Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
jaurlaritzaren Etxebizitza Zerbitzua
Etxebide
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Etxebide, Etxebizitza Euskal Zerbitzua du martxan. Informazioa telefono bat ere badu: 012 telefono zenbakia. Telefono horretan, etxebizitza gaietan interesa duen edonork informazioa, aholkularitza eta laguntza jasotzeko aukera izango du eta, era berean, etxebizitza eskuratzeko eskariak edota hura erosi (babes ofizialeko etxebezitzak), birgaitu (bai etxebizitzaren estruktura kanpotik edota etxebizitza barrukoak) edo alokatzeko (gero alokairuan jarriko den etxebizitza bat erosteko laguntza edota etxebizitza bat jabetzan izan eta alokairuan jartzekoa) laguntzak lortzekoak bideratu ahal izango ditu.
Etxebiden izena emateko bete behar diren ezaugarriak honokoak dira: azkeneko urtebetean Euskal Autonomi Erkidegoko herriren batean erroldatua egotea, bere izenean beste etxebizitzarik ez izatea eta azken hamar urteetan etxebizitza erosteko laguntzarik jaso ez izana. Izena Kutxako bulegoren batean edota Donostian Andia kalea 13. zenbakian, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren bulegoan eman daiteke. Horietako lekuren batean, eskaera orria beteta, Nortasun Agiriaren kopia, 2001eko zerga aitorpenaren kopia eta errolda agiria entregatu beharko dira.
ETXEBIZITZA ESKURATZEKO.
Etxebiden izena eman eta babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko, lehenengo kontua erroldatuta dagoen herrian Etxebide bidez merkaturatuko diren etxebizitzak atera behar dira. Adibidez, lehenengo Azpeitian etxebizitzak egitekoak izan behar dira, babes ofizialekoak eta Etxebideren bidez aterako direnak merkatura. Kasu horretan, zuzenean eta ezaugarriak betetzen badira etxe horien zozketan sartuko da azpeitiar hori. Azpeitian, etxebizitzarik ez bada irtetzen eta inguruko herriren batean zozketa egin eta soberan izango balira etxebizitza batzuk, haien zozketan sartuko da azpeitiarra. Baina kasu hori ez da inoiz gertatzen, orokorrean etxebizitzak bete egiten baitira.
Etxebideren bidez alokairuan etxebizitza bat hartzeko gutxieneko urteko soldata 3.000,06 eurokoa (500.000 pezeta) eta gehieneko soldata 15.025,30 eurokoa (2.500.000 pezeta) da. Eta etxebizitza erosteko, berriz, gutxieneko soldata 9.015,18 eurokoa (1.500.000 pezeta) eta gehienekoa 33.055,67 eurokoa (5.500.000 pezeta) da.
Bestetik, giza talde batzuek lehentasuna dute etxebizitzak eskuratzeko; hala nola, ezintasunak dituzten pertsonek, guraso bakarreko familiek eta 35 urtetik beherako gazteek.
Etxebiden 377.159 gipuzkoarrek eskatu dute informazioa, eta izena emanda, berriz, 30.853 gipuzkoar daude. Zarautz-Azpeitia jardun eremuan Etxebiden eskaera egin dutenak 2.395 biztanle izan dira 2002ko ekainaren 30a artean.
|