Zenbat buru, hainbat aburu
: hausnartzen
Alde zaharraren biziberritzea, berezko nortasuna mantenduz
Jon Aurrekoetxea (Zaharra Berri Taldeko kidea)
Azpeitiko Alde Zaharraren egoera kaskarra aldatu nahian, bertako bizilagun talde bat lanean hasi ginen orain urte eta erdi, Zaharra Berri Alde Zaharreko Bizilagunen Elkartea sortuz. Alde Zaharraren biziberritzea aurrera eramateko hirigintza, eta, noski, etxebizitzaren arazoa lantzea ezinbestekoa zela ikusi genuen.
DIAGNOSTIKOA.
Gaur egun Alde Zaharreko etxebizitza askoren egoera oso kaskarra da. Zenbait eraikin hutsen egoera hain zen penagarria, goitik behera jausi egin direla. Beste batzuk, aldiz, nahiz eta jendea bertan bizi, erabat utzita daude (fatxadak, karrera, eskailera, teilatu, argi eta ur instalakuntzak,...). Bestalde, Alde Zaharreko etxebizitzen erdia baino gehiago hutsik dago, eta honek ondorio tamalgarriak dakartza. Kaleko azpiegiturei dagokienez (zorua, zaborrontzi, aparkaleku, jolastoki, monumentu,...), zaindu eta berritu beharrean daude.
Alde Zaharrean bada kontuan hartu beharreko gizarte berezitasunik; orokorrean maila ekonomiko apaleko jendea bizi da, eta biztanleriaren zati garrantzitsu bat adinekoa da. Horren ondorioz etxe zaharren mantenua eta berritzea egiteko behar diren baliabideak lortzeko aukera eta motibazioa txikia da.
Alde Zaharreko etxejabe eta eraikuntza enpresen arteko ezin konpontzeak ere oztopo handiak jartzen ditu berrikuntza proiektuak gauzatzeko. Etxejabe asko bertan bizi ez denez, mantenu lanetan diru gutxi inbertitzen du, eta etxebizitza hauekin espekulatzen saiatzen da. Bestalde, etxegileek ere merke erosi eta garesti saldu nahi dituzte etxebizitzak.
Aurretik aipatutako guztiari Udalak Alde Zaharra berritzeko erakutsi duen utzikeria gehituz gero, gaur egun Alde Zaharra aurkitzen den egoerarekin egiten dugu topo.
IRTENBIDEAK.
Arazo horri aurre egiteko, Alde Zahar erakargarri bat lortu behar dugu jendea bertara bizitzera etor dadin. Gure ustez, gaur egungo etxebizitzen egoeraren azterketa bat egin beharko litzateke berritze plana diseinatu ahal izateko. Zenbait kasutan etxe zaharra berritzea izango da aukera, baina beste batzuetan egokiena bota eta bere ordez etxe berriak eraikitzekoa; betiere Alde Zaharreko nortasuna mantenduz. Etxea erosteko modua ez dutenei laguntza eskaini ahal izateko, ahaztu ezin daitekeen beste aukera bat egokitutako etxebizitzen alokairu politika indartzea litzateke.
Erakartze politika horren baitan kaleak eta azpiegiturak gaur egungo beharretara egokitu egin beharko lirateke: gasa, zaborra, aparkalekuak eta abar. Bestetik, eguneroko bizitzan, kalean egin daitezkeen ekintzak indartzeko, parke, jolastoki, oinezkoentzako kaleak, erosketa gune erakargarria bihurtu, lurrazpiko aparkalekuak eraiki, edo eta bertan dauden kultur eta bilgune aretoak (Soreasu, Basazabal, Sindikatu Zaharra,...) martxan jarri beharko lirateke. Azken finean, etxeak betetzeko Alde Zaharra bizigune erosoa eta egokia bihurtu behar da.
BALIABIDEAK.
Hori aurrera eramateko, Udalak ditu baliabideak eta erantzukizuna. Euskal Herriko zenbait herritan udalek bultzatutako ekimenen berri badugu, horien artean Tolosa eta Bermeo izan daitezke erreferentzia baliagarriak. Udalak martxan jar ditzakeen mekanismo garrantzitsuenen artean bi aipatu:
-Egoera kaskarragatik botatzen diren etxeen ordez, babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzea. Era horretan etxebizitzen salneurria asko merketu eta gazteei lehen etxebizitza lortzeko aukera emango zaie.
-Berritzea merezi duen etxeen kasuan, berriz, laguntza hobeak lortzeko Alde Zaharra Errehabilitazio Integraleko Gune delakoan deklaratzeko eskakizuna egin beharko litzateke. Era horretan lor daitezkeen diru laguntzak bikoizteko aukera dago.
Herritarren kontzientziazio aldetik ere Alde Zaharrarekiko (berria ahaztu gabe) badaukagu zer ikasia; zaborrak ateratzeko jarritako orduak errespetatu, kaleetan lurrera edozer ez bota, ibilgailuak horretarako dauden tokietan bakarrik aparkatu, asteburuetako desmadrearen eraginez bazterrak puskatzeari utzi, bazter guztiak txixatoki ez daitezela izan, eta abar luze bat.
|