“Nesken futbolari ez zaio behar adinako garrantzirik ematen”
Nerea Aranburu
Iñaki Arrieta azpeitiarrak urte asko eman ditu nesken futbol taldean entrenatzaile bezala. Aurtengoa izan da, azkena, utzi egin baitio entrenatzaile lanari.
-Noiz hasi zinen entrenatzaile lanetan?
Orain dela bederatzi urte. Orduan nesken talde bat ateratzea pentsatu zen. Guraso bezala, alaba neukan futbolean aritzen zena eta ezin zuten inor aurkitu taldea entrenatzeko. Ni, hasiera emateko prestatu nintzen. Gero, bederatzi urte igaro dira.
-Orduan, alabaren aitzakiarekin hasi zinen entrenatzaile.
Batik bat, bai. Alabaren koadrilak ikastetxeen arteko txapelketetan jokatzen zuen. Eta hamalau urterekin txapelketatik kanpo gelditzen ziren. Orduan Lagun Onak-ek nesken talde bat osatzeko proposamena egin zuen, eta taldea osatu zen.
-Beti nesken taldea entrenatzen ibili al zara?
Bai, eta nahikoa, gainera! Beti talde bera entrenatu dut. Denborarekin jendea aldatzen joan da, baina hori normala da. Gertatzen da nesken taldean maila bakarra dagoela eta nahi duten arte aritu daitezkeela jokatzen. Nesken bes-te talde batek ere egon beharko luke.
-Zergatik?
Hemezortzi urtetik aurrerako neska asko etortzen da. Entrenamenduak egiten hasten dira, baina denborarekin futbitora edo beste kirolen batera pasatzen dira, aukerak urriak direlako.
-Zer moduz moldatu zara nesken taldean?
Oso ondo moldatu naiz. Ez dut inongo arazorik izan. Egia da, baita ere, ez dudala beste talderik entrenatu, baina gustura ibili naiz.
-Zer desberdintasun ikusi dituzu nesken eta mutilen taldeen artean?
Ez dut desberdintasun handirik nabaritu baina, agian, adinean dago aldea. Ho-gei urterekin hasten ziren gazteek berehala izaten zuten laguntza. Segituan in-tegratzen ziren taldean adin horretakoak.
-Nesken artean afizio handia al dago futbolerako?
Bai. Urtero-urtero neska dezente aurkezten zen, bost edo sei neska berri etortzen ziren taldera. Baina arazo na-gusia taldean 22 jokalari baino gehiago ezin direla sartu da. Orduan jende asko kanpoan gelditzen da eta futbola utzi egiten dute. Gainera, hemen, neskek oso maila handia dute. Baina beti gertatzen den bezala, nesken futbolari ez zaio behar adinako garrantzirik ematen.
-Zer behar da entrenatzaile on bat izateko?
Garrantzitsuena gogoa izatea da. Ni mundu honetan sartu nintzenean gogo handiz ekin nion entrenatzaile lanari, eta bukaera arte mantentzen saiatu naiz.
-Oroitzapenik onena?
Taldean eta taldekideen artean zegoen lagun giro ona. Edozein unetan afaria antolatu; lehia guztiak ahanzten ziren.
|