Zenbat buru, hainbat aburu
: akullue
Festak, une eta usain desberdinak
Leire Ostolaza
Txurro eta almendra garrapinatu usaina Hartzubi aldean eta Anbulategira hurbiltzen goazen heinean tiobiboen soinua, eguerdiko beroenean, si-esta izorratu nahian. Lixiba usaina darie tabernei lehen festa eguna eta gero, haurrentzako jolasak plazan, txaranga kalean eta zezenak ere prestatu dituzte umiliazio eta heriotzarako. Ilunabar aldera tabernak bizitzen, usain asko nahasten dira airean, kaleak betetzen hasi dira .
Zerua pirotekniak hartu duenean gure buruak zeruetara doaz gau baterako eta tabernaz taberna zurrunbilo batean nahastuko gara, lehen printzek abisu eman artean. Beste batzuek urrutietako orkestraren doinuak edo abesbatzak entzunez pasatuko dute tarte bat, eta derrigorreko pare bat trago hartuta etxera, haurrak oheratzera.
Txosnetan aurkituko dugu musika desberdina, sabai irekia eta talde desberdinei diru pixka bat uzteko aukera. Argia mozten duten arte giro ona izango da.
Goizean okindegian bi aurpegik topo egingo dute: aurpegi garbitu berriak eta garbitu premia duenak. Guztiok ere gure aurpegi onena ibiliko dugu festetan, baina ez ditzagun ahantzi etorri ezin direnen aurpegi tristeak.
|