Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  Iritziak »  Gutunak »  Agur, Belatxe!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu

Agur, Belatxe!

Imanol Elias Odriozola

Isildu duk hire txistua. Isilean duk, milaka eta milaka puska jaso eta hire aginduetara doinu alaiak bezala sentikorrak atera ondoren urteetan zehar. Ez duk behar izan tresna handirik heure tokia egiteko gure Herri zahar honetan, baina hizkuntza bezala beraren ezaugarri bat hire arma: txistua. Hortik aurrera, hire gain egon duk guztia eta jakin duk hire irakaslea izan zen Andoni Albizuri Katxo-k bezala, bizitzaren zati handi bat Herriari eskaintzen.

Azpeitian, hire jaioterrian, antzinatik gaur egunera bitarteko paperak aztertzen ahalegindu nauk urteetan zehar eta aurkitu baditut ere bertan izandako txistulariak, hire izena behin bakarrik aurkitu diat idatzirik, 1975ean, eta herriko txistulari taldea osatuz, Juan Gurrutxaga eta Inazio Beristainekin batera eta, gainera, oso denboraldi motzerako. Ez baituk izan hire karrera kobratuta egiten den horietakoa, baizik eta ezerezean eginikoa eta behar zen tokian agertuz behin eta berriz, baita muturrekoak eskaintzen zirenean ere ordaintzat zenbait doinu herrikoi zabaltzean, herrietako kaleetan ez ezik mendi gailurretan. Lagun ezinhobeak izan dituk horretarako eta beraien artean nire anaia Joxe Inazio eta Leaxpi. Beraien doinuak entzungo dituk orain Katxo-rekin batera, bion txistuak isilean badira ere.

Nahigabez nauk, txistua isilean gelditzean. Nahigabez, gure Herri zaharraren identitate guztiak zapaltzea nahi den unean, isilean gelditu delako hire txistua. Baina aurkitzen haizen tokian aurkitzen haizela, mila esker Kruz Mari Frantzesena!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak