Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  Iritziak »  udan eguraldi eta politikan laino hertsia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : amuko zubitik

Udan eguraldi eta politikan laino hertsia

Kepa Susperregi

Amaitu berria dugu uda garaia, aspalditxo amaitu ziren amestutako opor egunak, eta hemen gara, berriz ere, eguneroko zurrunbiloan murgildurik: eskola, lantegi, elkarte eta kaleetan. Eguzkia ikusi eta eguzkiaz gozatzeko gogoz, eguzki gosez ginen uztaila amaieran eta horrelaxe igaro genuen abuztua ere, beti heltzear zen eguraldi bero eta eguzkitsuaren zain, hodeitsu.

Eguraldia ilun samarra izan bada, beste hainbeste esan beharko dugu gure Euskal Herriko giro politikoaz ere. Uda garaiak eta opor egunak patxada pixka bat eskainiko zuten ametsa (edo gogoa) bagenuen ere, ez dugu horrelakorik ezagutu. Laino hertsia nagusitu zaigu. Eta kezkaturik gaude.

Letra hauek idazten ari naizen egun berean, Txema Urkijo, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendariari eginiko elkarrizketa aurki genezake egunkari batean. Bizi dugun egoera larria dela aitortzen du, “politikoen arteko giroa, maila pertsonalean ere, asko usteldu delako. Eseri, elkarrekin hitz egin eta arazoari sustraitik heltzeko inguru girorik ez dago. Beharrezkoa da gelditu eta gogoeta egitea”, esanez.

Duela lau hilabete, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko gotzainek elkarrekin idatzitako idazkian, “adostasun eta harreman ezaren menpe” bizi ginela aitortzean, beste hau ere aipatzen zuten: “Gure ustez desadostasun politikoa, neurri handian, harreman faltak ekarri du eta horren ondorio ere bada”. Ezin gara komunikaziorik ezean setati kokatu.

Udazkenean aurrera goaz. Ezagunak ditugu urte sasoi honetan ere egun eguzkitsu eta epelak. Gozatu eta baketuko ote zaigu gure arteko giro politikoa bateratze ekimenez, elkarri eskainitako elkarrizketa eta harreman eguzkiz?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak