Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abuztua »  Iritziak »  Pako Aristi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Aberatsak eta pobreak

Pako Aristi

Saninazioak gainera etorri zaizkigu, baina ez dut nire herriko jaiak ez diren hauei buruzko artikulu kostunbristarik idatzi nahi. Egingo dituzte hainbatek. Nik gure gizarteari buruz esan nahi dut zerbait. Beti harritu izan nau ikaragarri ikusteak gure bizitza nola dagoen diruaren bueltan antolatuta; urteak aurrera doazen heinean, izutu ere egiten nau diruarekiko gure menpekotasunak. Derrotxe burugabe eta ero batean murgilduta bizi gara. Badirudi burua ez daukagula pentsatzeko, baizik eta inguruan ikusten duguna imitatzeko eta besteen astakeriak zorakeria handiagoekin hausteko.

Ez dakit nondik hasi: ezkontzetan dabilen gastatzea eta luxuarekin, beharbada. Oso tristea da: gaur egun ezkontzak famoso eta handikien ezkontzen imitazio bihurtu dira, horko auto deskapotable, lore jartze, alfonbra gorri, tenore, soprano eta abar, eta gainera gero ezkonbidaia, ahal den urrunena, eta zer, eta hotel batean sartuta egoteko, bizpahiru eskurtsio eginez, paradisu artifizial batean. Gizonezkoak korbataz denak, eta emakumeak Oscar sarietara balihoaz bezala... patetikoa iruditzen zait.

Komunio eta bataioak ere antzeko bilakatu dira: gaur inork ez du 25 lagun baino gutxiagoko bazkaririk egiten, ahal den lekurik dotoreenean. Olentzerotako opariak, etxean ditugun tresna elektrikoak, gure hozkailuak nola dauden ikustea, zer nahi huraxe daukagu eta zer nahi huraxe ematen zaie haurrei, eta nik uste haur-belaunaldi erabat tonto, kapritxoso, amorragarri eta aspergarria ari garela sortzen. Aberastasun materialak ito ditu haiengan, hain gazte direla, imajinazioa, sentiberatasuna, errespetoa, eskuzabaltasuna, eta hori krimen ikaragarria da. Gaur haurrak aspertu egiten dira; ni ez nintzen sekula aspertzen, eta nire garaian ez zen aspertzen zen haurrik. Gure gurasoek ere ezetz diote beraien garaian.

Dirua irabaztea da gure gizartean ondoen ikusita dagoen gauza. Diruak ez dio inori eskurik erretzen. Diruagatik sakrifikatzen ditugu bizitzako gauza eder asko; ordu extrak sartzeagatik geratzen gara lagunartean egon gabe, patxadarik gabe, geure zaletasunak aurrera ateratzeko denborarik gabe.

Ederki funtzionatzen duten trasteak etxetik botatzen ditugu, modan dauden berriak erosteko. Dirua da helburu nagusia gure bizitzan: nola gehiago irabazi, nola gutxiago gastatu, nola aurreratu, eta badaezpaba loteria erosi. Hemen diruaren aurka (eta dirudunen aurka) zerbait esatea Jainkoa ostiatzea bezala da. Tristeena da sistema kapitalista honi zein ondo moldatu zaion kristautasuna, gure gizartearen oinarrian dagoen erlijioa. Tipo pobre batek, inoiz ez etxerik erosi eta ez dirurik irabazi ez zuen batek sortutako erlijioa, tipo bohemio batek, ezagunen etxeetan lo egin eta ezagunek ematen ziotena jaten zuenak. Eta aberatsen aurka latzak esan zituena; zein urrun joan diren haren ondorengoak. Gaur aberatsak dira mezetara hutsik gabe joaten direnak, herrian fededunik sutsuenak bezala agertzen direnak, aberatsak dira apaizek gehien errespetatzen dituztenak, aberatsak... Jesusek bere ondoan onartu ere egingo ez lituzkeenak!

Zer egin dirurik pilatzen ez duena frakasatutzat daukan gizarte honekin? Hemen oraindik zerbait latza gertatuko da, mundua goseak hiltzen, gerrekin odolusten, hondatzen eta miseriak jaten ari den bitartean guk gure neurrigabeko eta burugabeko kontsumismoarekin jarraitzen badugu. Goizeko ogia lehorra egoten omen da, orain arratsaldekoa ere erosten dugu. Ondo al gaude burutik?

Bizitzeko era ezberdinak ezagutu, onartu eta errespetatu behar genituzke. Gure gizarte hau ez da humanoa, ezta albistegien au-rreko samin hipokrita guztiekin ere.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak