Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abuztua »  Borrokaldian dirau 'Kafe'-k

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Borrokaldian dirau 'Kafe'-k

Iban Arregi

Espainiaren eta Frantziaren “ofentsiba errepresiboa” espetxeetan ere eragiten ari da

Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiar presoa Madrilgo Alcala Meco espetxean dago, eta azken aldian borrokaldi mugagabean sartuta dago, hango beste euskal presoekin batera. Eskatzen dutena, hauxe: alde batetik, espetxe horretako gazteen moduloan dauden euskal presoak handik ateratzeko —jipoiak jaso dituzte azken aldian-—; bestetik, ziegatan banaka egoteko eskubidea (masifikazioari aurre eginez). Kafe eta besteak plante eta txapeo bidez ari dira egoera salatzen. Horrez gain, uztailaren 8tik 14ra baraualdia egin zuten, prebentiboan dauden presoek “jasandako jipoiak” salatu asmoz —gose greban 6 kilo galdu ditu Kafek—.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek Uztarriari esan diotenez, “azken aldian Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal herriaren kontra daramaten ofentsiba errepresiboa espetxeetan ere ari da eragiten”. Oro har txarrera egin du euskal preso denen egoerak, baita Alcala Mecokoenak ere. “Inpunitate osoz, eta kartzeletako funtzionarien eskuhartze zuzenarekin, kartzeletan dauden euskal herritarren egoera jasanezina bihurtu da”. Dena dela, “presoek borrokan” segituko dutela dioten mugimenduko kideek, “orain arte bezala, euren eskubideen alde, eta baita Euskal Herriko prozesu politikoa laguntzeko ere”.

“Egoera salatzeko eta euskal presoei elkartasuna erakusteko”, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak mobilizazioak egin ditu, eta egingo ditu. Haien arabera, “garrantzitsua da borrokaldian ari diren euskaldunei elkartasuna adieraztea, eta euskal presoen eskubideen defentsan pausoak ematea”.

PRESOEN MEZUA.

Kafek berak eta Alcala-Mecoko euskal presoek iritzi artikulu bat bidali zuten ekainaren bukaeran prentsara (uztarria.com-en argitaratu zen). “Alcala-Meco espetxeko masifikazioa” salatu zuten artikulu hartan. “50 pertsonantzako moduluetan 100 preso inguru daude”, zioten euskal presoek artikulu hartan.

“Bizi baldintza duinak errespetatu bitartean” borrokan segituko dutela jakinarazi zuten euskal presoek ekainaren bukaerako artikulu hartan, “gure eskubideak errespetatuak izan arte”. Orduz geroztik, baina, egoerak okerrera egin du (jipoiak eta zigorrak, tarteko).

Espetxeetako masifikazioa “ez da kasualitatea”, Kaferen-eta iritziz, “Espainiako Gobernuaren politika errepresiboaren ondorioa baizik”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak