Zenbat buru, hainbat aburu
Hurrengo arte, Belatxe
Josu Arruti Urdangarin
Ez duk erraza izango guretzat une honetan sentitzen duguna adieraztea, baina hainbeste zor bazagok hirekin eta saiatuko gaituk.
Lau lagun txistulari banda baten osagarri izan gaituk urte askotan, Zarautzen. Txistu jotzen ibili gaituk Euskal Herrian zehar, eta inoiz bertatik kanpo ere bai (gogoratzen al duk Argentinako ibilaldia?), baina, batez ere, auzo, kirol elkarte, mendigoizale, eta herri mailan sortzen joan diren mugimenduetako txistulariak izan gaituk. Batzuentzat bigarren dibisiokoak, baina gu beti harro sentitu gaituk paper horretan. Maitatuak sentitu gaituk herrian, eta hori ondo nabarmendu duk hire hiletak izan direnean.
Gelditzen garen hirurok jarraitzeko aukera diagu, batez ere hire maisulanaren ondorioz talde eder bat sortu delako Zarautzen. Orain igande goizetako kalejiretan hamar-hamabiko taldea biltzen gaituk. San Inazio egunean, Azken Portun, urtero bezala Martxa jotzen ibili gaituk, eta batek baino gehiagok negar malkoak isuri zitian hirekin gogoratuaz.
Azpeitiar jatorra, jendea zirikatzeko, taldeko beste azpeitiarraren osakide ezinhobea, lagun aparta. Ez ditiagu hemen jarriko bizi izan ditugun pasadizoak; horiek guretzat gelditzen dituk, gure oroimenerako.
Abiatu haiz, kalejira joaz, txistularien kabira, eta bertara iristen haizenean, laster hasiko haiz taldea osatzen. Orduan gogoratu hadi gurekin; hemen inor ez duk betiko, eta gu ere kabi horretara iristen garenean, talde horretan jo nahi diagu. Bien bitartean, hemen saiatuko gaituk hik utzitako hutsunea betetzen, nahiz eta oraingoz lan hori ezinezkoa iruditu.
Besterik gabe, hitaz inoiz ahaztuko ez direnak: Elias, Josu eta Legaxpi.
|