Zenbat buru, hainbat aburu
: gutunek
Bidegorria noizko? Edo inoiz ez?
Igor Larrañaga
Uda gerturatzen denarekin ba-tera, autoa alde batera utziz, oinez edo bizikletaz ibili ohi naiz herrian zehar, baita lanera joateko ere. Baina, egunero bizia jokatzen ibiltzea ere ez da samurra. Egia esan, Azpeitia ez da batere erosoa bizikletaz ibiltzeko; lanerako joan-etorrian, ordu puntuak dira, auto guztiak harat honat dabiltzan ordua. Hala, bizikleta da etxera bazkaltzera joateko modurik azkarrena. Ez, ordea, seguruena, autoak presaka ibiltzen baitira. Horrela lanerako ibilbidean. Baina herrian bertan ere bizikletaz ibiltzeko aukera urria da. Etxetik bizikletaz irten eta tabernaren batean lagunen batekin tragotxo bat hartzekotan gelditu, eta betiko galdera: gaur ere taberna atarian utzi behar al dut bizikleta? Beti bide bazterrean bizikleta utzi beharra ere...
Zergatik ez dituzte jartzen autoentzako eta motoentzako, bezalaxe, bizikletak aparkatzeko lekuak herrian zehar, auzoetan eta alde zaharrean? Bizikletak uzteko toki bakar batzuekin nahikoa litzateke eta ez dute horrenbeste leku hartzen. Herrian horrelako leku bakar bat
ezagutzen dut: Zapo Txoko Gaztegunea.
Bestetik, aparkatzeko lekua gauza bat da, baina bizikletaz ibiltzeko bide batzuk, bidegorriak, egitea ere ez legoke batere gaizki. Azkoitian, honetan aurrea hartu digute eta Txerloi futbol zelaiaren inguruan —ibilbide luzekoa ez bada ere— bidegorria egin dute. Azpeitian noizko? Edo inoiz ez?
|