Santiyuetan baserriko gaiak, lehia eta jaia
Nerea Uranga
Blonda behien feria, sagardo txapelketa, Idiziabal ardi gazta lehiaketa eta txekor errea Santiyuetako jai nagusian
Baserri giroa nagusi izango da Santiyo egunean Azpeitian. Urtez urte indarra hartzen ari den jaia da Santiyuetakoa. Bezperatik herriko hainbat harakin eta Euskal Okela Elkarteko kideak txekor errearen prestaketa lanari ekinak izango dira. Ondoren, ganaduzaleek, buruak kamioietatik jaitsi eta errenkan jarriko dituzte azoka plaza atzean.
Blonda arrazako behien lehiaketa da hori, eta aurten zazpigarren urtez egingo da; bi urtean behin egiten da Azpeitian. Blonda arraza jatorriz Akitaniakoa da, baina Euskal Herri mailan gune esanguratsua du Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan behi arraza honen aziendak aurki daitezkeelako. Gorka Elortza EBAFeko (Euskal Herriko Blonda Akitania Federazioa) koordinatzailearen esanetan, “animalia polita eta mantsoa denez, jendeari gustatu egiten zaio”.
Sarien banaketaren ondoren enkantea egingo da. Enkanterako izena emanda lau idisko eta bost urruxa daude. Idiskoak enkantean erosteko 90.000 pezetako diru laguntza izango da eta urruxak erosteko, berriz, 37.000 pezetakoa.
Plaza atzean ganadu feria ari den heinean, azoka plazan Idiazabal izeneko Ardi Gazta Lehiaketa izango da. Gazta pintxoak dastatzeko eta etxerako gazta erosteko aukera ere izango da. Aurten, gainera, Azpeitia inguruko artzainekin eta artzainen elkartearekin hartu-emana izan duen Mixel Lekuona omenduko dute inguruko artzainek.
Azoka plazatik irten orduko, plazan 12:00etatik aurrera sa-gardozaleek parada bikaina izango dute. Arkupeetan hogei sagardozale bilduko dira eta plazaren erdian, taula gainean epaimahaia izango da aurten herriratuko den sagardo onena zein den epaitzeko.
SAGARDO PROBAK 30 URTE.
Sagardo Lehiaketak aurten 30 urte beteko ditu. Lehenengo urtetan Saninaziyo hirugarrenez egiten zen, baina gero Santiyo egunera aldatzea erabaki zen. “Sagardo eguna Santiyo egunera aldatzearekin asmatu egin genuen, gero eta indar gehiago hartzen ari baita jai egun hau”, dio Iñaki Arregi Portu, urtero-urtero Sagardo Lehiaketa antolatzen aritzen den taldeko kide batek.
|