Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abuztua »  Festetarako Gonbidapena »  “Gogotik joango naiz Azpeitira”

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

“Gogotik joango naiz Azpeitira”

Nerea Uranga

Santiyo eguneko Ardi Gazta Txapelketan omenaldia egingo diote Mixel Lekuonari. Artzainen artean lan handia egina da; tartean, Azpeitikoekin

 

Mixel Lekuonak 71 urte ditu. Biriatukoa da izatez, gaur egun Makean bizi da, baina oraindik ere zenbait bisita egiten ditu bere sorterrira. Makean, bertako apeza da. Euskal Herriko ipar eta hegoko artzainen lotura izan da, han jasotakoak hemen erakutsiz, artzainei gaztagintzan lagunduz. Azpeitian ere ibili izan da inguruko artzainei gaztagintza ikastaroak ematen. Orain urte batzuk omenalditxo bat egin zioten Azpeitia inguruko artzainek eta ganaduzaleek afari batekin.

Ordizian, Idiazabal izeneko Ardi Gaztaren Txapelketan ere omendua izan zen Mixel, 1996an. Eta aurten, Santiyotan Azpeitiko Idiazabal izeneko Ardi Gaztaren Txapelketan izango da omendua. Arrazoia: Mixelek artzainen el-kartearen sorreran inguruko artzainekin eta gaztagintzan irakasle egin izan duen lana. Uztarria telefonoz egon da Mixelekin, huntaz eta hartaz mintzatzeko.

-Izatez Biriatukoa zara zeu Mixel...

Bai, ni sortu naiz Biriatun, Bidasoa bazterrean, ondoan; Behobiatik laster, Alunda ondoan. Alunda etxe bat da Behobitik laster dagoena, Bera aldera joaten den bi-dean. Nire aita zena Lesakan sortua da eta gure senideak Lesaka alde horretatik etorriak dira, baita Oiartzun aldetik ere. Biriatukoa eta baserriko semea naiz, Agerreko Borda baserrikoa; Behobiatik kilometro batera edo bira dago.

-Baina orain Makean bizi zara, bertako apeza zara.

Bai, halaxe da. 1976an etorri nintzen ho-na, Hazparnen, baserriko eskola profesionalean eraikuntzan aritu izana naiz aitzinetik. Makeaz, gainera, Gerezieta eta Men-diondoko elizak egiten ditut. Ilaran dira hiru elizak, eta Hegoaldetik franko jende etortzen da, ezagutzen naute eta.

-Zu apeza eta baserritara izateaz gainera, Ipar Euskal Herrian aurrenik eta Hegoaldearen gero, Euskal Herriko artzainekin lan asko egin duzu, ezta?

Bai, asko ibili naiz. Oraindik ere Hegoalde-ra asko joaten naiz ni, Azpeitia aldera gehienbat. Valentin Zamora apeza, Igel-doko apeza zen hura, baserriaz asko arduratzen zena, ezagutzen nuen. Valentin baserritar gazteriaren buru zen eta hark eraman nituen horra. Hark bazekien ardi zaintzan eta produktuetan aurreratuago ginela hor baino.

-Gatzagiaren kontuan ere aurrerapenak hortik ekarri zenituen zuk... Ezta hala?

Gatzagia ere hemen Iparraldean aurrerapen handia da. Nik eramaten nuen gatzagia horra. Ni neu hemen mugakoa naiz eta orduan aise pasatzen nuen, ez zegoen arazorik.

-Iparraldean gaztagintzak indar handia izan du orduan.

Bai, hemen beti gazna asko jan da. Behia-ren gazna ere egiten da, baina mendi aldean ardi gaznari adore handiagoa zaio. Mendialdean eta Urepeleraino ardi gazna da preziatuena. Produktu nobleagoa da, ene ustez.

-Artzainen kooperatiba bat ere baduzue Makean, ezta?

Berria izena eman genion kooperatibari eta arrunt ongi doa, handitzen ari da. Ma-kean dago kooperatiba eta hurbil dut. Nik egiten ditut, gainera, artzainen eta behidunen ordainketak, nik sinatzen ditut gehienean. Gainera, kooperatibako presidentea hemengo alkatea da, ni baino gazteagoa da, baina oso lagunak gara. Kooperatiba sortua dutenak behidunak eta artzainak dira. Kooperatiba ederra da. Bada mugimendua, Baigorritik, Urepeletik eta kostalderaino biltzen du behien eta ardien esnea. Baina lehentasuna ardi gaznak du gure kooperatiban. Eta ardigintzan selekzioa egiten aspaldian hasia da eta beti hobetzen ari da, aharien aukeraketa-eta aspalditik egiten baita.

-Azpeitian Idiazabal Gaztaren Txapelke-tan egingo dizuten omenaldia pozik hartu al duzu?

Maite dut Azpeitia. Aspaldian ez naiz izan hor, hiru eliza baditut eta saltsa askotan nabil, eta ez naiz nahi bezala ateratzen hemendik at. Gogotik joango naiz. Azpeitia ezagutzen dut aspaldian, han ibilia naiz eta jende franko ezagutzen dut: artzainak, behidunak, Imanol Lazkano... Lagun handiak ditut, bertsolariak ere bai, bertsozalea bainaiz.

-Iparraldeko Bertsulari Elkartearekin harremana izan al duzu beti?

Orain ere bai. Hemen Bertsulari Elkartea ez da hor bezain kopuru handikoa. Alkat, Laka.... Gazteak ere badira, Jexux Ar-zalluz eta bere seme Amets —hau bertsulari ona da— Sustrai Colina... oso jatorrak dira. Makean badut etxe bat, aterbe antzekoa, eta askotan hemen egin izan ditugu bilerak, afariak...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak