|
|
|
Aurrera ekarrita
: Xabier Madinak bere kirol bizitzan domina ugari eskuratu du. Gaur egun, eguneroko bizitza eta kirol bizitza uztartzen saiatzen da
Kirolean duintasuna helburu
Nerea Aranburu
Astearte arratsalde batez egin genuen hitzordua Xabier Madinarekin eta Amue Elbarrituen Kirol Elkartekoekin, Donostian. Hilabete batzuk lehenago, Xabierrek bi domina lortu zituen: Lleidan, Espainiako Slalom Txapelketan lehen postua, eta astebete beranduago, Madrilen, Espainiako Atletismo Txapelketan garaile izan zen.
Xabier betidanik kirolaria izan da. 1989-1990. denboraldian sartu zen Aspace taldean, baina gero utzi egin zuen. “Nire kasa jarraitu nuen, Amue taldea sortu arte”. 1998tik, Amue Elbarrituen Kirol Elkarteko sortzaile eta kide da Xabier. Amue Taldea sortzeko, batez ere, bi arrazoi izan zituzten: “Duintasuna eta tratua”. Xabierrek berak garrantzia ematen dio horri. “Kirolean garrantzitsua da erabakiak hartzeko askatasuna izatea, inori azalpenik eman gabe. As-katasuna gauzak erabakitzeko, entrenatzeko, lehiaketak hautatzeko eta abar”. Taldekoen ustez, “egiten dituen gauzei eta probei duintasuna ematea da taldearen helburua. Gustuko kirola behar bezala egitea, beste edozeinek egiten ohi duen moduan, hori egin ahal izateko ahalmena eskaintzea da taldearen zeregin nagusia”.
Amue Kirol Elkartearen antzeko esperientziak urriak dira elbarrien kirolean. Madina da elbarrien kirolean ohiko bidetik atera den bakarrenetakoa, eta arrazoi na-gusia “kirola serio hartzea” dela dio. Beste kasu batzuk ere ba omen dira, “betiko eskemak” apurtu nahi izan dituztenak, baina gutxi. Amueko arduradunen esanetan, “elbarrituen kirola irudi huts bat da gaur egungo gizartean. Askotan, elbarrituen ka-suan kirola bigarren mailan jartzen da”. Elbarrien kirolean kontuak apurka aldatzen ari badira ere, egiteko asko dagoela diote Amuekoek. “Oraindik elbarrituen inguruko albisteei tratamendu berezia ematen zaie”.
Xabier Madinaren kirol mundua oso lotua egon da bere bizimoduarekin. “Egunero ja-saten ditut jendearen begiradak, keinuak eta abar. Baina bakoitzak bere bizia egin behar du. Ezin dut beti kontu horien menpe egon”, dio Xabierrek. Baina, bere izaeragatik, egoera horiei aurre egin die. “Xabier bai Azpeitian, bai koadrilan, beti joan da horrelako egoeren aurka. Kalera ateratzeko ez du inolako arazorik izan, jendearekin ere erlazionatzeko aukerak ditu. Bes-te edonork bezalaxe jokatu du”. Hala ere, Xabierrek garbi du inguruko jende askoren laguntza izan duela. “Etxekoen eta jende baten aldetik laguntza handia izan dut: koadrilakoena, lagunena... Beti da garrantzitsua laguntza izatea, baina baita laguntza nondik datorren ikustea ere”.
AZPEITITIK DONOSTIARA. Xabier Madinak batxilerreko ikasketak bukatu zituenean unibertsitatean Informatika ikastea erabaki zuen. Horretarako, Donostiako fakultatera joan behar zuen. Unibertsitate-ko lehen urtean ez zen askotan joaten klaseetara, astean behin edo. “Klasetik atera orduko, Azpeitira, etxera joateko telefonoz deitu behar izaten nuen plataforma zuen autobusa jartzeko eskatuz”. Gero, ordea, Donostian, Antiguan auzoan, familia bat ezagutu zuen eta haien etxean gelditzen zen aste osoan. 1992ko abuztuan hantxe, Ondarretan, aterbea ireki zuten eta urrian aterbera joan zen bizitzera. “Aterbea ondo zegoen. Han sei urte igaro nituen. Aterbea ireki aurretik Donostian ez zegoen horrelako ezer. Beraz, aterbearen irekiera ondo etorri zitzaidan”.
Gaur egun, Donostiako Intxaurrondo auzoa du bizileku, Txara hain zuzen. Txara Intxaurrondon dagoen egoitza da. Bi bloke ditu: bata zahar-etxea eta eguneko zentrua da; bestea, apartamentuz osatuta dago, balioanitzeko apartamentuz. Xabier bertan bizi da. “Bakoitzak apartamentu txiki bat dugu. Nahi dugunean irten eta sartzeko aukera dugu, ez diogu inori azalpenik eman beharrik. Alde horretatik askatasun osoa daukagu. Gero, laguntza izaten dugu, garbiketa egiteko eta abar”. Apartamentuak logela, bainugela eta beharrezko tresnez osatuta daude.
KIROLARIA. Gaur egun, Xabier Madinaren bizitza beste edozeinen modukoa da. Egunez lanean dihardu, berak sortutako enpresan, baina kirola alde batera utzi gabe. Ohiko lehiaketak asteburuetan izaten ditu. “Hala ere, autonomia arteko probak astegunetan antolatzen dituzte. Hauetan EAEkook, nafarrek, errioxarrek eta beste hainbatek hartzen dugu parte”. Zortzi mailatan banatuta daude. Laugarrengo maila arte aulkian ibiltzen direnak dira eta hortik aurrerakoak beren gisara gehiago moldatzen direnak. “Baina garbi ikusten da maila baxuetako kirolean borroka handia dagoela”, diote Amue taldekoek.
Kirolean anekdota asko gertatu zaizkio Xabierri. Handiena, Ingalaterran, Europako probak jokatu zirenean. Amue taldekoek ondo gogoan dute: “Hura historikoa izan zen. Elbarrituek probetarako erabiltzen dituzten aulkien gurpilak neurri zehatzekoak dira. Hara joan eta zer esango eta Xabierrek bi gurpilen neurriak gaizki zituela! Hiru urtez, Espainiako txapelketetan ibili zen eta inork ez zion ezer esan. Azkenean, nola edo hala, soluzioa topatu zuten eta Xabierrek lasterketan parte hartu ahal izan zuen; baita irabazi ere”.
Xabier Madinak kirolean garaipen asko lortu ditu, hainbat urrezko dominaren jabe baita. Munduko errekorrak ditu eta Europako txapelduna ere izan da.
|