri izan daiteke. Egiaztatuta dago, ume askok estresa dutela hau guztiagatik, horregatik helduok umeari atzeman behar diogu nola dagoen, berekin hitz egin, bere lekuan jarri, eta bere kasa jolasten utzi.

Askotan gehiegi zentratzen gara umeen emaitza eta ezagupen kopuruan, eta argi izan behar da ume baten garapenean beste arlo asko izan behar direla kontuan. Ezinbestekoa da umearen heziketan jolasaren jarduera ere kontuan izatea, iruditzen zaigu jolasak ez duela ezertarako balio, eta ez duela inongo garrantzirik garapenean, horregatik nahiago dugu umea kontrolatuta eduki, eta aurrez programatutako ekintza batean ikusi, bere kasa jolasean baino. Irizpide hori errespetagarria bada ere, ez da zuzena. Horrek ez du esan nahi ez zaienik uzten, baina ez behar adina eta ez oso konbentzituta. Jolasak izugarrizko garrantzia du umearen garapenean. Zergatik? Jolas espontaneoak sormena garatzen duelako, ume askok eskolatik dakarten antsietatea jolasarekin askatzen dute, plazerra sortzen die, beren burua ezagutzen joaten dira, nortasuna garatzen dute besteekin jolasean, eta bere buruarekiko ziurtasuna hartzen joaten da, gauza berriak ezagutzen ditu, iniziatiba garatzen du, eta beretzat zentzua duten arauak onartzen ikasten du... Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik da hain garrantzitsua jolasa.

Umeari exigitu egin behar zaio, baina adi egon behar dugu ekintzekin itsutu gabe. Askotan bere kasa jolasten dutenek gerora emaitza hobeak dituzte, eta ekintza gehiegi dituztenak, aldiz, lehen aipatutako arazoengatik pott egiten dute.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak