Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urria »  kirolean duintasuna helburu »  Duintasun pixka bat, mesedez

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita

Duintasun pixka bat, mesedez

Pablo Dominguez

Argazkian Amue Elkarteko kideak. 

Zeinen zirraragarriak eta faltsuak diren telebistak saltzen dizkigun kirolari elbarrien irudiak. Irudiak hainbesteko indarra duen gizarte huts honetan, elbarriak sentsibilitate iturri bihurtu zaizkigu elbarritasunik pairatzen ez dugunongan (edo, normalongan?).

Irudiotan, izan ere, kirolarekin zerikusirik ez duten sentimen batzuk indartzen dira: “Hor ari dituk gizagaixo horiek beren ezintasunari aurre egiteko ahaleginean!”. Beren ahaleginak miresmena sortu beharrean pena ematen digu askotan (gogoratu, bestela, Gabonetan ETBk kirolari elbarrientzat dirua biltzeko antolatu zuen tonbola).

Elbarrien kirolak sortze beretik bi bide jorratu ditu; batak, elbarritasun zehatzetarako aktibitateak sortu ditu (slalom-a garun-paralisia dutenentzat, kasu) eta, bestea, jada sortuta dauden kirolak elbarrientzat egokitzen saiatu da (lurrean eseritako boleibola, esaterako). Jokabide horrek, ordea, nire ustez, hanka-sartze batera eraman gaitu historikoki: guztiontzat berdintasun guneak sortu beharrean (jokoak, kirola, taldea...) normalen eta elbarrien arteko harresia areagotu du. Eta kirola bera, batzaile baino baztertzaile bihurtu da.

Banatzaile, elbarritasunak gizartean talde ezberdin bat izatearen sentimendua areagotzen duelako, eta baztertzaile, elbarrien kirola guztiz egoera marginalean bizi delako gainerako kirolarekin alderatuz. Ez dago kirol ekitaldirik ez txapelketarik guztiok elkarrekin parte hartzen dugunik; hasi herrialdeko txapelketa xumeenetik eta Olinpiar Joko-Paraolinpiar banaketa lotsagarriraino. Eta badirudi, gainera, elbarritasunen bat pairatzen duen hura gizartetik aparte aritzera kondenatua dagoela eta horixe dela, hain zuzen, normaltasun egoeraren adierazgarri zuzena.

Pertsona orok, pertsona den momentutik, duintasun minimo batekin bizitzeko eskubidea omen du, baina elbarriek ez; hauek gizarteratu egin behar dute (edo ditugu) beraiena ez den mundu batean sortuak izan balira bezala. Pentsa zenbaterainokoa den bataren eta bestearen arteko desberdintasuna, gure artean bizi ahal izateko legeak behartu behar izan gaituela eraikin eta zerbitzuak guztiontzat egokituak egon daitezen. Baina, zeren zain gaude gure burua egokitzeko? Horretarako ere legeren bat sortu behar ote dugu?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak